Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Oroitzak eta beste ipui asko

Iraola, BitorianoAuspoa, 1962 Ipuina

Hitzaurrea

Hitzaurrea

 

Antonio Zavala, s.j.

 

        Bitoriano Iraola Aristiguieta Pasayan, San Juanen jayo zan 1841 urtean, baña bere denbora guzia Donostian egin zan. Azpeitiar batekin ezkondu zan, Katalina Alvarez'ekin.

        Legazpi kalean bizitu zan, bostgarrenean. Litografo zan eta lan-tokia etxean bertan zeukan.

        Makiñak mugitzeko, asto bat ibilli arazten zuten bueltaka etxeko patioan.         Gerratean, karlistak Mendizorrotz'tik Donostiari tiratzen ziotenean, bein granada bat Iraolaren etxean sartu omen zan, bestea berriz kalean erori. Iraolak biak jaso, bakoitzari eroritako eguna jarri ta etxean gorde oi zitun oroipengarritzat.

        Bein bañan geyagotan Donostiko kontzejal izan zan. Bera izan zan tamarindo arbolak ekartzen alegindu ziranetako bat.

        San Tomasetan edo, iñor erregaluekin etortzen bazan, bera etxean bazan, ateondora joan, etorritakoari ostikoa eman ta eskalletan bera bialtzen zun bere erregalu ta guzi. Losintxa gutxi arekin.

        1899 urtean Parisa joan zan orduko Exposizioa ikustera ta globo batean igo omen zan.

        Euskal bertsoak erruz jarri zitun. Orduko aldizkarietan banatuta agertzen ziran. Gai guzietako bertsoak izaten zitun, bañan ayetako asko par-eragitekoak. Maiz eman izan zioten saria.

        Ipuyak ere asmatu oi zitun. Par-eragitekoak denak edo geyenak. Artara zun bere joera. Emengo denak ere alakoak dira. «Baserritarra» zeritzayon aldizkaritik artuak daude. Ipuyaren bukaeran bere izena jartzen du; bañan lau bat aldiz izengoitia: Txuri ta Sei; bitan ez izenik eta ez izengoitirik. Bañan ezagun dute Iraola aita dutena.

        Teatro lanean ere sayatu zan: Komeri, zarzuela ta bakar-izketa, amabost ale: «Bi itxuak», «Petra txardin-saltzallia», «Ardita beti ardit», «Pasayan», «Gabonetan», «Txomin Donostiyan», «Zeladore baten estuasunak», «Joxemaritarrak», «Xordo», «Leokadia», «Pulpuba» , «Onentzaro gabe», «Ergobiyan», «Ixkiña Mutrikun».

        Gizon bikaña omen zan, altu ta lodiya. 1919 urteko Agorrillaren 19'an il zan. Eriotzaren berria ematean, ala zion Euskal Esnealea aldizkariak:

        «...Makiña bat ipui, izkirimiri ta gauza alai idatzita joan zaigu Iraola gizarajoa...

        «...Olerkiak idazten ere ederki zekien. Emen bertan agertu ziran «Euskalerriko txoriyak» eta beste asko. Idazti batzaldietan ere sari ugari irabazi zitun donostiar jator onek.

        «...Oso donostiarra zan Iraola. Donostiko euskera zan berea, Donostia zarreko ipui ta gertaerak ederki zekizkian; arrantzale, txardiñ-saltzalle, zeladore ta orrelakoak ondo ezagutzen zituan.

        «...Il da... il onen 19'garren egunean. Urte asko zituan bañan sendo ta tente zebillen oraindik.»

Pasartea

Bidean

 

        Nik uste det burni-bide infernutar abek baño, obiak zirala denbora bateko galera patxara ederrekuak: Madriltik afaitatu berriyak atera eta allegatzen zirala Donostiyara iya petxurañoko bizar primoriarekin.

        Orain kotxian sartu eta otzak, edo danak alkarren gainka beruak ito nayian, sugur zuluetatik autsa sartuaz rapia bezela; batek kallua zanpatuaz eta bestiak sabela estutuaz.

        Gure kotxian badator señora bat, aguardinta alkanforatu usai pestia botatzen duela, erdi pasatu alakua, lanazko txakur petral batekin, belaungañera saltatu eta asten dana arraskaka galtza guziyak zulatuaz.

        —Txuliya —diyo señorak noizian bein—, milizka zazu jaun ori.

        —¿Ni txupatu zakur orrek? —diyo errementari beltz batek boinari tiriaz—¿Karamelua naizela uste al du?

        —Orra, ikustiatik da zer mantxua dan. Tira, Txulita, atera zazu mingantxua.

        Txakurrak egin diyo alako begiratu xamur bat bere señorari eta asi da banaka banaka guziyak mllizkatzen, baña allegatu danean errementariyagana, artu du apalian zeukan ardo zatua eta jo eta akabatuko zuen, ez baziyoten eldu esanaz:

        —¿Gizona, zer zuaz egitera?

        —Txupa dezala bere ama, ez ni.

        —¿Baña ez dezu ikusten txiki lanazkua dala?

        —Igual da algodoizkua bada're.

        Ontan allegatu da billetien enkargatua eta diyo oso modu txarrian:

        —Ia txakurren billetia.

        —¿Nola? —diyo señorak ajuka—. ¿Sei urte ez dituen animali txiki batek, pagatu biar du billete osua gizon batek bezela?

        —Eztago erremeriyorik.

        —Ori da erreparo gutxi izatia kriantza oneko señora batekin. ¡Ai! Deskana egiteko zoriyan nago iya. Jarri nazazu eskua kopetian —diyo errementariyari-, ikusiko dezu zer izerdi otza.

        —Nik ez dizut jarriko eskurik ez or eta ez beste iñun.

        Azkenian urrikaldurik enpliatua, uzten diyo txakurrari billete erdiyakin, lanazko aur bat balitz bezela.

        Ontan allegatu geranian Beasaiña, non ikusten degun sekulako jendia trenen zai, kotxietan sartzeko alkarren gainka.

        Señora jarri da txutik atian, ango sarrera galazteko baña... lo niok.

        Bestien tartian, or dator karabineruetako ofiziale arpegi gaiztoko zar bat, saku batekin, kartoizko kaja, guardasola, bi kañoiko eskopeta, esku makilla eta iru edo lau ezpata, guziyak espartzuz lotuak. Txakurrak ikusi zituenian puska ayek guziyak, asi da zaunkaz ero baten modura.

        —Emen ez dago lekurik orrenbeste gauzentzat —diyo señorak.

        —¿Ez, e? —diyo ofizialiak— txakurra ostikoz juaz.

        Bota ditu puska guziyok eseri lekura; atera ditu loiz betetako bota aundiyak eta elefantien belarriyak zirudite zapatilla zarpaill batzuek jarriyaz ala diyo mustatxuari tiriaz:

        —¿Ikusten du nola zeguen lekua denentzat?

        —Bai, guk egin degulako.

        Ofizialien atzetik sartu da zortzi-bederatzi arruako gizon bat, izerdi patzetan oso nekatua eta plasta non eseri dan txakurren gañian. Au karrasika asi danian, señora, ero bat egiñik, atzamarkatu nai zuen gizon lodiya.         Errementariya're sutu da señorak kallua zanpatu diyolako eta diyo trago on bat egiñaz:

        —Gaur badakit ankaz gora zein joango dan leyotik.

        Karabineruak altxa ta artu du bi kañoiko eskopeta, errementariyen alde ateratzeko, ardo trago bat eman ziyolako.

        Noizbait guziya sosegatu danian, gizon lodiya gelditu da lo, zurrungaka nere bizkarren ganian, igortziyaz txit legun ille muturrakin masallian.         Errementariyak trago ta trago egiñaz atera du eskopeta añako saltxitxoi bat eta, xerrak janaz, asi zan kantari orruaka : ¡Mandilola, Mandilola!

        Donostiyako estaziyora allegatu nintzanian, egin nuen juramentu ez nintzala nere biziyan geyago iñora joango, alik eta jarri artian galera patxarakuak, len ziran bezela.

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera