Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Parentesiak (eta abar)

Muñoz, JoxeanHordago, 1984 Poesia

Aurkezpena

        Baina «etabar» hori ere parentesi artean dago, parentesi horretan baitaude bilduak poemaren giltzarriak, eta parentesiak diren ispilu konkaboak hautsi ez baina inguruari eta auzoko ni guztiei zuzenduz —eskainiz— desarroilatzen da poema. Zein pudorek eragiten dio gaurregun poetari bere boterea parentesi artean konjelatzera? Zein disziplinak behartzen du hemen poeta ahapetik eta zeharbidez mintzatzera?

        Joxean Muñozek gordinki erakusten digu poesiaren erlatibotasuna, erabiliaren erabiliz hautsa bihurtu diren hitzak azpimarratuz, ironia landu batean bilduz promesak eta zalantzak.

        Joxean Muñoz zalantzan idazten duen poeta da, zalantza hori bihurtzen duelarik bere arma eta oinarria, zalantza zehatz, zalantza zorrotz, zalantza luzido batean, eta estrainaldiz plazaratzen den idazlean ez da ulertzekoa prozedura luze eta landu baten ondorioa ez baldin bada.

        Nik autokritika dinamiko eta eraginkor bat irakurri dut poemotan. Eta uste dut autokritika honek noizbait lehen personan idazteko ausardia izan genuenok ere hartzen gaituela. Parentesiak ispilu eskainiak dira.

        Joxean Muñozen poesiak poesia nola egitearen arazoa planteatzen du. Aurrerantzean ezin idatziko dugu hain erraz. Ez diagu barkatuko Joxean.

 

Koldo Izagirre

Pasartea

Euriak

arratsaren forma dauka hartuta

euriak

ekaitzaren testigutza tk

arratsak beratutako kristalean

    lau lizar lehertzen

tk gauaren lehen zantzuen kontra

lurrindutako ispiluaren kolorez

& hilargiaren ahurpean lau

      lizar tk

tk & kristalaren kontra gaua da

(eta orduan humildu egingo ziren

zilarrezko landareak

atarian)

nola tk

tk    tk

ni

ekaitzek beti bait dute remiteren bat

zilarrak

arratsak atertzen duenean

humildutako leihoen kolorea bezala tk

tk & euriak

kristala

bezala ni eta bezala zu.

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera