Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Pasaian eta zenbait ipuin

Iraola, BitorianoKilometroak, 1997 Ipuina

Hitzaurrea

Biktoriano Iraola Aristigieta (1841-1919)

 

 

        Pasai Donibanen jaioa zen, nahiz bere bizitzaren aldirik luzeena Donostian egin zuen Victoriano (edo Biktoriano, berak batzutan idazten zuen bezala) Iraolak. Catalina Alvarez azpeitiarrarekin ezkondu eta bi alaba izan zituzten, Dolores eta Maria. Idazlan batzutan Churi eta Sei goitizenak ere erabili izan zituen inoiz Iraolak.

        Bere pasaitartasunaz harro izan zen Iraola beti. Lanbidez eta bizimoldez oso donostiarturik baldin bazen ere, sorterria handikiro goratu zuen bere poemetan, batez ere «Santiaguetan» izeneko sei bertso jostatzaileetan («Euskal-Erria» 1893, XXIX, 73; «Apurrak» 175 or.) eta, jakina, «Pasayan» zartzuelatxoan (1906an berritua, Raimundo Sarriegiren musikaz lagundurik).

        Gainera, idazkeran maiz nabarmen du pasaitarren hizkeraren aldeko joera. Adibidez, Euskal Herriko alde askotan hain zabaldurik den laga aditza igurzkariz esaten da Pasaian. Iraolak horren adibide asko ditu:

 

 

                - Laja, mutillak laja, biyak ederki dijuaz da!

 

        Lanbidez inprentari edo tipografo izan zen. Donostiako Legazpi kaleko bosgarrenean izan zituen etxebizitza eta lantegia. Inprimategiko tresneria mugiarazteko astoa erabiltzen zuen barrunbeheko patioan jira-biran. Rosita izeneko asto emea omen zuen. Lore jokoak antolatzen zituen Euskarazko Itz-Jostaldien Batzarrak urtero-urtero saritutako lanekin argitaratzen zituen liburutxoak haren inprenta edo moldizkidatik atera izan ziren luzaroan. Ez hori bakarrik: askotan, berak egindako marrazkiz hornituta gainera. Izan ere, idazletzaz gain marrazkigintzan ere trebea zen Iraola.

        Eraman oneko gizona izan behar zuen, umoretsu eta irrizalea. Bigarren karlistadan, zapelgorriek Mendizorrotzako gainatik botatako bi granada sartu omen zitzaizkion etxera, baina lehertu ez. Iraolak jaso, eguna gainean idatzi eta armarioan gorde omen zituen oroigarri. Langilea eta txorakeria gutxikoa omen zen, hala ere, eta etxera opariren batekin eta bisitan zetorkiona agudo bidaliko zuen ostiko batekin eskaileretan behera. Paseoan ibiltzerik ez zuen nahi izaten, inork alfertzat har ez zezan.

        Denetatik eta asko idatzi zuen Iraolak, beti euskaraz. Poema eta bertsoak ehundaka argitaratu zituen orduko euskal aldizkari gehienetan: «Euskal-Erria», «Euskalzale», «Ibaizabal», «Revista Euskara de Navarra», «Euskal-Esnalea», «Esku-Egundiya»... Antzerkia ere asko idatzi eta argitaratu zuen; zartzuelak lau: «Bi ichubak» (1884), «Pasayan» (1906), «Gabonetan» (1898) eta «Leokadia» (1891); komediak zazpi: «Petra chardiñ saltzallia» (1888), «Ardita beti ardit» (1884), «Chomin Donostiyan» (1891), «Zeladore baten estuasunak» (1898), «Karmen gaztaiñ saltzallia» (1900), «Onentzaro gaba» (1894) eta «Ergobiyan» (1901); bakarraizketak bost: «Joshemaritarra» , «Sordo» (1890), «Pulpuba», «Ishkiña Mutrikun» (1909) eta «Chokolo».

        Politenak agian bere ipuinak dira; Aita Zavalak Auspoa sailean bildu zituen «Oroitzak eta beste ipui asko» (1962) izenaz. Azalpen hauek liburu horretako hitzaurretik hartuak, eta Iraolaren biloba Ana Balanzategik emandakoak dira.

        Gainera, marrazkilari ona zen Iraola. Iraolak berak sortutako «El Thun Thun» astekarian marrazki eta gomiki asko argitaratu zituen, baita «Euskal-Erria» aldizkarian ere. Garai hartako jende ospetsuen erretratuak egiten zituen: Claudio Otaegui, Cayetano Sanchez Irure eta Ramon Artola idazleak, Juan Pedro Otaño bertsolaria, Hilarion Eslava musikaria, eta abar. Baita ere, Indalezio Bizkarrondo Ureña «Bilintx» zaharraren erretratu ezagun bakarra Iraolak egina da. Oraindik orain jakin izan da Udarregi bertsolariaren erretratu bakarra, baita ere, Iraolak utzitakoa dela.

        Pasaia ez zuen ahantzia utzi bere marrazkietan: behinolako batelzai emakumezkoen erretratu ederra argitaratu zuen (Batelera de Pasages «Euskal-Erria» 1882, VI, 121 or.).

        Gauza asko egin zituen Iraolak bere bizitzan. La Unión Artesana elkarteko sortzaileetako bat izan zen. Donostiako eguneko tanborrada bere etxe aurrean gelditzen zen. Hungariako pertzagile edo kaldereroen festan euskaraz gordetzen den kantu bakarraren hitzak bereak dira («Begi urdin bat, begira dago...»); musika, noski, Raimundo Sarregirena. Sari asko irabazi zituen orduko lore jokoetan...

        Ez hori bakarrik: urte luzetan udaletxeko zinegotzi izan zen. Baldomero Anabitartek kontatzen duenez (Gestión del Municipio de San Sebastián en el siglo XIX. 1903. Donostia, Imprenta y encuadernación de Francisco Jornet), Donostia erregeerreginen udaleku zen garaietan, Iraola errepublikazale eta autonomista izan zen! Udaletxean beti borrokatu zen euskara eta euskal ohiturak gordetzen. Besteak beste, Iraola zinegotzi zen Donostiako Udalak sokamuturra galerazteko erabakia hartu zuenean, 1902ko urtarrilaren 14an; jakina, Iraola debekuaren kontra bozkatu zen. Alderdi Ederren orain ikusten ditugun tamarindoak ekarri eta bertan jartzen ahalegindu zen, baita ere; Pariseko 1900eko Erakusketa Unibertsalean ezagutu omen zituen zuhaitz horiek.

        Argitaratu gabeko lanak ere utzi zituen Iraolak 1919ko irailaren 19an, goizeko 9etan, hil zenean Donostiako bere etxean, 78 urte beteak zituela. Besteak beste, Ziriyak bertso bilduma.

 

Gotzon Egia

Pasartea

        —Egun on, andre Klara; zer darama hor, legatza?

        —Bai zera, enplastua! la erotu naiz, andre Karmen!

        —Zer du, hagineko mina?

        —Andre Paula joan da kofrea ixtera eta burua ez zaio bada gelditu barrenen? Hain gutxi ikusten du, ez daki nolako ikara eman digun.

        —Jesus mila bider.

        —Graziak beheko zapatagileari, atera diola batere mailatu gabe.

        —Ez zitzaion hortzik eroriko?

        —Nola erori, ez badu!

        —Horregatik diot bada, ez zitzaiola eroriko. Eta adi beza, bart komerian omen zan?

        —Nere santu hartuari eskatu diot, ni ez eramateko berriz teatro komerira. Kartzelan sartu ez nindutenean!

        —Zer esaten dit!

        —Aditu beza, Andre Karmen, aditu beza! Berorrek badaki aktoa akabatzean nola kurtina haundi bat jatxitzen duten.

        —Bai.

        —Bada hura jatxi eta laister, gure behean zeuden hiru edo lau kabailero, ez bat eta ez bi, non jarri diran neri begira, bastoien kirtena erakutsiaz eta esanaz:

        —Hori da, bai, hori: esa bruja, esa.

        Eta beste kabailero moduko bat, burutik txirrioan odola burutik barrena dariola.

        —Jesus, Aita eta Semea!

        —Batek neri begira antiojoak kopetan jarri eta hala zion ojuka:

        —Hori da hori, harri koskorra tiratu duena. ¡A la cárcel!

        —Harri koskorra, andre Klara!

        —Haien iskanbilak! Jende guzia nabarmendu zan berehala eta arrantzale batek hala dio aldamenetik:

        —Lupiak izutzen hasiko zan —eta gero hala dio berriz farrez, hots haundiko haize bat boteaz:

        —Etxekoandre, aguro ibildu, galerna gainean degu eta.

        —Pentsa beza zer lotsa!

        —Berriz esan beza!

        —Han etorri ziran hiru zeladore eta beste bi ezpatekin, uste det gerrako ontzikoak zirala, eta hala dio batek:

        —Berorri al da harria tira eta beheko kabaileroari buruan zuloa egin diona?

        —Ni?

        —Berorrek egin du, harria tira eta eskua gorde.

        —Aita San Antonio jartzen det testigu... —eta hala dio arrantzaleak:

        —Laja bezaio San Antoniori, lotara joana da eta.

        —Bat dala edo bestea dala, harria hemendik tirea da —dio zeladore batek, biboteari tireaz pezetako eraztun dublezkoa erakusteagatik.

        —Baina, andre Klara, berorri ez zan izango? —dio andre Karmenek arkakusoa disimuloan harrapatuaz.

        —Pentsatzea ere hori!

        Hontan altxa da nire aldamenean zegoen gizon bat eta hala dio zeladore lepoan hiru gulintxo dituen bati:

        —Inork ez du kulparik, zergatik inork ez du harririk tiratu.

        —Zer esan dezu? —dio gerrako ontziko jeneralak sablia aterata.

        —Garbitzera noala painueloakin, neri erori zait...

        —Zer! —diote denak batean.

        —Begia!

        —Eta begiarekin jo eta gizona odoletan laja dezu? Gezurra da hori, begian igartzen dizut.

        —Ez, jauna, egia da, zergatik begia zan kristalezkoa, bestela ikusi nahi duenak bere begi zuloa.

        —Rekontra, eta egia da; arratoi zuloa dirudi.

        —Egingo balidakete mesede bilatzea.

        Honela jatxi ziran esan bezala eta bilatu dute kristalezko begia txoko batean tristiago, bazirudien alkatearen aurrera eraman behar zutela.»

        Jende guzia farrez zeguela hala dio arrantzaleak:

        —Kaieko enpleatuen begia da hori.

        —Zergatik?

        —Ikusten ez duelako.

        —Horra zer lotsa, andre Karmen.

        —Eta zer egin zioten gero begiari?

        —Jabiari entregatu eta gizarajoak presaka jartzeko zorian, okerreko aldera sartu zuen begi zuloan.

        —Okerreko aldera?

        —Bai; begia barnera eta txuria kanpora; usoen arraultza zirudien jarri zuela. Ez neukan gogo handirik baina harri begira farra egiten nuen.

        —Sikiera horrela pasa zenean...

        —Hala da, andre Karmen. Presa det eta banua.

        —Neronek ere presa det; adio, adio, andre Klara.

        —Bijua ondo, andre Karmen.

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera