Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Panpinen erreinua

Hernandez Abaitua, MikelHordago, 1983 Ipuina

Hitzaurrea

Koldo Izagirre

 

        Panpinen Erreinuan panpina desberdinak ageri dira, eta desberdinak dira bizi diren eta ito egiten dituzten munduak ere. Zoramenean zorrotz, hankapean etsikaitz, inuzentkerian maltzur, Egileak manipulatzen dituen hariak eten eta bizitza autonomo bana hartzen dute marioneta bihoztunok: Egilea ez da ez izakien ez hitzen Jainko. Mikel Hernandez Abaitua literatoa da.

        Literatoa da euskal idazlari guztiak bezala hizkuntza ikasi behar izan ondoren, euskal literato bakan batzuek bezala hizkuntza desikasten jakin duelako. Hernandez Abaituak badaki noski zein garrantzizkoa den hitzaren halakoa edo bestelakoa. Badaki orduak ematen hitz egokiaren hautaketan. Badaki adjetibo bakar batek ezin duela obra bat ondu, baina bai hondatu. Eta hau, amigo, dohain garestia da.

        Hernandez Abaitua zenbait lehiaketatan saritua izan da, ezaguna da bere izena, Susa-n eta Oh! Euzkadi-n kritika lanak idatzi ohi ditu. Baina autore aipatua izatetik autore irakurria izatera pasa zedin, derrihorrezkoa zuen liburu bat plazaratzea. Honetan, bere kezka literarioak garbi isladatzen dira estilo eta gai desberdinen esplorazioan, «Sudurra» bezalako josteta-ipuinetik «Nota urdinak» nobela saioraino, influentziak eta makurtasunak izkutatu gabe, benetako biluztasunean. Konplejurik ez, ironian babestua hala ere, Hernandez Abaitua azken urteotan sortutako idazle eginenetako bat dugu, eta Panpinen Erreinuak ez dirudi estrainaldiko liburua.

        Alabaina, talentoak ematen duen heldutasun goiztiar eta gehiegitan traidore horrekin, ez lukeela liburu hau argitaratu behar dio aldizka, orijinala eskuz esku erdi galduan ibili eta editorialean txanda zain hautsak ia jan arte egon ondoren, zaharkitua edo irizten dio egileak, badu bestelakorik burututa. Baina nahitaezkoa du argitaratzearen biluztasuna sentitzea, bere lehen liburuaren beldurra eta lotsa jasan eta garaitzea. Irakurleak ez du sentituko auzo-lotsarik.

 

 

Pasartea

        Kalamuzko aulkian eserita dagoen beltzez jantzitako andrea eztiki mugitzen da ezkerraldera. Silak kraska lehor bat egiten du, bere ipurdia, bere ipurdi handi eta mamitsua mugitzean. Emeki, goizeko lehenengo orduetan, leihora ematen duten argien bideetara begiratzen du, egunsentiaren esnea bilatu nahiz bezala. Bera, 67 urtetako trapu zirpildu bat; hain da trixtea 45 urtetako seme bat hiltzen ikustea... Ekaineko epel honetan gogora joaten zaizkio ñabardura guztiak, haren bizitzaren ogi papurtxo guztiak peregrinazio absurdo batetan, ibilera ordenatu eta desordenatu batetan gertaerak, pasadizuak, dena burura bueltatzen. Bere semetxoaren haur garaietatik zetozkion gogorazioak... eta irrifarre bat formatzen du, gaztain zimelak bailiran, ustelduak dauden ezpain zimurtuetan.

        Berak dena kontatu zezakeen nahi bazuen, bere ama propioa bait zen, txikitatik nabaritzen zitzaion gurutzegramekiko haren zaletasun bitxi hura... apenas aharrausi simulatu bat egiten du bere semearen gorpua zaintzen duten kandelen kearen zentroan, gaupasa egina bait zeukan.

        Hain bakarrik bizi izan zen bere seme hark ez zuen nahiko laguntza izan, pertsonengandik esan nahi da, gizona eta emakumea beti bakarrik bizi bait dira munduaren azkeneko izkina zikinenean. Eta hain erraz amaitzen ari zitzaion bizitzaren bukaeran kontatu behar zion bere buruari bere semea izandakoa. Gilen. Gaubela honetan zeharo hilik dagoena. Bere ile beltz-kirrua. Gilen. Begi gris urdinak, haserretzeko bere manera berezi hura. Trixte eta serio jartzeko bere zera hura. Nola konprenitu bizitzaren misterioa, bere sabeletik ateratako zirpila gauza handi hura bera zela? Eta hila.

        Lau urterekin egin zuela bere lehenengo gurutzegrama kontatu behar zion bere buruari edo nornahiri. Egia zen gurutzegrama hura haurrentzat egina zegoela, baina ez edozein haurrentzat, ez pentsa, baizik eta bera baino lau urte gehiago zituzten haurrentzat. Eta berak oso erraz atera zuen, atera zion hobeto esanda, zeren zortzi urtetako anaiari egin bait zion, irrifarre inuxente batekin bere superioritatea jakin gabe adieraziz. Oso pozik zegoen bere deskubrimenduarekin, hori aurpegian nabaritzen zitzaion, bere begi alaitsu haiek... ai ene... eskolara joan baino lehen bazekien eskribitzen eta letzen, horixe baietz.

        Emakumeak geldi geldi begiratzen dio leihoaren hegalean dagoen euli handi bati, baina begirada areago luzatuz, konturatu gabe, mototsa esku batekin moldatzen du.

        Zenbat, zenbat gurutzegrama egingo zituen gero, bere semeak 41 urte luzeetan... Auskalo. Aurreko egunean etorri zitzaion gizonak, bizarduna eta zahartua bera, bere semearen gurutzegramak estudiatu behar zituela esan zion; semiologia edo semasiologia edo zer deabru ez zekien esan zuen ere. Egia esan ez zen ondo gogoratzen, orduan oso mundutik aldenduta bait zegoen, trixtatuta, birrinduta. Eta gizon harek bueltatuko zela esan zion. Baina zer axola zitzaion?

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera