Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Pasartea

1

 

        «Hamabost urte, ile kizkurra gaztain kolorekoa, alkandora gorria eta galtza urdinak zeramatzan. Bi egunez falta da etxetik. Neska honen berri dakien edonork telefono honetara dei egin dezala: 45-89-65. Berriz diot: lau, bost, zortzi, bederatzi, sei, bost edo edozein komisaldegitan jakin arazi dezala».

        Berebil txikiaren gidariak irratia itzali egin zuen. Begietara so egin zidan. Goitik beherako begirada azkar bat. Eskua luzatu zuen. Eskerrak atea irekirik neramala.

        Irrati madarikatu harek izorratzen ninduen. Bestalde, Bilbora iritxi nintzen. Asperturik nengoen, adorerik gabe. Bilboko etxe grisek nekatu egiten ninduten. Ibaiak nazka ematen zidan; hain zegoen zikina. Hiria erditik zeharkatzen du. Horretaz jabetuko balitz bezala, harro-harro, geldo-geldo, han zihoan. Nere anaiatxoaren ore lodia zirudien ibai harek.

        Nigar malko bat erori zitzaidan ur zikin hartara. Aitorren aurpegia ikusten nuen ur loditan. Eskuaz begiak igurtzi nituen eta handik hanka egin nuen. Bilbo ezezaguna zitzaidan. Mungiako osaben etxera bizpahiru aldiz joana nintzen egun haietan ezagutu nuen apur bat. Ez nekien ordea non nengoen. Semaforoa gorri zegoen. Lasterka ari nintzen. Ustekabean, norbait ipini zitzaidan mutur aurrean. Estropu egin genuen batak bestea lurrera jaurtikiaz. Ni hankazgora erori nintzen. Sudur-sapaian min izugarria sentitzen nuen. Bidai-zorroa hamar pauso haruntzago zegoen, espaloi erdian.

        Burua jaso nuen, eskuin eskuaz zauria estaltzen nuelarik. Lurrean eserita zegoen. Eskuak lepahezur atzekaldean zituen. Liburuak edonon. Gure begiradak gurutzatu egin ziren. Barkatu esan nuela uste dut.

        Bi egunen buruan nire begiek jasan zituzten nigar-zotinak une hartan bertan irten zitzaizkidan. Espaloi zikinaren azala, neguko hotz garratzaren mina nabaritzen nituen gorputzean. Sudurretik odola zeridala lurra zikintzen nuen. Hurbildu zitzaidan eta maisuki makurtu zen. Gizonezkoen musuzapi garbi bat eskaini zidan, «Mira hartu al duzu?» galdetu zidan bitartean.

        —Ez, mila esker.

        Zotinak baretu egin ziren eta atseden gozo batek estali ninduen. Burua altxatu nuen berriro ere. Lehenengo aldian bere begiak bakarrik begiztatu nituen. Orain ordea, aurrean nuena. Begietara so egin nion. Bekain beltz iletsuen azpitik biziki begiratzen ninduen. Atsegina zuen ahotsa, eztia. Baita bere aurpegi beltzarana ere. Nire adina izango zuela pentsatu nuen.

        Irrifar bat eskaini zidan nik gauza bera egiten nuen bitartean. Zorroaren bila joan zen, bide batez bere liburuak jasotzen zituela.

 

 

2

 

        —Nora zoaz? —galdetu zidan.

        Ez nekien zer erantzun. Bilbon igaro nahi nuen zenbait aste.

        —Ez dakit, hemen ari nintzen... Ez naiz Bilbokoa eta galdurik nabil.

        —Andoni nauzu. Ez dut zeregin haundirik gaur arratsaldean... Ba al duzu taferna batetara joateko astirik?

        Bat bateko proposizio honek txunditurik utzi ninduen.

        —Gustora joango nintzateke, baina...

        Nire baitan, taferna horretara joateko irrikitan nengoen. Bestalde, lehen aldia izango zen mutil baten ondoan taferna batetara sartzeko aukera nuela. Ezezaguna zitzaidan ordea mutil hura.

        —Bai orduan. Hemendik bi etxasailetara dagoen batetara joango garela uste dut. Atzerritarra zarela esan didazu, ez?

        —Beno, bai, baina ez urrutikoa. Donostiarra naiz.       

        Pauso azkarrez abiatu ginen. Ondoan nuen mutil harek nolabaiteko ziurtasuna eskaintzen zidan. Gure elkarrizketa, arrunta zen. «Zerk ekarri zaitu Bilbora?» Galdera iritxi arte behintzat, hala iruditu zitzaidan. Gorritu egin nintzen. Nire baitan mila irtenbide prestatuak nituen une trabakor haietan erantzuteko. Burumuina hutsik, zuri-zuri eginda geratu zitzaidan ordea. Ezinezkoa zen gazte hari gezurrik esatea; zerbait berezia zuen harek.

        Erantzunik ematen ez nuela ikusita, bigarrenez bota zuen galdera. Nahi gabe irten zitzaidan:

        —Historia luzea da; ezin diezazuket bat batean, horrela esplikatu... Momentuz horrela uztea hobe...

        Gorroto bizia nien halako erantzunei. Pertsona misteriotsu bezala geratzeagaik antzezten ziren jarrera haiek ez zitzaizkidan laket: gauzak garbi behar nituen nik. Hariari lotu eta kito.

 

 

Atzera