Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Neguko zirkua

Cano, HarkaitzSusa, 2005 Ipuina

Aurkezpena

  Hemeretzi kontakizunek egiten dute Neguko zirkua zirraragarri. Asmoz eta jantziz denak ezberdin, hari fin batez sareztatu ditu liburuan Harkaitz Canok, ustekabeko gertaera, jauzi eta keinuekin.

Pasartea

Raymond Carver Bilboko errebaletara heltzen

 

  Goiz hartan, esnatu zenean, Raymond Carver zela ohartu zen, ez zela sekula gehiago Ricardo Goitia izango. Halakorik gertatzen zitzaion lehen aldia zen arren, ez zuen aldaketak ustekabean harrapatu, aspalditik baitzetozkion hasiera batean estonagarri zitzaizkion zeinu haiek: bere burua gaueko ordu txikietan idazmakina baten eta orrialde zuri baten aurrean aurkitzea adibidez, paradero hari buruzko inolako azalpen arrazoizkorik emateko ezgai. Etxeko zabor poltsatan ardo botila hutsak topatzea izan zen hurrena, berak kontzienteki inolaz ere halakorik edan ez zuenean. Esanguratsuak ziren, bestalde, botikineko sendagai haiek guztiak, ez Ricardo osasuntsuarentzat baizik eta Raymond Carverrek zuen minbiziarentzat behar zutenak.

  Eta goiz hartan sentimendu osatua, azkenik: Carverren liburu bat hartu eta lerro bakoitza buruz zekieneko konbikzio sendo eta garaiezina. Beharko buruz jakin. Bera zen eta lerro haien egile! Bera zen Raymond Carver! Lasaigarria ere bazen neurri batean, metamorfosi luze baten amaiera. Nerabezaro atzendu baten amaiera. Egunkariko albisteak ez zuen batere harritu, honenbestez: «Carver poeta eta narratzaile handia hil da Port Angelesko bere etxean». Jada bazekienaren baieztapena zen; bere senaren adierazpen hura ez zen irudimen sukartsu baten fruitu. Joera hura bere kolkorako gordetzea erabaki zuen, hala ere. Nork sinetsiko zion? Eta, gainera, sinetsita ere, nor arraiok zuen bere ezagun eta senitartekoen artean Raymond Carverren berri? Inortxok ere ez. Ezta arrastorik ttikiena ere. Munduko gauzarik naturalena legez onartu zuen beraz bere nortasun berria, eta inolako traumarik gabe, inori ez aitortzea erabaki zuen.

  Etxeak margotzen lan egin baino, nahiago zuen idazle amerikar baten larruan bizi, hau minbiziak jota egonagatik.

  Halaxe abiatu zen Raymond Carver A Coruñako aireporturantz. Urtean behin behintzat, gurasoei gutizia betetzeagatik. Denak elkartu eta denak elkarrekin afaldu. Liskarrik gabe. Eztabaidarik gabe. Aspaldiko gertakizun mingarri haiek oroitu beharrik gabe, ahal izatera.

  Ia ahaztu zen opariaz. Eskerrak aireportuetan gero eta litxarreria gehiago saltzen duten. Bihotz itxurako askotariko gauzak edukitzen zituzten denda batean aritu zen, zer ingura: bihotz itxurako poltsa beroak, bihotz itxurako kojinak, bihotz itxurako garunak (!), bihotz itxurako edozer. Bihotz formako izotz koxkorrak egiten zituen plastikozko kubitera hautatu zuen, gehiegi pentsatu gabe. Salneurriaren eranskailua kendu eta bitan tolestu zuen paperezko poltsa. Taxi bat hartu zuen. Birritan esan behar izan zion taxistari gurasoen etxeko helbidea. Ez zuen, halere, taxilariak kalea berehalakoan aurkitu. «Ez nago ohituta hiriaren alde honetan», zuritu zuen gidariak bere ezjakintasuna. «Ni ere ez», Raymond Carverrek, bere artean.       

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera