Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Ni, Vera

Martin Zapirain, ItxasoElkar, 2012 Nobela

Aurkezpena

Erotzeko zorian sentitzen da Martina, zer gertatzen zaion ez dakiela. Nahiz eta mutilak lagundu, nahiz eta —ahalegin handi bat eginda— psikologoarengana joan, amildegiaren ertzetik gero eta gertuago dago, eta zuloak bertara erakartzen duela nabari du.

Norbere nortasunaren erraietan barneratzen ausartu da Itxaso Martin Zapirain bere lehen eleberri honetan, pertsonaiaren tolesetan arakatuz eta denok ditugun alderdi ilunetan murgilduz; horrela onartu ahalko du azkenean bere burua, eta argitu familiako sekretu ezkutua.

 

Pasartea

LEHENENGO TRANTZEA: BELDURRA

 

Ez dakizu idazten ari zaren horrek zentzurik izango ote duen. Dardarizoak ordenadoreko teklak bete-betean zanpatzea eragozten dizu.

Dar-dar-dar...

Jarri duzu: ez dut burutik pasatzen zaidan gauza oro idatzi nahi burutik pasatzen ez zaidana baizik... nire arnasa idatzi nahi dut.

Beldurtuta zaude eta idazteak eramango zaituen tokiaren izu zara. Mila besodun eta bi hanka indartsudun munstro bat aurkitu nahiko zenuke bidearen amaieran, labirintoaren erdi-erdian. Nahiko zenuke. Hala balitz, gaitz erdi. Borroka sutsuan egin beharko zenioke aurre; edo baketsuki harekin hitz eginez hitzarmena egin. Baina, izango zenuke etsaiaren berri.

Parez pare.

Aurpegiz aurpegi. Dueluan.

Badakizu borroka horretan bakar batek irabazi dezakeela. Baina irabazlea bat edo beste izan, bakea zuretzat. Zu garaile.

 

Martina, beldurrak arima irensten dizunean, gorputza jaten dizunean, idatzi, idatzi eta horrek lasaituko zaitu. Jota ikusi zaituen lagun batek esan dizu hori. Eta hementxe nago... salako mahaian... ordenadorearen pantailaren aurrean... honek albait arinen on egingo didan itxaropenez.

Zure sendagaia izan daitekeenari aukera bat emateko prest eseri zara gaur ordenadorearen aurrean. Munstro begi-erraldoia. Munstro likatsua. Beltza. Izugarri handia. Haurtzaroko fantasietakoa, amesgaiztoetakoa. Ezer ez aurkitzea litzateke okerrena, ezerezak beldurtzen baitzaitu munstroak baino gehiago. Nori sartu haren aurka borrokatzeko gordeta daukazun ezpata?

Nor hil?

Zer hil?

Ez... ezereza ez dut nahi... sentimenduen ezereza... pentsamenduen ezereza... emozioen ezereza... minaren ezereza... astuna da ezerezaren pisua.

Ez duzu horrelako kargarik gainean eraman nahi.

 

Bihotza min emateraino dabilkizu saltoka bularrean. Biriken kontra egiten du talka biolentoki. Pun-pun... pun-pun... pun-pun. Bi hots, bi zarata. Bai, ez, bai, ez, bai, ez. Ez du gura bezala mugitzeko nahikoa toki eta horrek haserrearazi egiten du.

Zure arnasestua ere geroz eta basatiagoa da, bihotzarekin lehian dabil, norgehiagokan.

Bata orain.

Bestea gero.

Bata orain.

Bestea gero.

Bata sendo.

Bestea indartsuago.

 

Atzera egin behar duzu hau eragiten hasi zitzaizun egunaz gogoratzeko. Hiruzpalau hilabete atzera. Ez dakizu zehatz zenbat. Ez lehan bisita egin zizun egunaz oroitzen ez zarelako (hori zizelarekin grabatua duzu burmuinean), zein egunetan bizi zaren ez dakizulako baizik.

Hiruzpalau hilabete atzera.

Hiruzpalau hilabete horrela.

Ez da asko. Baina asko da, ikuspuntuaren arabera.

Poztasunerako gutxi, minerako asko.

Onerako gutxi, txarrerako asko.

Zoriontasunerako gutxi, zoritxarrerako gehiegi.

Hau estomagoan hasten da. Beti. Zure gorputzaren erdigunea du lehan ezkutalekua. Hutsune handia sentitzen hasten zara. Zulo bat. Borobila. Edo karratua.

Zulo bat.

Hutsunea.

Inbadituta sentitzen duzun puntu horretara bideratzen dituzu zentzumen guztiak eta berehala ohartzen da atzetik zabiltzala, harrapatu egin nahi duzula. Eztarrira igotzen da salto batez. Eta zu segika, gora baita ere, lepo aldera.

 

Milioika zati txikitan lehertuko zarela pentsatzen duzu batzuetan. Gezurra, ia egunero. Lasaituko zaituen heldulekurik aurkitu ez eta gorputzaren muga fisikoak gaindituta, eztanda egingo duzula iruditzen zaizu. Blaaassstt!

...baina ez zara inoiz lehertu, ez zara inoiz puntu horretaraino iritsi; batzuetan ezinegona baretzeko bederen horrelako zerbait gertatzea desiratzen dut... indarrez... milioka zatitxotan lehertu... apur txiki-txikietan... ikusezinak diren partikuletan. Zure arrastorik utziko ez duten froga antzemanezinetan.

 

Etor daitekeenari begira egon gabe unean unekoa bizi nahi dut. Iragana basoa da, basamortua etorkizuna, baina oraina ezereza. Ez bata, ez bestea. Etorkizunetik iraganera igarotzen den momentua.

Hau.

Eta hau.

Baita hau ere... baina joan da.

Eta orain hau.

Eta hau...

Orainaz kontziente egiten garenerako ihes egiten digu, Martina. ...baina orainean sentitzen dut nik mina... gorputz guztia zeharkatzen didaten milisegundo horietan guztietan... honetan? eta honetan? baita oraingo honetan ere.

Itsasoak bakarrik lasaitzen zaitu orainaren iheskortasunak arduratuta zauzkanean. Olatu bat bestearen atzetik, jarraikortasun infinituan ikusteak, horrek baretzen zaizu. Etengabeko mugimendu errepikakorrak orainaren une mikroskopiko ia antzemanezina luzatzen duela dirudi.

...olatu bat...

bi olatu...

hirugarrena

lau olatu...

bosgarrena...

Baina nork eramango zaitu itsasoa ikustera?

 

Zure arnasaren burrunba. Kanpotik da entzungarri. Barrutik, jasanezin. Teklatua utzi duzu eta belarriak eskuekin estali. Ahoa zabalduz eztarritik jaisten eta igotzen zaizun aireari ahalik eta oztopo gutxien jarri nahi diozu. Hutsala, itxita duzu pasabidea. Alde bietako haragi bigun lehorrek elkar ukitzen dute. Ez dago tantarik txikienarentzako zirrikiturik.

Itotzera noa... ezin dut arnasa harto... zorabiatzen ari naiz... aulkitik lurrera eroriko naiz... itotzera noa...

 

Atzera