Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Aurkezpena

        Bittor Hidalgo 1956an jaioa da Ordiziako herrian, hamahiru bat urte kanpoan bueltaka badaramatza ere. Azken urte hauetan Donostian finkatuta. Euskal Filologia ikasi zuen Gasteizen, eta euskararen irakaskuntza munduan dabil lanean.

 

        Franek erraz ikasiko du konputagailuekin jolas egiten. Eta ustekabean ezagutuko du OE. Maitemindu ote liteke bera bezalako mutiko bat, OE bezalako neskatxa beltzaran eta ile tente batekin? Josebak, bere lehengusu eta lagunarekin bat eginda, munduan aurrera Japoneraino eramango duen abentura bizia hasiko du. Eta guzti hau elur egun batean gertatuko zaie.

Pasartea

Aireportuan

 

        Kanpoan elur mehea ari du oraindik, baina dagoeneko ez da gehiago elur zuria ikusten. Makinek kale bazterretan bildu dituzten pilo marroi zikin horietan bakarrik ageri da elurra. Kalegarbitzaileek, gauetako elur zuria, goizean goiz erretiratzen dute egunero kale, bide eta espaloietatik.

        Hala ere noizik behinka Fran eta Josebak ikusi eta entzuten dute oraindik, errubedetan kateak jarrita daramatzan kotxeren batek ateratzen duen zarata. Seguru oraindik elurra dagoen lekuren batetatik datorrela.

        Taxista gizen baino gizenago bat suertatu zaie eskua altxatuta kale erdian gelditu duten taxian.

        —Aireportura, azkar! —agindu dio Josebak.

        Fran eta biak kotxearen atzeko eserlekuan jarri dira. Eta puska batean, Fran konturatu da, gidaria ispilutik begira eduki dute.

        —Baten bat al daukazue aireportuan zain? —galdetu die.

        «Ze inporta ote zaio honi?», pentsatu du Franek bere artean.

        Taxistak ordea galderak egiten segitu du. Pixkanaka taxi

gidariaren pisu zabar eta gehiegizkoa bere gainera erortzen ariko balitzaio bezala sentitu du Franek. Kanpoan hotz egiten badu ere, Fran erdi-izerditan ere hasi da momenturen batean estuasunean, larri. Franek ez dio ezergatik ere eman nahi taxistari beren asmoen berri.

        «Jakin egin behar zer usteko lukeen», pentsatu du Franek. Joseba, berriz, lasai asko hasi zaio berealdiko gezur puska bat asmatzen, nora doazen argitzeko, egiarik batere esan gabe. Hitzegiten aurrera doan neurrian ordea, ezer azaldu eta argitu gabe, gauzak gero eta nahasiago uzten ari da. Franek behintzat ez dio esandakoaren erdia ulertu. Eta Fran beldur da taxista berak ere ez ote duen askoz gehiago ulertu. Joseba ez da hala ere horregatik isildu, eta halako batetan, hala ematen zuen behintzat, taxistak erabat etsi behar izan du.

        —Niri neure bidaia behar bezala ordaintzen didazuen bitartean, ni denekin gustora.

        Hala ba, taxistak ez die galdera berririk egin. Joseba ere konturatu da nahikoa zela, eta handik aurrera isilik segi dute bidaia. Taxistak bere aldetik hala ere, ez die bide osoan gainetik begirik kendu. Sobrare ez zegoen artean oso lasai. Baina azkenik aireportura ailegatu direnean, begiak zabal-zabal eginda jarri zaizkio taxistari, beren dirua ikusi duenean.

        «Beste kilo pare bat irabazi du gutxienez, dirua bere eskuetan sentitu duenean», pentsatu du Franek.

        —Bidaia ona izan! —egin die oihu agurtzerakoan. Aireportuko egongela zabaleko plastiko beltzezko eserlekuetan eserita daude Fran eta Joseba, beren abioien zain dauden beste bidaiarien artean. Badaramate dagoeneko ia ordu bete ditxosozko zazpigarren ate hura begiratzen eta zaintzen. GATE NUMBER SE VEN. Zazpigarren barnebidera ematen duena.

        Aireportuko egongelako txoko guztietatik begiratu dute. Zutik eta eserita, aurretik eta aldamenetatik. Ate horretatik pasa beharra daukate beren abioira heltzeko, Tokyora eramango dituen abioia. Zaindari ilegorri batek, atezainak alajaina, pasaporteak eta abioi tiketak eskatzen dizkie atean aurrera gurutzatu nahi duenn guztiei.

        Franek eta Josebak beren aldetik, ez dute ez bata eta ez bestea. Ez pasaporteak, ez tiketak. Eta zaindariak berriz ez du bere postutik batere hutsik egin. Bere ordu bete hartako ibilera guztietan ez da ate-sarreratik metro bat baino gehiago baztertu. Zelatan egon zaizkion denbora guztian ez da sikiera komunera behin ere mugitu.

        Frani pasa zaio burutik... zaindariari pisalarriak helduko balio... nolabait pisagurea eragiteko haren behatz-muturrak ur freskotan bustitzea lortuko balu... Baina, keba! Ezta horregatik ere!

        Dagoeneko ehun bat pertsona pasatuko ziren atetik. Eta gehienak japondarrak. Batzu argalak eta besteak argalagoak; argazki kamara bat zeramatenak eta bi eta hiru bideo eta kamara zeramatzatenak; irribarrea aurpegi erdian zabaltzen zitzaienak batzu, eta besteak irribarrea aurpegi osoan belarri muturretik belarri muturreraino erakusten zutenak; emakumezko eta gizonezkoak; txikiak eta txikixeagoak; gehienak jantzita daramatzaten marku beltzeko betaurrekoen azpitik ikusten zaizkien begi urratu arrasto horiekin; eta elkarrekin topatzen direnean denek denei beren buruak makurtzen agur gisa, eta beti beren betiko irribarrea oraindik ere areagotzen.

Atzera