Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Ostiralero afaria

Genua, EnkarniKutxa Fundazioa, 2001 Antzerkia

Aurkezpena

        Ezadostasun politikoengatik haserretuta dauden bi anaia dira antzezlaneko partaide nagusiak. Haiekin batera, langabezian dagoen arrebak, hamasei urteko anaia gazteak eta guztion amak osatzen dute istorioan azaltzen den familia. Aitzakia, izebaren testamentua.

        Baina azken finean herri honetan elkarrizketarako dugun beharraz eta zailtasunaz hitz egiten duen obra da.

Pasartea

Bigarren eszena

 

 

(Ama etxetik ateratzen da. Espe bakarrik geratzen da. Gorka berriro eszenan sartzen da. Gorka 16 urteko nerabea da. Nahiz eta nahiko altu izan, oraindik umea dirudi. Bakeroak eta elastiko haundia darama. Bere jazkera zaindu gabe dago. Ez du musikako kaskorik eramaten, eta Espe dagoen aulki ondoan esertzen da)

 

        GORKA: Kaixo!

        ESPE: (Mahi gainean dagoen egunkaria irakurtzen ari da eta ez dio kasurik egiten) Ummmm!

        GORKA: Zer, iragarkiak irakurtzen? Gauza interesgarriren bat aurkitu al duzu?

        ESPE: (Kasurik egin gabe) Ummm!

(Isiltasuna)

        GORKA: Nekatuta al zaude Itxaro? Ez duzu aurpegi onik. Zerbait gertatzen zaizu?

        ESPE: (Egunkaria alde batera utzita Gorka tinko begiratzen du.) Gorka... EZ !!!!!!

        GORKA: Ez? Ez, zer ?

        ESPE: Ez dizudala mila pela emango. Alperrik zabiltzala! Niri dirua ez zait zerutik behera erortzen, ulertzen? Sentitzen dut. Paga ez bazaizu iristen, amarekin hitzarmena berrikusi edo... izorratu!

        GORKA: (Besaulkitik altzatxen da, eta beste puntan esertzen da. Haserre) Ez nuen dirua eskatzeko asmorik. Dirudienez zurekin ezin da maitagarria izan.

        ESPE: Barka mutil. Ez horrela jarri, baina nirekin ados egongo zara, aspaldian ez zarela nitaz gehiegi arduratu, e ?

        GORKA: (Beste aldera begiratzen) Utz nazazu pakean!

        ESPE: (Bere ondoan esertzen da pakea egiteko asmoz) Uiiii! Zeinen guapoa dagoen nire anaia txikia! Ziur nago bere atzetik neska ugari dabilela. Baietz?

        GORKA: Pakean uzteko esan dizut.

        ESPE: Ez izan burugogorra. Benga... Zerbait eskatu nahi didazu,ezta?

        GORKA: (Ezetz esaten, doinu gutural bat egiten du.) Greummmm!

        ESPE: Edo zerbait esan behar didazu...

        GORKA: (Aurreko soinua egiten du) Greummmmm!

        ESPE:(Gero eta gertuago jartzen da.) Ez izan horrelakoa!... Barkamena eskatzen dizut...

        GORKA: (Burua makurtuta, Espe begiratu gabe.) Badakit!

        ESPE: Zer da dakizuna?

        GORKA: Familia guztia biltzeko amaren arrazoia.

        ESPE: Kontxo, kontxo... Hona hemen Gorka gure detektibea.

        GORKA: Ez nago txantxetarako Espe.

        ESPE: Esan bada zure ikerketak zeintzuk izan diren. jakiteko irrikitan nauzu.

        GORKA: Sinistu behar nauzu Espe. Ama oker dago. Berak uste duena ez da gertatu, beno bai, gertatu da, baina txiripa izan da, besterik ez. Hori askotan gertatzen da, ematen duena ez da egia, eta egia dena ez du ematen.

        ESPE: Barkatu Gorka, baina ez dut tutik ere ez ulertzen.

        GORKA: Baina noski! Amari denok sinistuko diozue eta nire kontra jarriko zarete. Beti bezala! Agian Koldo ez. Koldo da gauzak hobeto ulertzen dituena! Baina Iñaki...

        ESPE: Argiago hitz egiten ez baduzu...

        GORKA: Eta hori dena... Tximo kabroi horrengatik. Nire aita dela uste du. Ziur nago amari telefonoz deitu diola, hori ez zela berriro gertatuko nik aitortu arren. Baina bai zera! Berak ere gurasoen aurrean puntuak irabazi behar ditu. Tximo... mierda-puta!

        ESPE: Txo, txo, txo! Lasai mutiko! Dirudinez hasi naiz zerbait ulertzen. «Tximo kabroi hori» Institutoko irakaslea da, ezta?

        GORKA: Bai.

        ESPE: Oker ez banago zure tutorea.

        GORKA: (Pazientzia galtzen) Baaaiii!

        ESPE: Zuekin oso ondo enroilatzen zena, ezta?

        GORKA: Bai, ondo esan duzu enroilatzen «zena» (Hori azpimarratzen) Baina orain... nazkante halakoa... Hanka sartze ederra egin du, bai horixe!

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera