Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Odolean neraman

Irigoien, Joan MariElkarlanean, 2004 Nobela

Aurkezpena

        Eneko Ortegak umetatik izan zuen futbolerako grina. Jaio aurretik ere bai kasik, futbolzale itsuak baitzituen bai gurasoak bai amona. Zaletasunarekin batera etorri zitzaion dohaina, izugarrizko abilezia ageri baitzuen baloi bat oin artean hartuz gero. Auzoko taldetik laster egingo du jauzi Errealera, eta beranduago baita Barçara ere. Arrakastak dirua eta ospea ekarriko dizkio Enekori, eta diru nahiz ospe horren atzetik etorriko dira txoratze eta gehiegikeriak, lorez lore, drogaz droga.

        Gure gizartearen erretratu eta kritika bat egin du Joan Mari Irigoienek eleberri honetan, futbolaren mundua oinarritzat hartuta: komunikabideen funsgabekeria, harremanen axalkeria, famaren lilura hutsala... horiek denak deskubrituko ditu irakurleak nobelan barrena, elkarrizketa ugarien eta ekintza etengabearen bitartez; futbolariak bere bizi-esperientzia lehen pertsonan azaltzeak ematen duen arintasun eta hurbiltasunaz, idazleak kontakizunari erantsi dion estilo bizi eta umoretsuaz.

Pasartea

        Baina esan dut: gaizki eraman izan dut aulkia, oso gaizki ere bai, batzuetan. Eta noiz edo noiz, egin behar ez nituèn deklarazioak egin izan ditut, Barçan egon nintzen garaian, adibidez. Ordezkoek ere, baztertuak diren neurrian, gutxieneko errespetua merezi baitute. Baina, funtsezkoa eta agerikoa badirudi ere, artean ez nuen ikasia lezio hori, eta zer egingo diogu, bada? Kontua da, Bartzelonan egin nuen bigarren denboraldian, bost partida segidan neramatzala jokatu gabe, eta La Vanguardia-ko kazetari bat etorri zitzaidala zirika, esanez Barça ligan zazpigarrena zegoela, teorian zegokiona baino askoz beherago, eta ea ez al nuen hartan zer esanik. Titular bikaina eman nion biharamunerako: «Eneko Ortega: X. no me pone, porque no se le pone». Eta letra txikian: «Yo no he venido a Cataluña como esas antiguallas que viajan a cuenta del INSERSO para tomar el sol en Sitges o en Benidorm, sino a jugar al fútbol, y si no me ponen me voy».

        Biharamunean, jakina, ekaitza. Egun hartan jai genuen, eta goizean goiz deitu zidan Núñez presidenteak: «Hay que rectificar». Eta nik, jakina, errektifikatu egin nuen, prentsaurreko batean. «Antiguallen» kontu hura, batez ere. Ezetz, ez nuela hitz hura esan nahi, nik ere banuela izugarri maite nuen amona bat, eta ez nintzela amonaren teilatuaren kontra harrika ibiliko; eta ezetz, hirugarren adinekoak ez zirela aprobetxategi batzuk, hura ere gaizki esan nuela, eta barkatzeko, ongitxo mereziak zituzten-eta bidaiatxo haiek, bizitza osoan lan egin ondoren eta segurtasun sozialari urte luzeetan zergak ordaindu ondoren. Entrenatzaileari buruzkoan, berriz, hura gu bion arteko afera zela esan nuen, eta kito.

       

        Ustez zuzendua nuen zuzendu beharrekoa, bada, baina halakoetan beti izan ohi da kazetari txotxoloren bat, eta prentsaurreko hura ez zen salbuespena izan, jakin nahi baitzuen, jakin, txoropito ahalenak, ea ez ote nien Benidorm eta Sitgesko herritarrei barkamenik eskatu behar. Errabia handiz erantzun nion: «Eta nola nahi duzu eskatzea, elizatik edo zibiletik?». Ustekabean harrapatu nuen, eta inozo batek bezala ihardetsi zidan kazetariak: «Zibiletik, jakina». «Bada, zuk zibiletik nahi baduzu, nik elizatik.. . «, esan nion, tupustean. Berehala ohartu nintzen, ordea, urrunegi joan nintzela, esaldiari eranskin airosoren bat aurkitu ezean. Aurkitu nion. Halaxe esan bainuen segidan; «Barkatu, frai Benidorm; barkatu, sor Sitges...».

        Afera hartan amona Sinforosa bakarrik atera zitzaidan alde:

        —Jendeari ez zaiok egia esatea gustatzen —mintzatu zitzaidan telefonoz izandako elkarrizketan—, baina zahartzen garenean halakoak gaituk, «antigualla» batzuk. Hori bai, «a tomar el sol» delakoan, ez duk egia osoa esan, «a tomar el sol y a ligar cuando ya la cosa no tiene remedio» hori esan behar huen, entzun al didak?

        «Genio y figura» gure amona. Zer poza eman zidan! Eta nola sentitu nuen, telefonoa eseki bezain laster, aski zela amona Sinforosa bezalako emakume bat ezagutzea, bizitzak merezi zuela eta merezi zuela esateko, bai horixe!

 

        Biharamunean, entrenatzailearengana joan ez joan ibili nintzen... azkenean, berak deitu zidan arte. «Zuk hitz egin duzu, eta orain erakustea bakarrik falta zaizu. Datorren igandean izan dezakezu aukera». Tonto aurpegiarekin geratu nintzen hari begira. «Nik bakatu dut, ez dakit zuk baduzun ezer esatekorik». Ezetz esan nion. Aldagelatik irtetera nindoanean, ordea, jiratu eta halaxe esan nion: «Ez dizut huts egingo, ez alafedea!».

        Tentsio bereziko partida izan nuen igande arratsalde hartakoa. Neure deklarazioen aferagatik, noski, eta entrenatzaileari emandako hitzagatik. Hasieran, baloia hartzen nuen bakoitzean, ikusleek ziztuak eta aurkako oihuak jaurtitzen zizkidaten, geziak balira bezala: gezi-euri etengabea. Edo urakan bati egin behar ote nion aurre, hain baitzen bortitza harmailetatik zetorkidàn burrunba? Camp Nou bertatik ezagutzen ez duenari lekuz kanpokoa irudituko zaio konparazioa, baina Camp Nou ezagutu egin behar da, eta nik ezagutzen dut. Eta giroaren gehiegiak beldurtu ere egin zaitzake, eta beldurrak blokeatu. «Beldur eszenikoa» deitzen dio Valdanok. Arrazoi du. Halaxe egon bamintzen ni ere lehen hogei minutuetan, kikildua eta zurrundua bezala, beldur eszenikoaren menpe. Baina, orduan, alboko sake bat ateratzea egokitu zitzaidan. Marraz kanpo zegoen baloia jasotzera nindoala, ongi bai ongi entzun ahal izan nion beheko harmailetan zegoen agure zahar bizar-luze bati, zeina nabarmen jantzia baitzihoan, sonbreru mexikar gorri-urdin batekin: «Jo puc ser una antigalla, però tu ets un marica!». Baloia jaso eta zuzenean so egin nion, segundo batean. «Si, tu!», esan zidan, hatz erakuslea luzaturik. Baina nik eutsi egin nion orduan ere, beste segundo batean. Eta erraietan gar bat sentitu nuen, adoretu egin ninduena, guztiz adoretu, are gehiago kikildu beharrean.

        Alboko sakea atera eta bost bat minutura, ordea, guztiz aldatu ziren gauzak, orpoz sartu bainuen gola, airean inoizko saltoa eginik, sekulakoa. Eta Camp Nou osoa belaunikatu zitzaidan. Eta ni, munstroa edo haize-erauntsia garaitu duen heroia bezala sentitu nintzen. Handik aurrera, festa.

        Lehen zatia bukatu baino minutu pare bat lehenago, alboko beste sake bat ateratzea egokitu zitzaidan, toki bertsuan. Berriro egin nion so agureari. Txaloka ari zi tzaidan. Gogoz. Esan zidan: «Saps? He canviat d'opinió!». Eta nik, ahapeka: «Tu puta mare!»*

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera