Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Pailazoen eskuliburua

Ansorena, Jose IgnazioElkar, 2003 Antzerkia

Aurkezpena

Barre eginarazten duena

 

        Barre eginarazten duena ez da beheratzen, alderantziz baizik.

        Barre eginarazten die sorotik itzultzen direnei, esku hain gogortuekin itzuli ere, jada itxi ere ezin dituztela egin.

        Barre eginarazten die bulegoetatik, bularra airerik gabe, irteten direnei.

        Tailerretik, azkazal koipez belztuekin, itzultzen direnei.

        Barre eginarazten die egunen batean hilko direnei, ama galdu duten guztiei, edo galduko dutenei.

        Irriarekin istant labur batez beren miseriak, nekea, eta heriotzaren larritasuna ahantzarazten dizkienak, negar egiteko hainbeste arrazoi duten gizakiei barre eginarazten dienak, bizitzeko indarra ematen die, eta ongile bat bezela maitatzen da.

 

Mark Twain

 

Hitzaurrea

HITZAURREA

Andoni Egaña

 

        Mirriren kasuan. Txirrirenean hitz-aspertuaurrea egokiagoa litzateke. Eta Txiribitoni mok-mokaurrea eskaini beharko genioke legez.

        Ikasle nintzela ezagutu nituen. Beraien ikasle. Ansorena eta Txemarena. COU garaiak ziren eta orduan guretzat «Mixki» zen Ansorenak «Euskara eta Literatura» ematen zizkigun. Txemak, berriz, Txiribiton izatera iritsiko zenak, Matemáticas eta barregura. «Mixki»k batik bat eragin handia izan zuen guregan. Gogoan dut bera izan zela Euskal Filologia ikasketak egitera bultzatu ninduena. Emaitzak oso dudakoak izan direla esan gabe doa. Ansorenak akatsak bistan izateaz gain, badu akatsen bat bistan.

        Soldadutzatik bueltan, lanean hasteko garaiak heldu zirelarik, pailazoen eskaintza izan nuen Don Don Kikilikon telebista programarako gidoiak egiten hasteko. Hutsetik ekin nion. Ez nuen eskarmenturik batere. Eta pailazoek beraiek ere eskarmentua bazuten, baina herriz herrikoa, ez kameren aurrekoa. Elkarrekin ikasi genuen. Nik haiengandik gehiago noski, haiek nigandik baino.

        Gogoan dut «ETBaurrea» izeneko garai hura. San Miguel Patronatuko Egoitzaren lokal batean grabatzen ziren programak, gaur egun barregarriak irudituko litzaizkigukeen baldintzetan. Han jarri genuen abian Tortolika... Jaime Otamendi zen nirekin batera pailazoen lankide hasi zen gaztetxoa. Denboraren joanean, Jaime informatibo-buru izatera «iritsi» da. Ez dakit pailazoekin ibili izanak curriculumean mesederik egin dion. Niretzat begi bistakoa da bi lanpostuen ezkutuko lotura...

        Haurra ñañotzat ez hartzen ikasi nuen sasoi hartan. Haurrek nagusiok adinako adimena dutela entzun nien behin pailazoei, eskarmentua dutela, izatekotan, urriagoa. Baldintza hori geureganatu ostean edozer zen bidezko.

        Umorea oso gauza serioa dela irakatsi zidaten pailazoek. Gauzak ongi egin behar direla. Eta ongi ezin denean, txukun. Lan egiteko modu jakin bati heldu nion: pailazoenari.

        Baina horretaz haratago ere ikasi nuen Txirri, Mirri eta Txiribitonekin. Zer eta noiz zehazten ez nuke jakingo, irakasle onek ikasgaiak ematean ez baitute abisatzen. Esan dezaket, ordea, begi itsuka joko nukeela beraien edozein egitasmoren alde egitera. Besteak beste, lagunen lagun izaten irakatsi zidaten eta.

 

Pasartea

        Segundo labur batzuez ekar ezazue zuen oroimenera ezagutu duzuen pailazo handiren baten irudia: Charlot, Charlie Rivel, Marcel Marceau, I Colombaioni, edo, ejem! ... Mirri... Ez dute elkarren antz handirik. Baina, hala ere, berehala identifikatzen dira. Edonork, ikusi bezain azkar, asmatzen du zer den: pailazoa. Eta haurrek inork baino lehenago.

        Zertan antzematen da, ba, inor pailazo ote den? Hasierako kantuak erantzun du: «Bizitzaren bidean... Bide hortan zer dago? Negarra ta irria. Biok edango dugu nahi dugun guztia». Mozkorra da pailazoa, izugarrizko aitzurrak, negarra eta irria zurrutaka edateagatik etortzen diren mozkorraldiak harrapatzen ditu.

        Horregatik izaten du pailazoak sudur gorria. Hasierako zirkuetan mozkor itxuran agertzen zen, mozkorraldiak, ondotik ajeak eta kalteak ekarri arren, sekulako libertatea ere ematen baitu bestela askatuko ez genituzkeen sentimenduak adierazteko.

        Pailazoei eskainitako libururik inon aurkitzen baduzue (1), gehienetan aurreko orrialdeetan, historiaren zentzu zentzuzkoa erabiliz, kultura klasikoa erakusten duten lerroak aurkituko dituzue: Kristo baino hamar mende lehenago, Grezian ibiltzen omen ziren komediante taldeak herriz herri. Eta oso ospetsu egin ornen ziren Tespis-en Gurdian, Grezia osoa korritu zutenak. Homerok dioenez, Troiako setioan Tersites izeneko bufoia edo pailazoa aritzen zen gudarien atsedenaldiak alaitzen. Erromako Inperioan ere ez zuten gutxiago izan nahi eta tankera honetako asko omen zegoen. Historian geratu da Sannio izeneko baten oroitzapena: kaskamotz ibiltzen zen, eta kolore bizi askotako jantziak erabiltzen zituen. Baina garai hartako famatuena, dudarik gabe, Manducus konkorra izan zen. Gorputz aldrebesa eta piztia baten antzeko aurpegia omen zuen, eta askatasun handia lortu zuen bere trufak eta isekak egiteko. Gerretatik garaile zetozen jeneralei eskaintzen zitzaizkien festetan parte hartzen zuen, eta bertso xelebre, barregarriak botatzen omen zizkien; beste inori ametituko ez zitzaizkiokeen kontuak aipatzeko ausardia izaten omen zuen.

        Erdi Aroan, herriko plazetan ere jarraitu zuten tankera horretako barregileek, baina kultura arloan ez zuten arrakasta handirik izan. Arrosaren izena liburuan eta filmean ederki agertzen den bezala (2), barreak ez zuen fama onik Erdi Aroan. Bizitza kalbarioa zen, sufrimendu bidea, garai hartako gizaki ikasi kultuen ustez. Eskerrak ezikasiek, kulturarik ez zutenek, ez zieten sinetsi! Ezta Asisko Frantziskok ere. Hau dena Erdi Aroan, XI. mendean, alegia.

        Eta modu horretan, Berpizkunde garaia heldu zen. XVI. Mendean, Italian, Comedia dell'arte sortu zen; hango pertsonaia berberekin antolatzen ziren, kaleetan eta plazetan, funtzio inprobisatzaile eta barregarri haiek: Colombina, Polichinela, Arlekin (geroago XVII. mendeko Frantziako Pierrot bihurtuko zen pertsonaia berbera), Pantalone eta... PLAGLIACCIO! Plagliaccio Pantalone-ren morroia zen eta Colombina-ren maitasuna lortu nahi zuen. Honek, ordea, jarraian sortzen eta desegiten zizkion itxaropenak. Irria eta negarra.

        Italiatik, Frantziatik, Ingalaterratik, Alemaniatik eta beste herrietatik zetozen antzeko ohiturak bildu eta berriro Europan zehar zabaldu ziren, harik eta XVIII. mendearen amaieran gaur egun Zirku izenez ezagutzen den lehenengo ikuskizuna aurkeztu zen arte. Astley izeneko britainiar batek antolatu zuen Parisen, 1782. urtean. Bertan, akrobaten eta animalien saioekin batera, esandako pertsonaien antzezpen barregarriak eskaintzen ziren. Hor hasi ziren izenak zehazten. Britainia Handitik zetorren clown izena (Clod hitzetik nonbait, baserritar baboa adierazi nahi duena, eta azkarra izendatzeko geratu da). Aldiz, tontoa izendatzeko hainbeste entzun den augusto hitza alemanieratik dator, inozo eta txatxua deitzeko esaten omen ten Hans-wurst-etik.

        Hortik abiatuta pagliaccioak, pailazoak, agertzen hasi ziren. Zerrenda luzea da: Giuseppe Grimaldi; John eta William Price; Auriol, Medrano, Antonet eta Grock; Hanlon-Less, Chocolat eta Footit; Tony Grice; Alex eta Popey; Ramper; Emy, Goty y Cañamón; Pompoff y Thedy; Eduardini; Charli Rivel; Tonetti anaiak...

        Konturatu al zarete historiaren laburpen honetan Pagliaccio hitzak paglia (lasto) erroarekin zerikusia baduela? Lastoz betetako pertsonaia omen zen. Ez dakigu ziur zergatik, benetan gizen itxura hartzeko jantzia lastoz betetzen ziotelako, edo buruan ezer askorik ez zuela adierazteko. Euskal Herriko folklorearen altxorrean, lastoz betetako pertsonaia bat badugu: Lantzeko Inauterietako Ziripot (hitzak ere agian «ziri-pote»an izan lezake jatorria). Eta zertan aritzen da lastoz betetako zaku batez janzten den pertsonaia hau? Herriko bideetan barrena ibiltzen da Inauteriko Konpartsarekin batera, eta aurrera eta atzera dabilen Zaldikok, zaldi itxurako gizakiak, etengabe bultzatu eta lurrera botatzen du. Lastoz beteta dagoenez, ez du minik hartzen, eta behin eta berriz jaikiko da, egoskor, bere ibilbide barregarriari jarraitzeko. Oraindik ez konturatu izana ere! Benetako pailazoa Euskal Herrian jaio zen, eta Ziripot izena du.

        Pailazo lanetan hasi nintzenean, nire lagunekin batera, ez nekien ondo zer bide arriskutsutan sartzen ari nintzen. Pailazo izatearena, osmosi bitartez edo, hezurretaraino sartzen baita.

 

...........

 

1. Ez dut asko ezagutzen. Bi aipatuko ditut bakarrik: José Mª Laporta Furné-ren El arte del payaso. Ed. Lumen. Barcelona, 1946; bestea, El maravilloso mundo del circo, koloretako argazki ugariz eta dato interesgarri anitzez horniturik dator, baina, harrigarria bada ere, bereziki liburua azal gogor dotorekoa eta tamaina handikoa delako, ez dakar ez argitaletxearen izenik, ez egilearenik ere. Nolanahi ere, Interneten lortutako datuen bidez jakin ahal izan dut idazleak Antonio García Rayo eta Jesús de las Heras izan zirela, eta Ed. Nova-n argitaratu zutela, Madrilen, 1979an.

 

2. Umberto Eco, El nombre de la rosa. Ed. Lumen. Barcelona, 1980.

 

 

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera