Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Nor bere bidean

Irigoien, Joan MariElkar, 2010 Nobela

Aurkezpena

        Damaso eta Gabino, orbetarren sagako azken ordezkariak, txikitatik norgehiagoka isil eta itsua bizi izan dutenak, izateko, sentirzeko eta pentsatzeko bi era kontrajarri hezurmamitzen dituztelako: Damaso razionala, eszeptikoa, munduaren minek mindua eta jendailak nardatua, engainu eta lilura besterik ez diren ametsak arbuiatzen dituena, dela erlijioa, dela aberria: Gabino, berriz, sentikor eta sentibera, xaloa eta ameslaria, izadia eta izakiak pasioz maite dimena, bere kontraesan guztiekin haraindi baten sinesmena gordo em honaindiko Euskal Herria aldeztu nahi lukeena.

        Urteetako urruntze baten ondoren, gutun sail luzea idatziko dio Damasok anaiari, Burgosko Epaiketaren garaitsuan, esan beharreko guztiak esan aurretik hil bazen ere. Gabinok eskutitz haiei erantzungo die hamabost bat urte geroago, Elorrietako komentutik, eta denboran zehar doan elkarrizketa horretan agertuko dizkigute beren kezka eta buruhausteak, familiako kideen oroitzapenak, norberaren bizikizunak... Ekintza bakoitzaren atzean dagoelako historia oso bat, iritzi bakoitzaren ostean mundu bat, bere ñabardura eta gorabehera guztiekin.

Pasartea

        Felipe Gastaminza nire gelako lagun bat zen: zu ere gogoratuko zara, beharbada, Damaso, bisitan ere etortzen baitzitzaidan —mutil ile-gorrixta bat zen, handi samarra—, sendategitik etxera egin nuèn garaian. Felipe, gainera, pertsona erabakigarria izan zen, Euskal Herriari buruz nuèn ikuspegia guztiz aldatu zidana: hainbesteraino, non, beragatik ez balitz, nekez izango bainintzateke gaur egun naizen abertzale sutsua —ez itsua, zuk halakotzat hartzen nauzun arren...—; nik banuen berezko sentimendu bat —identitate bat, azken batean—, amona Ursulak nortzen zuena, nolabait esatearren, eta noiznahi pizten zitzaidana: baserri zuri baten kontenplazioarekin, adibidez, edo baserritarrei euskaraz entzutearekin, berdin txistu baten notekin; banuen hura, bai, baina Felipek jakinarazi zidan sentimendu haiek ez zirela ezer, bide politiko bati lotu ezean.

        Oraintxe esan dizut Felipe lagun bat zela, baina, debozionisten ikastetxean elkarrekin ikasi genuèn garaian, ez ginen lagunak izan: nola, bada, gelako azkena bazen, gazteleraz mihi-ostikoka bezala mintzatzen zena, ikaskideon noiznahiko txantxen itu...!

        Egun batean, natur zientzietako irakasleak eskatu zion ezen esan zezala kukurbitazea baten izena, eta Felipek «Oiloa» erantzun —edo «Untxia» erantzun ote zion?— ...eta hantxe izan ziren bromak eta hantxe barre-algarak!; guztiok sentitu ginen, beraz, Felipe gutxiesteko eskubidearekin... ni ere bai, jakina: hain sentitu nintzen eskubide haren jabe, non «marrazkitxo» bat egitea bururatu baitzitzaidan, ikusi berri nuèn eszena parodikoaren bertsio are parodikoago bat eginez, bere ibilbidea egin zuena, ikasmahaitik ikasmahaira.

        Azkenean, berak ere ikusi, eta negarrez hasi zen mutila...!

        Eta Feliperen negarrak kontzientziako harra piztu, eta hura oihuka hasi zitzaidan, oker egin nuela eta oker egin nuela, oihu haiek berehala isilarazi banituen ere, Felipe gelako azkena baitzen eta guztiok baikenuen haren lepotik barre egiteko eskubidea; gero, ordea, gaixotu eta sendategira joan behar izan nuen... erantzukizuna neure gain hartuta, hori bai —pertsona heldu bat bezala jokatu behar nuen behingoz, arimaren salbazioaren negozioak atzeraezinak izaki!—, aitarekin izan nuèn portaera txarra jo bainuen neure gaixotzearen arrazoitzat, marrazkitxo xikinak egiteagatik; marrazkitxoen artean zegoen jokoa, beraz, eta, marrazkitxo batek beste marrazkitxo batera ninderamala, hara non piztu zitzaidan noizbait, burmuinetako zokoren batean, Feliperi egin niona!; eta bekatua egin nuenean sentitu ez nuena sentitu nuen orduan: hura garbitzeko beharra...; eman nion Bibiri neure kezkaren berri, eta Bibik karta bat idaztea proposatu zidan, haren helbidea debozionisten ikastetxean eskatuta.

        Ez naiz, ez, damu, nik idatzi eta hark erantzun egin baitzidan: ederki oroitzen dut gutuna, auskalo zenbat aldiz irakurri nuena, hainbeste gustatu zitzaidan eta hain eragin sakona izan zuen nigan...!; bertan, izan ere, Felipek azaltzen zidan, alde batetik, zenbat sufritu behar izan zuen euskaldun gisa, debozionisten ikastetxean batez ere, eta bestetik, bere osaba baten berri ematen zidan —osaba Xabier: goitik beherainoko abertzalea, esaten zuena, besteak beste, euskaldunok ez genuela gaztelera ikasi behar, kanpokoek euskara baizik, gauzak behar bezala balira—; eskutitz hartan, gainera, Felipek bere gonbita luzatzen zigun: osaba eta biok prest zeudela sendategira etortzeko, baita bertan ginèn gaixo guztioi emanaldi bat eskaintzeko ere, txistu eta ttunttun...

        Gu geure etxean bizi ginen, Regina-enean, eta gurasoak noiznahi aritzen zitzaizkigun Espainia gora eta Espainia behera, Damaso; Euzkadi, berriz, ez genekien zegoenik ere, edo bagenekien, baina hura guretzat —anai-arrebontzat— entelekia bat zen, errealitatearekin —gure errealitatearekin— zerikusirik ez zuena; are gehiago: hitz debekatua zen gurean garai hartan —ongi erakutsi zidan aitak hura bere mementoan!—, gero, Primo de Riveraren diktadura erori eta Espainia bigarren Errepublikarako bidean jarri zenean, aitak bere jarrera egokitu bazuen ere —aitak argi eta garbi zuen bere fabrika eta bere enpresa zituela aberri guztien gaineko aberri—, joko taktiko batean.        _

        Euskarari dagokionez, berriz, amona Ursula izan genuen ezinbesteko erreferentzia, baita zutabea ere, guk —anai-arrebok— euskarari nola edo hala eutsi ahal izan geniezaion, ez amonak planteamendu politiko bat zuelako, bistan da, baizik eta bera halakoa zelako, euskararekin —erdararekin ez bezala— arraina uretan bezala sentitzen zena; gero, joan zen amona Regina-enetik, hil zen... eta euskara galduz eta galduz joan ginen, baina ez era traumatiko batean, erarik naturalenean baizik, itxuraz...

        Esan nahi dizudana da nik ez nuela geure hizkuntzazko egoerari buruzko zalantzarik ez galderarik, baina hara: Feliperen karta irakurri ahala zalantzak eta galderak etorri zitzaizkidan, beren bidea egin zutenak, eta ez nolanahikoa...

        Bagenituen sendategian bi gizon, Adolfo —don Adolfo— eta Lorenzo, noiznahi ibiltzen zirenak ika-mika; don Adolfo abokatua zen, gazteleraz primeran zekiena, eta Lorenzo euskaldun itxia, gazteleraz indioen moduan hitz egiten zuena baina aurrera egiten ere bazekiena.

Bada, egun batean, eztabaida bat izan zuten, ez dakit zeren inguruan; ongi gogoratzen naizena zera da —biok zeuden egongelan, nor bere chaise-longue-an eserita—, Lorenzo euskaraz mintzatu zitzaiola, halako batean, Adolfori... baita barre egin ere, auskalo zergatik: berak esan zuenak grazia egin ziolako edo don Adolfo in albis utzi zuelako; hain zaratatsu egin zuen barre, bestalde, non bere lagunak ere —bizpahiru edo hiruzpalau gizon— barrez hasi baitziren.

        Eta don Adolfo, ezusteko erasoentzat ere ateraldi bat zuena, hitzik gabe geratu zen, moztuta...!

        Nola onar zezakeen, baina, don Adolfo Bahamonde abokatu txit prestuak —abizen arranditsua, Francok urte gutxiren

buruan munduan ezagun egingo zuena, ezin hobeto zihoakion gure gizonari, hain zen panparroia...— egoera iraingarri hura, aldeano ezjakin haien barreak are iraingarriago egiten zuena?; eta orduan, abokatu jauna bere onetik atera eta honela mintzatu zen, goraki, espainiar irainduek halakoetan ohi duten eran: «¡No me toques las pelotas, y habla en eristiano de una puta vez!»

        Are barre handiagoak egin zituzten Lorenzok eta bere lagunek!

        Baina orduan, ezustekoa!; izan ere, bazegoen gure artean, halaber, Madrilgo negozio-gizon bat —une honetan ez datorkit haren izena, baina don Diego ote zen...—, molde atseginak zituena, gaixoen artean oso ere estimatua; bada, hura eztabaidan sartzen zela, Adolfok —don Adolfok— arrazoi zuela esan zuen, zeren erdaldunen artean euskaraz hitz egitea edukazio falta seinalatua baitzen, nihil novum sub sole...

        Eta Lorenzok eta bere lagunek barre egiteari utzi, eta orduan, ez dakit zer gertatu zitzaidan —Lorenzoren sufrimendua ikusten nuen, Feliperena berarena ere bazena, nik marrazkitxo batean iraindu nuèn lagunarena—, barrua irauli —gauzak, ziren bezalakoak ziren, zinez, baina ez behar bezalakoak, agian...!— eta barru-barrutik atera zitzaidala ezin lotsagabeago ezetz —ume mukizu bat nintzen, inguruan nuèn jendearekin konparatuta...!—, euskaldunok ez genuela gaztelera ikasi behar, kanpokoek euskara baizik, gauzak behar bezala balira... baina hara: uste nuenean nire ahalegin harekin Lorenzo irabazi nuela, aldiz, aurka atera eta don Adolfo eta don Diegori eman zien arrazoia: alegia, ni neu nintzela auzi hartan oker zegoena... argudio teologiko bat ere eman zidan esandakoaren erakusgarri: ez ahaztu zer gertatu zen Babelgo dorrean, Gabino...; Lorenzok, gainera, banderilla bat eskaini zidan eranskin gisa, neure izatearen bizkarrezurrean istantean sentitu nuena, hain garratzak eta mingarriak egin zitzaizkidan ondotik jaurti zizkidàn hitzak: inork euskara ikastekotan, nik neuk ikasi behar nuela, zeren oso gaizki egiten bainuen...

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera