Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Orain arte, kabuxak

Intzagarai, RamonAlberdania, 2008

Aurkezpena

    Orain arte, kabuxak izeneko idazlan-sorta honetan Donostia zaharreko txoko, ohitura eta pertsonaien ikuspegi berezia eskaintzen digu Ramon Intzagaraik. Bere begi zorrotzari esker kaiko arrantzaleen giroa ezin hobeto jasota aurkituko dugu: arrain-saltzaileen arteko lehia, turisten garraioan dabiltzan batelarien komeriak, ekaitzaldiko ikarak, barealdiko poza. Harresi zaharra zutik zegoen garaiko kaletarren gorabeherak ere kontatzen dizkigu, kaleen historia, plaza berriko inauteriak, estropadak, pilota-jokoa...

    Hizkuntza egin berriaren usain gozoa dakarkigu, hitzen hotsekin jostatuz, han eta hemen kriskitinak jarriko balitu bezala. Bere idazkeran ez dago erretorika hanpaturik, ezta zintzilikarioz beteriko joskerarik ere. Hizkera aberars eta landua da berea, modernoa, irudimentsua, alaia, tanta umoretsuz zipriztindua, xehetasunez jantzia.

 

Hitzaurrea

RAMON INTZAGARAI «ELURMENDI» (1878-1947)

 

  Donostian munduratu zen, 1878ko otsailaren 21ean. Biharamunean Santa Maria elizan bataiatu zuten Ramon Felix izenez. Gurasoak Jose Intzagarai Arizaga eta Gabriela Basterrarena Olaizola ziren, biak donostiarrak. Lau seme-alaba izan zituzten: zaharrena, Ramon; bigarrena Joaquin, 1879ko martxoan jaioa; hurrena Maria, 1880ko uztailekoa; eta azkenik Maximo Pio, etxeko txikia, 1891n jaioa.

  Gasteizen apaiz-ikasketak egin eta 1903an apaiztu zen Ramon Intzagarai. Urte batzuk egin zituen Altzako Mirakruz gaineko mojen kapilau eta gero San Bizentera aldatu. Bertan aritu zen apaiz laguntzaile, bizi guztian, beste inora aldatu gabe. 1947ko azaroaren 29an hil zen, 69 urte zituela.

  San Bizenteko betebeharrek uzten zioten neurrian, euskara eta Donostiako historia ikertzen aritzen zen, liburuetan nahiz Donostiako kaleetan barrena, begiak erne eta belarriak ondo luzaturik. Garai hartan, Gipuzkoa plazako liburutegiak ba omen zituen bi erabiltzaile finko samarrak: Julio Urkixo eta Ramon Intzagarai bera. Irakurle jakin-nahi porrokatua zen, Augustin Anabitarteren hitzetan esateko, eta asko irakurria dela antzeman daiteke bere idatzietan, darabilen idazkeragatik baita egiten dituen aipamenengatik ere.

  Donostia bere herriko euskaratik abiatu eta hura osatuz eta aberastuz eraiki zuen bere idazkera. Esan liteke «gipuzkera osotuaz» idazten zuela, Azkuek kontzeptua formulatu baino askoz lehenagotik.

  Donostiako kaian txikitan ikasitako euskara adierazkorra zen abiapuntua. Eta horri erantsi zizkion beste ezaugarri batzuk, euskara garbiago batean idazteko helburuz. Baina zentzuzko garbizaletasuna zen berea, ia neologismorik gabea. Nahiago zuen Azkueren hiztegitik nahiz beste iturrietatik ikasitako hitzak sartu, asmatutako hitz berrietara jo baino. Ez zen, ordea, asmo estetiko edo higieniko hutsa berea, baizik eta irakurleei euskara aberatsago eta zehatzagoa eskaintzea, bide batez, ohartu gabe barneratu zezaten. Honelaxe dio Argia asterokoaren lehenbiziko alean (1921-04-24):

 

  Orain arteñoko euskerazko lan ederrak, irabazi duen toki garayean begoz; gure lana beragokoa da; lurraren axalean ibilli nai giñake, oraindik ortxen daude ta euskaldunen abarka ta mantarrak; bañan astero-astero irakurri ezkero gure papertxo au, gure irakurle maiteak asko ikasi dezakete, uste gabeka ta pittin pittinka eragin oi diralako nagusi izena daramaten gizarteko jakinbide guzik.

 

  Lortu nahi duen zehaztasunaren agergarri, ikus bedi berak idatzitako esaldi hau: «euskera ikasi nai ez duen euskal erritarra, etxekalte». Horra ustez laurogei urte beranduago ?aurkitutako? izendapen bat («euskal herritarra»), XX. mende hasieran ezin hobeto adierazia.

  Asmo pedagogikoa bere idazkeraren beste hainbat alderditan ageri da: nolako gaiak aukeratzen dituen, gai horien tratamenduan, nolako ondorio jarri nahi dituen agerian, eta abar. Ordura arte ia apaizik gabeko literatura zen Donostiakoa: zapatari eta iturginek eta gisa horretako ogibideak zituztenen eskuetan zegoen, eta batez ere barre algarak eragitea zuen helburu. Bestelako literatura dakarkigu Intzagaraik, jostalari eta alai izateari utzi gabe, bide zuzena zein den erakutsi nahi duena. Izan ere, betiko balioak —euskara barne— galzorian dauzkan gizarte baten erdian bizi da eta bere iritziz balio horiek salbatu beharra dago.

  Bere lanetan ageri den beste ezaugarri bat bere donostiartasuna da. Esan dut bertako hizkera hartu zuela oinarri eta harrobi, baina hizkeran ez ezik beste mila xehetasunetan jartzen digu Donostia agerian: bertako kaia, arrantzaleak, arrain-saltzaileak, kaleak, iturriak? hainbat eta hainbat kontu eder. Donostiarekiko bere maitasuna argi ikusten da Azkueren esaldi honetan: «Nok atara Intzagarai Donostiatik?». Izan ere, idazle gutxik eramango dio Donostiari zion maitasunean, eta ez bakarrik sentimenduz, presentziaz baizik. Hala ere, maitasun hori hiri historikoarentzat da, ez zati berriarentzat; bulebarretik hegoaldera, bere hitzetan esateko, «euskara arrunt hil da», eta ez du interesik batere euskara gabeko Donostiaz. Beste behin esango du: «Euskal Herria da nire etxea», hau da, euskaraz mintzo den herria. Azken batean, Donostiako gaztelupean berak maite dituen gauza guztiak eskueran dauzka: Jainkoaren etxea, Donostia eta euskara. Zertarako atera bertatik?

  Euskararekiko maitasun hori dela medio, gerra aurreko eta ondoko euskal idazle donostiarrentzat ezinbesteko erreferentzia izango da: Dunixi, Anabitarte, Jesus Maria Arozamena, Joxe Artetxe... denak eskerronez mintzo dira Ramon Intzagaraiz, denek dute hitz xamurren bat berarentzat: apaiz on-ona, gizon isil eta leiala, euskaltzale bikain eta burutsua, atsegina, argia, apala, gizartekoa. Hori guzia baldin bazen, ez da harritzekoa hain maitea izatea.

  Bere umoreak aparteko aipamena merezi duela uste dut. Beti ba omen zuen zerbait kontu barregarri kontatzeko.

  Ezaguna da, adibidez, behin aitorlekuan gertatua. Arrantzale bat inguratu zaio eta honela dio don Ramonek:

 

  —Zenbat denbora etzerala konfesatu?

  —Zazpi urte.

  —Zazpi urte? Nun ibilli aiz bada?

  —Itsasoan...

  —Zazpi urte itsasoan? Legatza al zera?

 

  Eta barre algara egin omen zuen apaizak, aitorpenarekin jarraitu aurretik.

  Anizeto Zugastik beste baten berri ematen digu:

 

  «Behin batean bi gazte ba omen zihoazen kostako trenean. Gelditu omen zen trena eta Patxik galde Pellori:

  —Pello, nun gaudek?

  Eta Pellok:

  —Etzekiat, baño laxter ikusiko diat. «Retrete»n gaudek.

  Orduan Patxik:

  —E! Mokaru bat artu bear diat!»

 

  Eta Intzagaraik bere barre algara luzea eginez alde egiten omen zuen.

  Umore horren zertzeladak non-nahi agertzen dira bere idatzietan. Gertatu zitzaion, ordea, gerra ondorena pairatu beharra, eta azken urte haietako bere lagun Joxe Artetxek zioenez, ordurako umorea zeharo galdua zeukan. Eta azkenean tristurak hil omen zen.

  Gazterik hasi zen euskaraz idazten. Bere lehenbiziko idazlana 1893an argitaratu zuen, 15 urterekin, Donostiako Euskal Erria aldizkarian. «Galdeera polita» du izena eta ahapaldi bakarreko bertso bat da, oso egokia adin horrekin idatzia izateko. Horren ondoren idazlan asko eta asko etorri ziren, horietako asko neurtitzetan, baina askoz gehiago hitz lauz. Era batera zein bestera, hainbat sari eskuratu zituen euskarazko lore jokoetan. Ondoko izangoiti hauek erabili zituen: R. I. Basterrarena, Donosti, E. I. eta Elurmendi. Azken hori erabili zuen Argia asterokoan eta bera zen ezagunena. Bada gabon-kanta bat, denok inoiz kantatu duguna, berak jarritako hitzak dituena: «Gabeko izar argitsuena». Beharbada berak idatzitakoen artean famatuena.

  Irakaskuntzan ere aritu zen, Círculo Integrista-n euskara irakasle jardun zuen eta Arozamenak dioenez, latina irakasten ere aritu zen.

  1919an izendatu zuten euskaltzain, eta akademian idazkari kargua bete zuen. Gerra ondoren, 1941ean Euskaltzaindia berriz bildu zenean, hiru lagun baino ez ziren gelditzen gerra aurrekoetatik: Azkue, Urkixo eta Intzagarai bera. Hil zenean bere lekua Manuel Lekuonak hartu zuen. Gaur egun Bernardo Atxagak betetzen du, Juan Mari Lekuonaren lekukoa hartu ondoren. Ez da segida txarra. Ez dut uste horretan kexurik izango duenik.

  Baina bere euskal lanetan nahitaez nabarmendu beharrekoa da Argia asterokoa. Argia aldizkaria sortu zuten sei lagunetako bat izan zen eta hasieratik egokitu zitzaion «Astea» sailaren ardura, Gregorio Mujika Jemerekin txandaka. Urteak aurrera egin ahala murriztuz joan zen hasierako gizatalde hura, eta azkenerako bera bakarrik gelditu zen. Honelaxe dio berak:

 

  ?Len bagiñan amaika: andik laxter sei; gaur bakar-bakarrik nabil, ta atzerritar satsua bezela auzo-biltzarrak narabilte??

 

  Lankideak aienatu ahala, argitalpenean ardura gehiago hartuz joan zen Intzagarai, eta, tamalez, kazetari ardurek gaina hartu zioten bestelako zaletasunei eta ondorioz bere idazlan literarioagoak-edo bakanduz joan ziren.

  Dudarik gabe, Ramon Intzagarai da Argia asterokoaren haria, lehenbiziko zenbakiko «Agur!» izeneko artikulutik hasi eta azken zenbakian, 1936ko uztailaren 19an, argitaratu zuen bere azken Asteko kronikara. Bere estilo nabarrean denetik kabitzen zen: ipuina, alegoria, kritika, omenaldia, kronika, olerkia... Testu berean erregistroa aldatzen zalea zen, irakurketa arintzeko baliabide gisa, noski. Kazetari ona zen bezala, oso sintaxia erraza zerabilen. Horren emaitza bere idazlan atseginak dira.

 

  Nondik nora Orain arte, kabuxak izena Intzagarairen bilduma hau izendatzeko?

 

  —I, Tutulux, ezer arrapatu al dek?

  —Orain arte kabuxak! Lupiyak ere etorriko dituk!

 

  Kabuxak balio gutxiko arrainak dira, sukaldean bat ere estimurik ez dutenak. Lupiak, berriz, arrain zaporetsuak dira, baina harrapatzen zailagoak. Intzagarairen metafora horretan arrainak irakurleak dira. Kexu da euskarak irakurle gutxi dituela, baina aldi berean itxaropentsu agertzen da egunen batean arrain handiagoak harrapatuko dituelakoan:

 

  Nekazariyak ez du, batebatean, uzta jasotzen; aldi askotan arrantzaleak saskiyak utsik dakarzki; bañan bata ta bestearentzat urrengo txandako itxaropena argi-argitan dago. Argirik ez danean, oro illun.

  Itxaropenik ez balitz, indar ta kemenak agortuko lirake, naimen guziyak urtu ta joan, ta egun bateko langille besterik ez giñake izango.

 

  Ramon Intzagarairen idazlan-bilduma hau ikustean burura datozen ideien artean bat nagusitzen da ezinbestean. Izan ere, bere azken urteetan idatzi zuen Historia eclesiástica de San Sebastián liburuagatik da ezagun, neurri batean bederen. Euskaraz ehunka —milaka ez esateagatik— orrialde idatzi eta gero (liburutxo bat ere argitaratu zioten, 1922an, Ipuiak izenburuarekin), euskararen alde hain sutsu, hain eskuzabal aritu ondoren, idazkera aberats, zaindu eta zehatza landu ondoren, gogorra da ikustea inor gutxi oroitzen dela euskaraz egindako lan eskerga hartaz.

  Noizbait iritsi behar zaio lupia-garaia eta oraingo hau aukera on bat izan daiteke horretarako. Berak uste ez zuena da orduan botatako amuarekin gaurko arrainak harrapatzeko moduan egon zitekeenik.

  Idazlan bilduma honetan 1910etik 1931ra bitarteko hainbat idazlan jasota daude. Garai horretakoak izanda sartzerik izan ez duten testuen artean ondoko hauek aipatuko genituzke, nahi duenaren jakingarri:

  Itxaso barrenean, Aterik ate, Udare txustarra, Erri doatsua, Etxekalte berriz, Negua, Gorra, Gure izarra, Itxua, Urte berri, Txanbolin, Txalogarri, Urtamu, Beti bezala, Ase ote zan?, Mendiko jaya, Sasoya, Arroxko, Alpertxulo, Gabiltzanak, Txipiroi xaltxa, Begi-zulotik malkoa, Gure eskolak.

 

  Ales Bengoetxea

   

Pasartea

ARRANDUNAK

   

    Gure itxaso baztarretan, arranduna arrantzalea bezin ezaguna da. Arrantzaleak ekarri, onek eraman. Arrek atxi, onek zabaldu.

    Itxasoko arazoak neketsuak dira, bañan arrandunarenak ez dira ariñagoak. Goiz jaiki, zalantzan egon, luzaroan itxo egin, itxaso zabalean begiyak maiz erabilli, txalupak non ote dabiltzan jakin nairik. Txango luzeak egiten ditu arrandunak arrantzaleen zai. Ez da bakar izaten ez, bañan naiz bi edo iru izan zai daudenak, zaitzako txangoa motel-xamarra izan oi da tartekako berritsuketak ez bada. Arrandunak ordea, geienak erautsiyan ondo dakite.

    —Aizan, Ixabel, atzoko tramana non saldu unan?

    —Txarramiyolako etxekoandriak artu zidanan...

    —Tramana aundi ura guziya?

    —Guziya! Etxean langille asko zeuzkan. Jende asko dan tokiyan, danik tramanena ere, errex irentzen diten...

    —Nik beintzat, naiko lan izan niñan nere otarratxua saltzen?

    —Zer bada?

    —Arrai zakarra niñan-da.

    —Zer unan bada?

    —Kolaio, pinpiño, xapo, tatxuela ta bi txautxa aundi.

    —Zakar ta guzi ordea, ik diru ona atera...

    —Baita nekatu ere. Lenbizi Urdanurin, gero Solaxtiarren, azkenean Unbulategin? Emen, erri maite ontan, guziya saldu niñan.

    —Unbulategin oso arraitzaleak ditun. Jango liteken panela zar bar ere, gatzaz ondo estali ezkero... Solaxtiarren ordea... ua! ua!... Ango Joxepa Beltxaran arrek bazekin arraien berri... Ez diyon berialakoan xiriyik sartuko... Beti marruaz, beti erriyetan... beti arrai zakarra eramaten zionagula!

    —Emen den!... emen den!... Arraia! arraia!... Goazen aguro!...

    -Zeñena da? Karrakillona, e?... Goazen, aidean... Karrakillo!

   

    Emakume aiek kai-muturrean daude. Arrantzaleak arraia badakarte, ta asti gutxi barru, arrai-motak, kaieko arri gañean, azaltzen dira. Arraien-inguru jende asko bildu da: arrantzaleen emazteak, txalupa-nagusi edo etxekoandreak, arrandunak, ta beste gizon ta emakume asko zeregiñik gabe, ikusi-murriyaz bakarrik. Ontan, emakume sendokote batek zintzarri aundi bat jotzen du. Ixo! ... Ixo! ... Salketa oraintxe da.

    Salneurri bar aboz oiutu du emakume sendoak. Oste ari geiegi iduritu zaio. Salneurriya jetxi ta jetxi dijoa, ta azkenean, apain jantzita dagon emakume batek arrai guziya beretzat artu du. Beretzat ez, bere erritarrentzat, bai!... Iñork eztaki noraño joango dan arrai aien ixaxka. Emakume aiek berritsuketan daude. Eroslearen maxiantzan.

    —Arrane! ... arrane!... Nik orrek aña diru banu!... Ta beti orrentzat!... Ta guk ez aldegu bizi bear!. . .

    —Ixillik agonan!... Etorriko den gure txanda ere!

    —Berriz ere arrai zakarra salduko diñagu! Berriz ere, Solaxtiarko musu zikin arrek esango zigun, iñork nai ez diñan arraia eramaten zionagula!...

    —Begira e! —diyo saltzalleak—. Nik nai diyodanari salduko diyot... zu ixo!

    —Zu ixillik, zu!... Tramana, alen tramana!...

    Mototsetatik tinkaka asiko ziran... Badator ordea beste arrantzale ontzi eder bat. Onek, besteak baño arrai geiago dakar. Kai-muturrera eldu daneko, kai-gañean dauden emakume guziyak pozaldi baten xarraxtak alai-alai biurtu ditu. Ugari dakar; guziyentzat izango da noski.

    Leporaño beteta dator ontzi aberats ori. Itxasoaren emaitzik bikañena berorrek dakar. An dauden erosle ta saltzalleak salneurritan errez bateratu dira... Alde guzitatik otarra badator... Bete, bete!...

    Ixabel, Mamerta ta Teolima, Urdanuri, Solaxtiar ta Unbulategiko bidean dijoaz.

    Ixabelek ala diyo:

    —A zer zakarra gaur Joxepa Beltxaranak!... Abo zulo-zulotik, txardiñik ederrenak sartuko zizkiñonat. la, bein ixiltzen diñadan!... Beti arrai zakarra!...

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera