Lourdes Otaegi
Joxe Austin Arrietaren Orbaibar hau poema-sorta egituratua, landua da; hein batean, diskisizio arrazional eta dialektikorako jaidura du, gaur egungo lirikaren esparruan aski bereizlea gertatzen dena. Egileak hizkuntzarekin jolas etengabea egiteko joera ere badu, eta pasio barroko baten grina: hitz-joko, retruekano, ironia eta bestelako hitz-irudi eta pentsamendu-bihurritze egitekoa. Testuartekotasuna eta hizkuntza-jokoa errealitatearen konplexutasunaren mimetismoaren ikur: poesia barne-mamuen gatazka-leku antzetsua, jokatua eta xehekatua da autorearentzat; kontzientzia osoko jarduna da, halere, liburuaren eraikuntzak berak erakusten baitu literatur mintzairaren atsegintasun hori ez dela noragabea edo hutsala: espazio eta denbora koordenaden artean, errealitate eta desioaren artean jokatzen duten ardatz poetikoek, konplexutasuna, bolumen arkitektonikoa, proiekzioa ematen diote. Hala, bere baitatik atera eta ingurukoen errealitatearekin bat egin nahiz konprometitzen da autorea. B. Brechten «Garai txarrak Lirikarentzat» poema enblematikoa aipatuz lirikaren ugaritasuna versus Hitlerren lazgarrikeria oroitarazten digun bezala:
Nire baitan elkar-liskarrean beti
sagarrondo loratu-berriarekiko liluramendua
eta brotxa-lodiko-pintorearen hitzaldiekiko sarrakioa.
Baina bigarrenak bakarrik
bultzatzen nau idazmahaira.
1.- Neuk ere ikusi nuen
umetan Harrotasun Beheitituaren Hilerriko
Estatua Uhertuen so harritua.
Baita han urrunean
itsaso oroahaltsu orohedatuan barrena
hainbat arrasto irisatu argitan dizdizari ere,
ezin esanezko izen sagaratu
aurtemehin ondikotz
gure burmuin soilduetara koroa jadanik jadetsezinezko petalo
irradatuak,
murtxikatzean ere otoitz urikaldu urrikalgarri bihurkoi,
barne-hustutako moluskoen maskor huts iduri
hondartza-bazterretan.
Goroldio nonahitarrez estalirik
lizun usaina baitario baratze behinola naro
orain zaharminduari, eta
higatua da estatuen kare-harria, ozta-ozta dira
sudur eta hazpegi igargarri
ninfa jolastien keinu irriskoiak
eta apaburuen bazka dautza urmaelean
gaztain-oskol eta intxaur-hostro horituak
asekuntza okaztagarriaren sunda
hortz-hagindura ausiabartuan...
2.- Et-et-et: eten dezagun, baina, jardun hau.
Ezagunegia baita horrek darakuskigun ezinbestetasuna:
ni-sortu,
gu-bizi,
ni-hiltzen gara.
... ... ... ...
Nihil humanum alienum puto
(putas, putore, putavi, putatum):
jesus-maria-eto jose
iharrosten zitzaidan arima-hondoa
latin aditz noble alabaina zizkolatsu
iruditzen zitzaidanaren erroak ahoskatzean,
Eliza Ama Santaren
benetakoaren hiperbole
Hiperkatolikoaren
altzoan netzalarik,
artean gazteño, artean zimel...
Alfer-solasik ez, othoi. Noan, hoa, goazen bestetara, bada
eta zer jorratua, eta setari non jarraitua.