Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Ospitalekoak

Albisu, MikelSusa, 2010 Nobela

Aurkezpena

        Mikel Antzak bi ipuin liburu eta antzerki obra bat argitaratu zituen 80etan, baita zenbait itzulpen ere: Peter Handke, Daniil Kharms, Paul Eluard... edo Jean Geneten bi pieza garratz. Hogeitaka urte geroago dakar orain bere lehendabiziko nobela, Fresnes espetxean idatzitako hau.

        Preso bat neskalagunari idazten ari zaio kartzela-ospitaletik, egoera hain makurrera nola iritsi den azaltzen, kontakizunak aurrera egin ahala gertakari estrainio eta ezustekoen kate bat bihurtzeraino.

        Tinko lotuko zaio narrazioari, biziraupenaren arrazoi eta kausa ia bakar horixe duela. Gauaren erdian esnatuko da, bururatu zaion esaldi edo pasadizo bat zirriborratzeko, bere azken hitzak balira bezala, biharko egunak zer zapokeria ekarriko dion asmatu ezinik.

        Oroitzapen eta sentiera barnekoiz bustitako eleberria duzu, gatibutasunari buruzko kronika zorrotz trenkatua, orobat ihes eta libertate desiraren aldarria.

Pasartea

        Hona iritsitakoan, asmatutako nire jaiotzari buruzko kontakizunak zentzu berria hartu din nire begietara. Maiz gertatu ohi den bezala, luzaroan ahaztutakoa bat-batean gogoratzerakoan lehen baino indar handiagoz jabetzen dun gutaz, zentzu berriz ikusten dinagu gure iraganeko pasadizo zehatz bat, orduan ulertu ez genituenak garden-garden azaltzen zaizkigula begien aurrean, lehenago nola ez ginen ohartu ulergaitz egiterainoko gardentasunez.

        Nondik gatozen eta nora goazen. Zergatik jaio garen. Zergatik gauden munduan. Zentzurik ote duen bizidunen arteko iraganaldi honek. Ezer ez ginenetik ezer ez izango garenerako bidaldi gorabeheratsuak. Ba al dago loturarik gure lehen arnasaldiaren eta gure azken hatsaren artean? Gure lehen negar malkoaren eta azkenaren artean? Lehen irriaren eta azken irriaren artean? Horrelako galderak bakardadean baino ezin dira egin. Egoera berezietan. Eguneroko bizitzaren anabasan ezinezkoa da galdera horiek norberaren buruari pausatzea. Mundutik isolatzeko gaitasuna dutenez gain, ermitauek eta kartzelan bakartuek dute soilik denbora halakoetarako.

        Ez dakit biharko egunak zer ekarriko didan. Bederen lerro hauek utziko ditut, nire igarobidearen aztarna.

        Istripuaren ostean larrialdi zerbitzuan hartu ninduen medikuak nire egoera muturrekoaren berri emateko erabili zuen esaldia ez zait ahanzten:

        —Honek izan du zortea, honek! Berriro jaio da!

        Hor nengoen, ahoa ezin ireki, hankak sentitzen ez nituela, orain bezala, eta artean besoak ere ez. Burua lepoko batez tinkotuta. Begiak kliskatu nituen.

        «Berriro jaio naiz», pentsatuko nuen.

        —Berriro jaio naiz... —murmurikatzen saiatuko nintzen.

        «Hirugarren aldiz jaio naiz, beraz», pentsatuko nuen oharkabean, irribarre gaixtoz, nire jaiotzari buruz asmatutako ipuina gogoan.

        Eta anestesiak bere eragina egin aurretik erabaki ninan kontatu behar ninala, nola berriz jaiotzea bezalakoa izan zen azken istripu hori baino lehen ere jadanik bitan jaiotakoa nintzela.

        Ospitalera iristean, oraindik nire bi zangoen jabe nintzela, nire jaiotzarekin gogoeta egiten hasi nindunan. Hona iritsiz geroztik nagusitu zitzaizkidan aurre-sentimendu ilunek izango zitenan eraginik.

        Ez dut nire jaiotze unearen oroitzapenik, noski. Amak A. klinikan munduratu ninduela dakit. Goizaldean jaio nintzela ere bai. Gurasoek nire jaiotzari buruz esandakoak oroitzeko alferrikako ahaleginak egin ditut. Ez gara gure heriotzaren lekuko izango, eta gure jaiotzari buruz jakin izan dugunaren oroitzapena ezabatzen du denborak.

        —Hor jaio zinen —esaten zidan txikitan amak, klinika paretik pasatzerakoan.

        Ez dakit zergatik, baina nahiago nuke klinika arrotz eta hotz batean baino etxean jaio izan banintz. Agian amak klinikara egindako arauzko bisiten ondorioz, sabelean hazten nintzen arau sortuko zitzaidan ospitaleekiko gorrotoa.

        Jaiotzeko eguna iritsi zenean, dardaran hasi eta bederatzi hilez bizileku izan nuen itsaso epela husten hasi zen. Umetokiarenak egin zuen, indar garaiezin batek bertatik lekutu behar ninduen, artean kanporantz zela ez nekien norabidean. Dena zen taupada eta uzkurtze, haragi eta odol zurrunbilo batean bilduta nengoen.

        Bukatua zen nire mundu lasaiko igeriketa axolagabea, bakardaderik gabeko bakartasuna, bakantasuna, amaren etenik gabeko fereka eta goxotasuna. Nire itsasoa galtzen ari nintzen eta korronteak mundu ezezagun bateko hondartzara ninderaman naufrago, ezgai, ezdeus, ezindu.

        Estua zen arren pasabidea, betiereko indar batek harantz ninderaman ezinbestean. Zer zen ordura artean ezagutu gabe nuen itolarri eta presa hura?

        Borroka latz baten ostean, bat-batean pasabidea zabaldu eta zarata izugarri bat nabaritu nuen, haize hotz batek zaplaztekoa jo zidan aurpegian, oraindik epelean nituen oin tipietarainoko hotzikara sentitu nuen.

        Ez nuen habia epeletik irten nahi. Eta borroka latz horren ostean ahitzear nituen azken indarrekin atzera egitea lortu nuen. Erditzearen unerik zailenean burua guztiz kanpora ateratzear nuela, emaginaren hatzek indarraren indarrez itxura gabetzen ari zitzaidan kaskezurra heltzekotan zeuden une horretantxe, berriro ere umetokira sartzea lortu nuen. Amaren sabelera itzuli nintzen, jadanik ez zegoen itsaso galduaren bila!

        Bigarren saioan lortu zuten amaren sabeletik ateratzea. Esku arrotzek hartu ninduten besoetan, garbitu ninduten, arnasbideak zabaldu zizkidaten. Airez bete zitzaizkidan birikak eta itsas minez arima.

        Amaren sabelaren gainean jarri ninduten. Ez nituen begiak ireki nahi, ez nuen klinikako hoztasuna ikusi nahi. Itsututa jo nuen haren bularraren bila. Inork irakatsi gabeko lehen ekimena burutu nuen titiburua topatu nuenean: ahoa ireki eta edoski nuen, edoski, edoski, edoski, munduan inoiz izan den mamarik goxoenaz mozkortuz. Eta esnearen gozoak eta zuriak sabela eta garuna bete ahala, istant batzuk lehenago arte bizileku izandako itsaso berdingabe haren gazia eta ordura arteko paradisuko bizitza ahantzi zitzaizkidan, betiko.

        Hartara, lehendabizi jaio egin ninduten eta ondoren, gogoz kontra bada ere, jaio egin nintzen. Bizitzako lehen eten handia.

        Geroztik etxetik kanpo lehendabizi eta Herritik kanpo ondoren eman ditudan urte hauetan guztietan makina bat aldiz hasi behar izan dut bizitza ia-ia hutsetik, gainean neramatzan arropak besterik ez nituela.

        Eten bakoitza jaiotza moduko bat izan da, iragana izoztuta utzi duen kataklismo handi bat, erabateko aldaketa: paisaiak, jendeak, adiskidetasunak eta etsaigoak. Jaiotze uneko lehen eten hartaz geroztik, orain arte bizi izandakoa, Kantauriko olatuek ferekatzen dituzten Txubilloko flyschen antzera, ongi bereizitako geruza fin eta lodiez gogoratzen dut.

        Azkenaurreko geruza atxilotu nindutenean osatu zen. Eta azkena, oraingoz, elbarri utzi nauen istripuak markatzen du. Hanken erabilera galdu eta eskuena berreskuratu dudan aroan bizi naiz harrezkeroztik, hôpital-ean.

        Oraingoz elbarri ala betirako elbarri, nola jakin etorkizunak zer ekarriko didan. Zer beste geruzak osatuko duen nire bizitza. Dakidan bakarra da, lehen Amaren sabeletik bizien mundura bezala, orain bizien mundutik lekututa hilen munduaren atarira iritsi naizela.

        Gorputz erdia hilik duena zer dago, erdi hilik edo erdi bizirik?

        Xabierrek esango zukeen:

        —Abiatu izanaz damu eta iristeko presa gabe

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera