Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Omar dendaria

Cano, HarkaitzElkar, 2005 Haur eta gazte literatura

Pasartea

Gure aitonak beti esaten du masustak ezkutatu egiten direla sasi artean; eskuarekin sasiak pixka-pixka bat apartatu eta orduan bai, orduan topatzen direla masustarik mardul eta goxoenak, hostoen azpian ezkutatuta bezala. Gure herriarekin ere halaxe gertatzen da. Herri txikia da, pixka bat ezkutuan dagoena, baina errepide nagusia sasia bezala apartatuz gero, han aurkituko duzue. Masusta goxo bat bezalakoa da gure herria.

Herriko plazatik eskuinera hartu eta aldapan gora hamar pauso egin ondoren, bost eskailera igo eta han ezkerretara egin eta kieto geratzen bazarete, bebarru koloretsu bat topatuko duzue. Hantxe zegoen Omarren denda.

Omarrek denetik saltzen zuen: ogia, esnea, egunkaria, bizarra mozteko labana finak, oilasko erreak... Harrigarria zen nola sartzen ziren hainbeste gauza hain leku txikian! Izan ere, bere denda gure aitonaren ganbara baino txikiagoa zen. Eta hala ere, ez zegoen ezer Omarrek ez zeukanik.. .

—Ez duzu kasualitatez irratiarentzako pilarik edukiko, ezta Omar?

Eta Omarrek, txisteratik untxia ateratzen duen magoak bezala, halaxe ateratzen zuen pila parea kaxoi ezkuturen batetik. Ale-hop!

—Omar, ba al daukazu eguzkitarako kremarik?

Omarrek irribarre egiten zuen:

—Andereño, hori da hori mauka! Omarrek denetik dauka... Tori zure eguzkitarako krema, ez zaitez gehiago tema...

Omar Afrikako herri txiki batekoa zen, baina urteak zeramatzan gure herrian, eta denek maite zuten. Nik ere maite nuen Omarren dendara joan eta apaletan pilatuta zituen gauzei begiratzea; beti bazegoen zerbait berria, aurreko aldian ikusi gabekoa.

Omar oso atsegina zen. Haren hortzak oso zuriak ziren, saltzen zuen esnea bezain zuriak. Haren begiak, berriz, beltz-beltzak, aitonaren ganbaran argia joaten denean bezain ilunak. Masusta beltzak bezain ilunak.

—Kaixo Naroa, bai egun beroa, ezta? Hobe ikastolara baino, izatea festa!

Halaxe hitz egiten zidan niri Omarrek. Tira, niri eta beste guztiei. Omar erdi bertsolaria zen. Beti hitz egiten zuen hitzekin musika eginez bezala. Hitzekin dantza eginez bezala.

Aitonarekin joaten nintzen Omarren dendara, egunkaria eta ogia erostera. Omarrenera iristeko, herriko plazatik pasatzen ginen lehenbizi. Jendea zegoen egun hartan herriko plazan, zuhaitz baten jiran jarrita. Hara inguratu ginen aitona eta biok ere. Zer demontre gertatzen ote zen?

—Zer egiten du jendeak hor zuhaitzaren bueltan? Begiluze sudur-lapiko horiek izango dute orain ere zerbait!

Horrela hitz egiten du nire aitonak. Bera ere bertsolari samarra da, dantza egiten dute hitzek bere ahotik ateratzean. Omarren antza du horretan.

Aitona eta biok udaletxe ondoko zuhaitzeraino inguratu ginenean, basomutil bat ikusi genuen, zerra hartuta. Zuhaitza botatzeko asmoa zeukan!

Basomutilaren ondoan zegoen udaletxeko idazkari lepaestua. Herri guztia begira zeukan, inork ez zion, ordea, ezer esaten. Baina gure aitona ez da isilik egotekoa, ez horixe.

—Zertan zabiltzate? Ez duzue, ba, zuhaitz hori botatzea pentsatuko, ezta?

Gure aitonak bastoia dauka. Eta bizar zuria ere badauka, eta, horregatik, jendeak errespetu handia dio, Kutz jauna deitzen diote beti. Nik bakarrik deitzen diot aitona. Beste guztiek Kutz jauna esaten diote. Niri barregarria iruditzen zait, baina halaxe da. Idazkaria gaztea da, eta berak ere errespetu handia dio aitonaren bizar zuriari. Edo, agian, bastoiari. Eguzkiak hodei zuriari eta katagorriek elur zuriari dioten errespetu berdina.

—Hara, Kutz jauna.. . Zuhaitza gehiegi hazi da... Begira: adar bat udaletxeko leihotik sartu eta guzti egin da! Ezin liteke!

Aitonak betaurrekoak sudur gainean jarri eta gorantz begiratu zuen. Egia zen: zuhaitzaren adarrak udaletxeko goiko leihoa apurtu eta barrurako bidea hartu zuen, lapur baten eskua balitz bezala! Aitonari bost axola zitzaion, ordea, hori...

—Bost axola! Zuhaitz hau hemen zegoen udaletxe berria egin aurretik ere! Baita zu jaio aurretik ere! Ume ginenean, zuhaitz honen itzalean jolasten ginen beti... Ez daukazu zuhaitza botatzeko eskubiderik, idazkari paper-lapikoa! Nor zarela uste duzu?

 

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera