Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Nire tesoroa

Garmendia, RomanErroteta, 2006 Saiakera

Aurkezpena

  Liburu honetan autorea ahalegintzen da bere fede katolikoa harriaren gainean eraikitzen. Bihotzaz hitz egiten dute humanoek maitasun planta engainagarriak egiten, droga bat balitz bezala, baina humanoen bihotzean nola konprobatu egia?, intelijible eginez, eta beraz, horretarako egiazki fedea oinarritu nahi baldin bada, intelektoaren lanaren modukorik ez dago. Haren bitartez autoreak arrazoitzen du bere fedea, ahal duen neurrian, eta ondorio erlazio sinple batzuen inguruan lan egiten du, seinalatzen diotenak duen fede apur hori ez dela falazia baten amets hutsa.       

  Eta guztia abarkatzen duen historia orokorraren baitan gertatutako errevelazioaren historian deskribatzen diren mirarien definizio bat osatzen du, zeinaren bitartez, analisis logikoa lagun, badaitekeen ondorioztatu Jainkoaren misterio santuaren esistentzia. Eta demostrazio hori da liburuaren funtsa, izanik osteangoa demostrazio horren aurretik egin beharreko prestakuntza bat.

 

Hitzaurrea

HITZAURREA

 

  Nire lehen liburuan jada banuen nolabait, oso modu ilunean bazen ere, oraingoan argiago, espero dut, aditzera ematen dudana. Eta liburu hartan materialismo huts batetik deduzitzen nuen halako faro bezalako bat, zeina baita ezagutza universala, Kant-ek definitzen duen moduan, hau da, ezagutza bat a prioristikoa. Eta halako faroak argitzen du gure bidea baina sekula ez gara iristen helmugara, faro horrek seinalatzen duen portu definitivora. Misterio zaigun teorizazio hutsa besterik ez baita.

  Eszeptizismoa, grekeraz, ikerzaletasuna da, zientifismoa beste barik, materialista huts batek duen filosofia etsia. Eta nik ilunpe horietan barna teorizatzen nuen. Azken ondorioetaraino ere (ilunpea izarratua ageri zen arren bertan). Baina Kant-en kontrara nik jada liburu ilun hartan banuen argi izpi bat begitantzen. Izan ere soilik ezagutza a prioristiko batetik egiten ahal dira historia sakratuan ezaugarri gisa definitzen diren mirariak. Eta kontuan harturik historia sakratuaren idazleei kostatu egiten zaiela testimonio faltsurik egitea, bereziki historiatzaile haiei kosta egiten zaie gezurretan aritzea, nik aintzakotzat hartzen nituen testimonio haiek, eta hortik faroa jada teorizazio inpekable hutsa baino zerbait gehiago izan zitekeen. Eta arrazoibide hark seinalatzen zidan fedea. Fede bat zeinak faro hura egiazko portu definitivo batean sinestera ekartzen ninduen.

  Historia da, duda barik, zientzietan konpletuena. Eta halako joera badago ere historia universala deritzan hori historia sakratutik bereizteko, nik alderantziz egiten dut. Historia sakratua idatzi zutenek gezurretan aritzea bekatu handitzat zuten, eta historia «laikoa» egiten dutenek, aldiz, gezurretan aritzea ez dute hain larritzat hartzen. Askok komenigarria ere dela diote batere lotsarik gabe. Eta gauzak horrela, nola bereiztuko dut historia materiala historia sakratutik?, historia sakratua, zeina historia materialaren bihotzean ere dagoen?. Sakratua da errevelazioaren historia kontatzen delako hor, baina errevelazioaren historia historia materialaren barruan gertatu da, halako data eta une konkretuetan. Eta hor nik historia osoa dut ikergai, eta historia osoari begiratzen diot, errevelazioa ere aintzat hartuz, batez ere.

  Eta historia osoa dudanez ikergai jada chamanetan antzematen den joera bat aurkitzen dut: judizio sintetikoak a priori egiteko gaitasuna bilatzea.

  Judizio sintetiko a priori bat zer den erraz ulertzen ahal da adibide batekin. Triangelu bat hartuz gero ohartzen gara ezen bere barruko angeluen sumak bi rekto egiten dituela. Eta egiaztapen hori, egiaztapen partikular hori, universal bihurtzen ahal da. Hau da, edozein triangelutan gertatzen da hori. Eta beraz, a priori afirmatzen ahal dut ezen presentatzen didaten edozein triangeluk propietate hori duela. Hori izango litzateke, objektu parmenideo pitagoriko batean, judizio sintetiko a priori bat, sinpleenetakoa, bai, baina nik hor ezagutza a prioristikoa ikasten dut. Ni nago ezen Ejipton jada bazegoela hori, modu arkaikoan, teorizatua.

  Baina objektua materiazkoa delarik jada ezinezkoa da judizio sintetikorik a priori egitea. Indukzioaren bitartez, zeina baita metodo zientifikoaren hastea, sekula ez da iristen ezagutza universalera, ezagutza a prioristikora. Eta Kant-ek argi utzi zuen hori, bere iritziz zerratu egiten zuela horrela filosofiabide oro transzendentziara. Alderantziz egin bazuen ere.

  Kant, baina, ez zen ohartu historia materialean, osorik hartuta, errevelazioaren historia barne, beraz, badirela gertatzen halako judizio sintetikoak a priori. Eskrituretako ezaugarriak dira, mirariak ere horrela definituak izan daitezke. Eta apostoluek, hasiera hasieratik, argi utzi zuten ez direla magia edo zientzia kontua. Argi dago, testimonioei kasu eginez gero, divinitatearen esistentzia erreala seinalatzen digutela. Misterio baten frogatzat hartuak izaten ahal dira, eta nola ezagutza universala privaziogabea den, privazioa baldin bada gaizkiaren kausa orokorra, orduan misterio hori, ezagutzezko misterio hori, ez da nolanahikoa, eta bai misterio santua.

  Eta errevelazioari kasu eginez gero ez da zaila ohartzea zertan ari garen kosmos honetan. Ongiaren eta gaizkiaren zientzia ikasten ari gara. Ateo huts batek, materialista huts batek, onartzen dit ezen zenbat eta egiazkoagoa maneiatzen duen zientzia eta orduan erabaki zuzenagoak hartzen ahal dituela. Baina materialista batek maneiatzen duen zientzia mugatua da beti, evoluzionagarria delako da gainera mugatua zeren beti baitagoke evoluzio intelektualean une hoberik, eta horregatik halakoak onartu egiten dit ezen azken finean galdua dela. Nik ere fededun honek, haren moduan zientzia mugatu bat dut, baina faroa, ateoarekin teorizatu dudan faroa, ez dut teorizazio huts bat bezala ikasten, eta bai, historia osoari begiratu bat bota ostean, egiazko portu inefable bat seinalatzen didan faro bezala ikasi dut.

  Eta nire arrazoibideak, nik egin ditudan ondorio erlazioek, nire argumentazioek fedea seinalatzen didate printzipio gidaritzat. Eta horretan soilik naiz ezberdin ateo batekin. Beste guztia amankomunean dugu eta.

  Filosofo fededunak tomismoa aktualizatzen ahal du. Fedegabea materialismo huts batean geratzen da bitartean, zientifismo huts batean. Nonbait trabatua geratzen da, hizketa aristotelikoan kausa materiala bezala ezagutzen den hortan.

  Baina fededunak, eta ateoak horraino segitzen ahal du, mundu honetakoa ez den misterio santu bat teorizatua du. Zeren ezagutza a prioristikoa ezinezkoa baita izan mundu material honetan, eta historian zehar gertatu diren ezaugarriek halako ezagutza seinalatzen dute. Beraz, faroa teorizazio huts gertatzen zaio fedegabeari, teorizazio inpekablea ere, baina ez du inon mundu material honetan ikusten. Eta fededunak ere ez du ikusten mundu material honetan, baina galdetzen ahal dio ateoari ea posible den bere jarrera atxikitzea kontuan hartuz gero historia osoa (historia sakratua aintzakotzat hartzeko modukoa baita, eta ez ez aintzakotzat beste barik, zeren egiazkotasun aztarna handiagoak baitaude historia sakratuan, errevelazioaren historian, historia profanoan baino, zeren errevelazioaren historia kontatu dutenek gezurra esatea gaitz handitzat baizuten eta ekidin egiten zuten halako bekatu larria, profanoek ez bezala). Eta kontuan hartuz gero historia osoa ezinezkoa da ateotasunari atxiki. Nik gehiago diot, ezinezkoa da agnostiko ere izan. Eta bai fededun. Fedea eskasa bada ere. Bistan ez baitago faroa, bistan dagoenez. Intelijiblea da. Hori bai.

 

  Euskarari dagokionez argi nahi dut gera dadila euskara batua dela. Baina euskal arrotz hitzen ortografian (batez ere hitz zientifikoak direnak, oro har) nik proposatzen dut errespetatzea hizkuntza arrotz horietan dauden moduan, behintzat sustantzialena, eta horrela idatzi ditut. Aranismoa, nago, ez da oraindik erabat desagertu, eta ilundu egiten du, eta trabatu, euskara garbiaren garapena, zeina aberastua baita arrotz hitz horiekin, bere lexikoa garbitu egiten delarik besteen kontaktuarekin. Zeren euskal arrotz hitzak baitira, euskal-euskaldunak. Eta euskara garbia baldin bada intelijible dena, hori da nire helburua, intelijibletasunean aurrera egin. Eta formulak badaude nire proposamen hau onartua izan dadin, proposatzen ditudan hitzen grafiak ikus daitezen, hitz horiek parentesien artean jartzen ahal dira, edo kursibetan, hor ikas dadila zertan den nire proposamena. Izan dadila liburu hau proposamen lexiko ortografiko horren erakusle. Ez baitut beste biderik aurkitzen proposatutakoa defendatzeko legearen barruan. Eta izan dadila denon hoberako, eta euskara beraren aurrerapenerako.

 

  Hasieran gaia zerbait astuna bada ere profanoarentzat, batez ere ohiturarik ez badu, gero arintzen joaten da esposizioa, eta testua irakurriaren irakurriaz arintzen ahal zaio bertan atentzioa ipintzen duenari, nire ondorio erlazioak aditzeraino ere. Eta hori da nire helburua, konprenitua izatea dudan teoria.

  Hasierako artikuluan, eta beste batzuetan, baliteke astunegia suertatzea irakurleari, ezagutzaren teorian baitihardut bete-betean. Baina badaiteke horiek saltatzea eta artikulu arinagoak aukeratzea, eta horietan ere badago nire teorizazioaren muina adierazia.

  Azken batean nik ez dut bilatzen diskurtso erretorikoa, diskurtso eder bat, irakurlea sorgindua uzten duen horietakoa, ahaztuz egiazkoa den ala ez, nik diskurtso egiazkoa bilatzen dut, eta hor buru hauste ekidin ezinak agertzea.

  Gero egia ere bada ezen doktoentzat idatzia dagoela, eta kristau xume batek mezan lekturak adituz gero ondorioztatzen duena sinpleki nik ondorioztatzen dudala aparato filosofiko konplikatu baten bitartez, zeina askotan nahasgarria ere izaten baita, jakina den moduan. Baina Jainkoak doktoak ere sortu ditu. Ea tan hau halakoentzat substantziaduna den. Prestijioa dutenentzat.

 

Pasartea

1.- PSIKOLOGIA ARISTOTELIKOAREN ESTUDIOA

 

  1-a.- Halako lore ezinago ederra hazteko behar zen lurra ikertuko dut. Sokrates, Platon, Aristoteles. Zer zuten filosofo hauek besteek eduki ez dutena? Zergatik daude filosofiaren mendiburuan? Piska bat deskribatzen badugu zer nolako zirkunstantzietan burutu zuten euren lana gauza batez ohartuko gara: Sokrates plaza publikoan jendearekin ibiltzen zen berbetan, eta gero ikasleak egin zituen eta Platon ere zegoen bere ikasleen artean. Taldean ibiltzen ziren egiaren bila, lagunen taldean, Platonek hain maisuki deskribatzen duen moduan bere dialogoetan. Esaten da Platon bera ere bazela oso pitagorikoa eta Pitagorasek garrantzi handia ematen zion adiskidetasunari. Hor dago, nire iritziz, filosofo handi hauen sekretua, zeinak argitzen baitu zergatik diren sanoenak eta baita egiazkoenak ere, batez ere Aristoteles. Eta lagun artean asmatu zen pentsaketa zientifiko, egiazko, ororen propedeutika: logikaren artea deritzana. Pertsona bakar batek ezin du hain maisukiro gezurrezko argumentubideak errefutatzeko moduak ikertu, hori soilik talde lanean ikasten da, eta hori zen Akademian lehen, eta gero Liceoan, egiten zena. Aristotelesen obra logikoa irakurtzea besterik ez dago ohartzeko talde lan baten ondorioa dela, eta ez pertsona bakar baten asmakuntza. Eta helburua egiaren bilatzea, ongi finkatutako helburu argia.

 

  1-b.- Beraz Atenasen figura nagusien inguruan filosofoen eztabaidak modan jarri ziren, adiskideen arteko eztabaidak, egiaren bilatzea zelarik helburua. Taldelana, hitz batean. Eta ez bakarlari lana. Nik horregatik ez ditut bakarlariak gaitzesten, badaiteke filosofo onak atera halako egoeretan, baina kasu klinikoak ere halako egoeretan gertatzen direla garbi dago, eta kasu kliniko izatera iristen ez badira, behintzat, ikertuz haien filosofiak, oso emaitza pobreak aurkituko ditugu konparatuz filosofian izan den loratzerik zoragarrienarekin Greziako Atenas klasikoan. Eta horrek ez du Atenasekoa gaindiezina egiten. Ondo uler bekit. Nik azpimarratu nahi dut adiskidetasunaren garrantzia lehen filosofoen artean, argi dudalarik taldelanean hazten direla lorerik ederrenak ezagutzan. Bistan dago. Patologia kognitiborik behintzat ez dugu aurkitzen Atenasko zirkulu eredugarri haietan, zein Aristoteles bezain arrazoizko? Lagunek elkar osatu egiten baitute dialogoetan, eztabaidetan, errefutatzeetan eta hola, konpainia onaren modukorik ez baitago buruko patologiak uxatzeko, gure kasuan, patologia kognitiboak batez ere. Ezagutzari dagozkion patologiak. Argiago ezin egon daiteke.

 

  1-c.- Dugun aztertu kasu kliniko bat: Kierkegaard. Filosofo honengatik esaten da ezen behin maitemindu egin zela eta beste hiri batera ihes egin zuela. Nola baina daiteke erreakzio hori? Agian berak idatzitako eleberri bakarrean dago gakoa: Seduktore baten memoriak. Nobela horretan protagonistak tratua egiten du neska gazte baten amarekin neska harekin ezkontzeko, eta tipoa korkobatua, zatarra eta tuberkulosoa da, baina baita «joyero» ere, eta neska gaixotzen hasten da, gaixotzen eta gaixotzen, eta azkenik tipoak bertan behera uzten du ezkon tratua. Autoirudi kasua izan daiteke, oso autoirudi prekarioa, bistan dena. Kasu klinikoa. Gero hor ditugu autore honen titulu batzuk: El concepto de la angustia (estuasunaren kontzeptua), Temor y temblor (beldurra eta ikara), eta holako.

 

  1-d.- Talde literariorik egin ez zuen beste autore bat Edgar Allan Poe dugu. Beharbada Estatu Batuetako poeta nazionala, ilunpeak eta izua kantatzen zuena, eta bere produkzioaren artean nabarmentzen ahal da bat, poema bat, zeinari baitzaio izena The raven, hau da, bela, eta belak gau ilun batean leiho hegian jartzen zaio poeta atormentatuari eta honela diotso: never more, never more, never more. Hau da, sekula ez gehiago. Benetan mezu etsigarria etsigarririk badago. New Jorkeko kale bazter batean aurkitu zuten hilda, mozkor baten ondorioz dirudienez, oraindik berrogei urte beteak ez zituenean.

 

  1-e.- Beste kasu kliniko bat Arthur Rimbaud-ena dugu. Poeta paristar honek klasiko grekoak, Iliada denen buru, ardangela batean irakurri zituen, Paris iraultzaileko ardangela batean, eta poema gogoangarri batzuk idatzi ostean denari lagata Etiopiara alde egin zuen arma trafikoan dedikatzera, eta bertan gazterik hil egin zen. Oso iradokigarria da, bai, haren koadro klinikoa, haren historia klinikoa.

 

  1-f.- Beste kasu bat Nietsche-rena dugu zeinak pasatu baitzituen bere urterik hoberenak bakarrik Italiako ostatu hotzetan, azkenik zeharo gaixotu zen arte, eta honen filosofia bere espiritu dekandenteari kontra egindago ahalegin bezala ere konprenitzen ahal da. Bakardadean garatutako errorez betetako ezagutza sistema, zeren betiereko itzulerarena ez baita eusten zutik kontuan hartzen badugu evoluzioa infinitua izan daitekeela, eta infinituak, pitagorikoek bazioten, euren dialogoetan ondorioztatua duda barik, infinituak inperfekzio bat du, hots, edozein dela hartzen dugun zenbakia beti dago zenbaki handiagorik, beraz konparazioa evoluzioaren teoriara ekarria bada, ikusten dugu zirkularitatea ez dela, inondik inora, historiaren ezaugarria, beti baitago zirkularitatea apurtzen duen evoluzio posiblerik.

 

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera