Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Oilarraren promesa

Irigoien, Joan MariGero, 1976 Nobela

Aurkezpena

        Euskal narratiba, esaten denez, gure literatur jenerotan umezurtzena da. Izan ere, narratibak hizkuntza josi, aberats eta, era berean, asken eskatzeri du.

        Gainera, narratiba ona oso zaila izaki, osagarri asko behar baititu irudimena, errealitatearen jakitea, ideia orokorrak, giza-xehetasun bitxien esperientzia, etabar. Hortaz gainera, aipaturiko hizkuntza aberats baina flexiblea.

        Eta hona hemen nobela bat. Juan Mari Irigoien idazle gaztearen nobela lehena; lehena, bai, baina ez baldarra, oso eta aberatsa baizik. Irigoien narratzaile oso ona izan liteke, ez baita ihesbide edo adarretatik ibiltzen, gure gizaerrealitate nahasiari helduz baizik.

        «Oilarraren promesa» hontan, subjetibo eta objetibotasuna biziki ongi nahasten dira, azken urteotako Euskal Herriko hainbat fenomenoren irudi osatuz (hezketa baldar alienagarriak, konplejo eta frustrazio pertsonalak, gertakizun politikoen ustelkeria, gizadiaren ekilibrio orokorra interes ekonomiko salbaje eta zikoitzen menpera bihurtzea, etabar).

        Eta guzti horietatik, gure egoera larri baten egia sortuz doa. ber-sortuz, ber-itxuratuz, Irigoienen esku urduri eta trebeari esker.

Hitzaurrea

Hitzaurrea

 

Joan Mari Irigoien

2003

 

        Irakurle:

        Oraingo honetan, nik idatzitako lehen nobelaren berrargitalpena eskaini nahi dizut: Oilarraren promesa-rena, alegia. Azken bolada honetan banituen jarraitzaile batzuk, zirika ari zitzaizkidanak, horren eske, aspaldi agortu baitzen hondar edizioa, eta, hala, egunotan amore ematea erabaki dut.

        Baina egia zor dizut, eta esan dezadan, hasieratik beretik, aurrean duzun liburua ez dela orain hogeita hamar urte argitaratu nuèn hura bera. Ezin bainuen bere horretan publikatu.

        Izan ere, behin baino gehiagotan esan izan dut, hango edo hemengo elkarrizketetan, nik ez nuela neure lehen nobela hau, ezta bigarrena ere —Poliedroaren hostoak— publikatuko, baldin era nazionalitate edo kultura normal bateko kidea izan banintz. Testuak atzera botako zizkidatelako susmoa bainuen, besterik gabe, gutxieneko kalitaterik ezean. Baina euskal mundua beste mundu bat zen sasoi hartan, basamortu bat, eta basamortu hartan bai argitaratzaileek eta bai irakurleek ere aurkitu zieten bi idazki haiei beren lekutxoa. Eta ni, pozik... nahiz eta, beste alde batetik, halako ezinegona sortu zidaten, nik amestu bezain biribilak ez zirelakoan, bai aldiz askoz gehiago landu beharrekoak.

        Baina egia zor dizut, bai, eta ez dakit kontzientzia hori orduantxe piztu zitzaidan, edo bi nobelak argitaratu eta handik gutxira, gauzak erremediorik ez zuenean. Nolanahi ere, kontzientzia hura hartu bezain laster jakin nuen, liburu horiek berrargitaratzekotan, han eta hemen ukitu beharko nituela eta eskua sartu, ezinbestean. Bide horretatik, bigarren nobelarekin bete nuen neure nahia, orain dela une batzuk Erein-en bildumetan azaldu zenean, eta orain lehenengoaren txanda heldu zait.

        Arestian esandakoa ulertzeko, euskarari lotutako garai hartako —panorama kulturala ulertu behar da. Gaur, ikastoletatik eta euskal eskoletatik datozkigu gazte asko eta asko, euskaraz alfabetatuak eta ongi jantziak. Eta milatik gora liburu argitaratzen dira urtero, nobelak tartean dexente. Orduan, aldiz, dozena erdi bat eleberri argitaratzen ziren euskaraz urtero, hortxe-hortxe, hortik atera kontuak...!

        Oroitzen dut, nola, Oilarraren promesa baino lehen, Hutsatik esperantzara poema-liburua argitaratu nuen. Orduantxe hartu bainuen euskaraz idazteko erabakia, liburu harekin Irun Hiria saria irabazi ondoren, hain ilusio handia egin zidan. Hala ere, apenas nekien nik artean euskaraz, erdi analfabetoa nintzenez gero. Baina burugogorra ere banaiz, eta euskara ikasteko eta euskaraz idazten trebatzeko, ideia ezin burutsuagoa bururatu zitzaidan: nobela bat idaztea. Nire injenuitatea eta nire ausardia! Ordukoa baitzen, halaber, euskaldun askok zuten kezka, euskal prosari bultzadatxo bat ematekoa, euskal poesiak bereganatu zituèn ustezko gailurren parean jartzeko asmotan. Maila sendoan genuela poesia, alegia, eta prosa lantzea eta garatzea zela gure apustua.

        Euskara ikasteko idatzi nuen, beraz, Oilarraren promesa, ariketa gisa-edo, Venezuelara egindako neure lehen bidaiatik itzuli ondoren. Eta igartzen da, nobela berrirakurri dudanean halako zurruntasuna aurkitu baitiot esaldi askotan, hizkuntzaren ikuspuntutik. Igartzen den bezala, beste ikuspuntu batetik, Latinoamerikako hainbat idazleren eragina: garai hartan «errealismo magiko» deitu izan zenaren inguruan mugitu izan zirenena nagusiki, García Márquezena batez ere.

        Susmo bat banuen, beraz, nobelaren berrirakurketak berretsi zidana: eleberria ezin nuen, zinez, bere horretan argitaratu. Aspertuko bainuke gaurko irakurlea! Aitortu beharra dago, haatik, nobelak bere arrakastatxoa izan zuela urte haietan. Eta horrek ematen dit, aldi berean, guk bizi izan genuen basamortuaren neurririk gabeko neurria: nola liteke, izan ere, nobela hark halako arrakasta izatea? Berrirakurri bezain laster lotsa sentitu baitut. Nola berrargitaratuko nuen, bada, liburua bere horretan? Ez zuen zentzurik. Zentzurik ez zuen bezala gauza guztiz berri bat egiteak ere. Baldintza horietan, erdibide bat bilatu behar nuen, eta erdibide bat bilatzen saiatu naiz. Nobelaren izpiritua eta nobelaren giroa mantendu behar nituen, baita narrazioaren injenuitate puntua ere, epilogoarena tartean, baina testua soildu beharra nuen, aldi berean, eta zaborrontzira bota soberan ikusten nuen guztia. Apaingarri merke gogaikarri asko baitzituen jatorrizko testuak! Era horretan, orri ugari kendu diot. Elkarrizketak, bestalde, biziagoak egiten saiatu naiz, eta eszena batzuk airosagoak. Hitz batean, nobelaren eskeletoari eutsi diot, narrazioa arintze aldera. Horrela, erritmoan behintzat asko irabazi duelakoan nago, ez dakit...

        Ziur nago, bestalde, nobela aspaldi irakurri zuèn edonork nobela bera irakurri duen sentipena izango duela, baldin eta edizio berri hau irakurtzen badu, eta hori oso inportantea iruditzen zait, horrek erakutsiko bailuke ez dizkizudala erroskilen zuloak erroskilen truke saldu, irakurle.

        Aitortu beharra dut, hala eta guztiz ere, gaur nobela hau idatzi izan beharko banu, beste nobela bat idatziko nukeela. Guztiz. Baina hau berrargitalpen bat da, eta parametro batzuen barruan ibili beharra nuen. Eta emaitza ere hor dago, zuk zeuk ondorioak atera ditzazun.

        Bestela, guk gaztaroan ezagutu genuen munduaren fabulazioa duzu Oilarraren promesa. Francoren diktaduraren azkeneko urteetan geunden, Pinochetek jo berria zuen estatu-kolpea Txilen, eta hori nabari egiten da, nobelaren orrietan barna. Nobela politiko bat baita, funtsean, ez nobela psikologiko bat.

        Mundu guztiak badaki orduan bizi izan genuen giroa itogarria izan zela. Ez bakarrik botereak estutzen gintuelako, diktaduraren aurka sortutako taldeen arteko jokabidea eta dinamika -pertsonala nahiz ideologikoa- ezin estuagoak izan zirelako ere bai, salbuespenak salbuespen. Datu edo anekdota bat, honen erakusgarri. Jarrera bat baitut orain gogoan, ustezko iraultzaile harena, zeinak hutsegite larria egozten baitzion beste iraultzaile ustezko bati, zergatik... eta puru bat erretzen ikusi zuelako! Eta ez zion arrazoi ekologikorik aipatu, ez horixe! Hura burgesen burgeskeria omen, errotik kendu beharrekoa, eta kito! Ez naiz asmatzen ari, ezta gutxiago ere: nik ikusia dut hori!

        Eta, bizitza konplexua den arren, nobela ezin xinpleagoa da, ikuspegi etiko batetik. Bai, nik badakit errealitatea ez dela gehienetan zuria edo beltza izaten, ez naiz hain tontoa, grisa baizik, bere gama osoan... baina batzuetan, bai, zuria edo beltza izaten da, eta nabarmen, gainera: galdetu, bestela, Irakeko gerra sufritu berri duten irakiarrei; edo Iraken, Turkiaren eta beste herri batzuen zapalkuntza ikaragarria jasaten duten kurduei; galdetu palestinarrei... edo, hain urrutira jo gabe, Egunkariako aferan torturatuak izan ziren lagunei: esan torturatu bati, polizia torturatzen ari zaion bitartean, errealitatea ez dela zuria ez beltza, eta mila ñabardura aurki daitezkeela zuriaren eta beltzaren artean: antzarak ferratzera bidaliko zaitu une horretan, ez arrazoi gutxirekin! Western bat bezalakoa baita bizitza, oraindik ere sarri askotan, zoritxarrez —teleberri bakar bat ikustea aski da, horretaz ohartzeko—: gizon zuri on zibilizatuak hemen, eta indio gaizto zibilizatu gabeak han...! Nik, ordea, beren lurrak defendatzen dituzten indioak jotzen ditut ontzat, eta besteak ?inbaditzaileak— gaiztotzat. Eta kantzer ezin metastasikoagotzat daukat Bushen politika, derradan bide batez. Horretan, Oilarraren promesa idatzi nueneko toki bertsuan jarraitzen baitut, ikuspegi politiko bertsuarekin.

        Diktadurarekin batera, Altzan —nire herrian— izandako hondamena dut kontagai. Edo fabulagai, hobeki. Paradisu bat zena zementuz ito baitzuten, mila etxe eta beste hainbat dorre egiten zituztela, zabortegiak eta autopista, zentro komertzialak eta. harrobiak, modurik antiestetikoenean. Baina oraindik ez dira gelditu, eta beste hiru mila etxe egitekotan dira, ustezko demokrazia ustel honetan, Donostiako udaletxeak horixe baitu, antza, helburu eta lehen asmo. Nik ez dut ukatuko babes ofizialeko etxebizitzak behar direla, baina egin ditzatela beste nonbait! Izan ere, ez al du Altzak bere zementu-tasa, zementu-kupoa, edo dena delakoa, ongi eta sobera bete? Aprobetxa ditzatela, bai, hemen geratzen zaizkigun berdeguneak, baina parkeak egiteko, eta arbolak aldatzeko! Zenbat eta arboletatik —arbolengandik— hurbilago ibili, orduan eta urrunago sentitzen bainaiz gaurko gizaki-eredu harraparitik. Mendi punta batera joan beharko dut bizitzera, apika.

        Luma joan zait, eta barka, irakurle, zuk ez baitituzu ene neurak eta barne-korapiloak jasan behar. Ni Oilarraren promesa-ren berredizioarekin natorkizu, eta orriotan duzu, horretarako gusturik baduzu. Hemendik aurrera, zuk zeuk duzu hitza.

 

        Altzan, 2003ko udan

Pasartea

        Lehertu beharrean Joxeperen burua. Irudi lizunak etorri... «Ontzat hartu ahal dut irudi hori? Eta beste irudi hau...? Ontzat ez hartzea da garrantzitsuena apez jaunak esan zuenez: —Seigarren agindua! Irudi lizun bat ontzat hartzea, segundo, une batetan besterik ez bada ere, bekatu handia, izan deitekeen bekaturik handienetakoa da, seigarren aginduaren aurka doazen bekatu guztiak bezala—. «Hortaz, ezin dut irudi bat ere ontzat hartu...» Eta Joxepe, une hau, bestea, eta hurrengoa..., beti borrokan. «Arkatz nazkagarri hauek dute kulpa!!» ohiukatu zuen behin, ukabilak gora altxatuz, eta banan banan, txikitandik pilaturik zituen arkatz guztiak, berrehun-edo, hautsi zituen. Gomekin, ostera, aldrebes; goma bat zekusanean, esku tartean hestutu, eta musuka hasten zitzaion. Egun batez, gomek karameluen itxura zutela ohartu zen. «Ez dago goma bezain karamelu onik; gainera xurga eta xurga, goma ez da inoiz ahitzen», eta goma ahoan sartu, eta gau eta egun ziharduen gomaren zaporea dastatuz. «Gomek, gainera, Jainkoari eskerrak, gonarik ez dute...»

        Lehertu beharra ez, erotu beharra baizik Joxeperen burua. Borroka handiagotzen, irudi lizunak, arkatza eta goma, ez dut ontzat hartu behar irudi lizun hori, erne bekatuekin... «Horrela ez dut jarraituko —garraisi egin zuen azkenik—. Erabaki bat hartu behar dut, hobe bait da, izan ere, zeruan bururik gabe sartzea, ifernuan buru eta guzti baino». Arkatzak bezala, Joxepek gomak bilduta zituen txikitandik; berrehun ta hamabi goma... —«Pelikan» da markarik onena—, eta «pelikan» goma bat hartuz, buruan aurrera-atzeraka, jo eta .ke, burua suntsi erazteari ekin zion. Era honetan, lehendabiziko urtean, burua ile gaberik uztea lortu zuen. Buru-soila, «lanean hobeto jarraitzeko eta esames guztietatik ihes egitearren, komentu batetan sartuko naiz» esan zuen, eta Azpildik ez oso urruti, Kolapioko komentura erretiratu zen. Beste lau urte gehiagotan, igurtzi eta igurtzi, buruko kopet alde osoa (aurrea eta atzea) urratu zuen. Bekokirik gabe, izpilu aurrean jarri zen: «Joxepe, hau da zure gorputzak ikusten duen azkeneko eguna», eta sudur aldeak urratzen hasi zen. Sudur inguruak (belarriak tartean, jakina) urratzez hamaitu zituenean, hots, urtebete beranduago, bere berrehun ta hamabigarren goma (azkenekoa) gastatu zuela konturatu zen. Bat batean, lanik ezin egin... «Ai!, karamelua!» esan zuen, eta ahotik goma atera eta, berriz ekin zion lanari esanaz: «Joxepe, hau da zure ahoak hitz egiten duen azkeneko eguna». Abade nagusiari, eta nahikoa izanen zitzaiolakoan, hogei ta hamar goma erosteko mesedea eskatu zion, eta bi hilabetetan, aho eta kokotz aldea urratu zituen. (Baina izan ahal liteke —galda dezake norbaitek—, bi hilabetetan goma batzuen bitartez aho eta kokotz aldeak gorputzetik urratzea? Bai, eta hau ulertzeko, ez ahantz Joxepek ordurako zazpi urtetako pratikak eginak zituela).

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera