Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Pernando Plaentxiatarra

Etxaide, JonItxaropena, 1957 Ipuina

Hitzaurrea

ESANBEARRAK

 

        «Egundo olakorik! —Esan dezake bateonbatek ipui auen izenburua irakurtzean—. Pernando Plaentxiatarra noiztik nora sortu zaigu? Amezketakuaren berri bagenun, baiñan, Plaentxiakoarenik... ez egundaiño!»

        Ona ba emen, Plaentxiako edo Plazentziako Pernando, Amezketakoaren anai, senide, gogaide... oraiñaldiko euskaldunak bere umorearen txingarraz asemin.

        Noiz ta nun jaio zen gure Pernando? Ibaizulo batean murgildurik dagon Plazentzi, Plazentzia den ezkeroz, Pernandoren anima, gogoa, espiritua, Plazentzitar bakoitzaren gogo-soiñean bizi da.

        Beraz, liburutxo ontan bildu dugun ipui sorta Plaentxiatarren gogo-arnasa dela esan diteke. Nire lana, beroien biltzea, edo obeki mintzatuz, norbaitek bilduak literatur soiñekoz apurtxo bat jaztea eta Pernandoren izenpean ezartzea izan da soilki, ipuien mami, jario eta gatza Plaentxiako erriarena baita (1). Ontaz, badakizute: Pernando Plaentxiatarra Plazentziako erria bera da eta erri au txit antziñakoa dela danok badakigu.         Plazentziatarren artean esaera da beren erriak eman ziola sortzea Eibarri. Nunbait, beren zuloan ezin kabitu eta beste zulo batean jausi ziran. Orra, Plaentxiar batek nola aldeztu zun bere erriaren antziñatasuna Eibartar batek erasoan ekin zionean.

        Eibartarrak:

        —Plaentxia munduaren i...'ko zuloa dok!

        Itzetik ortzera Plaentxiatarrak:

        —Da, Eibar k...k.... Plaentxiatik urten juan da.

        Beraz, Plazentzia, antziñakoa eta leñargia dugu, «baiña, (Pluentxiatarrai) etzaie erran beharrik, -esan dezaguan Etxahunekin- berak baitakite hori».

        Obe litzake noski, Plaentxiatarren grazi berezia gardenago agertzeko, ipuiok Plazentziako euskeran argitara, baiñan, ortara joko bagenu, gipuzkoarrik geienak ez luke onartuko, Plazentzian mintzatzen den Bizkai kutsuko euskera adigaitza baita giputz nagiontzat eta danok dakigunez irakurlerik geienak gipuzkerak ditu. Bañan, ezta au bakarrik. Oraiñaldian somatzen dugun euskal literaturaren batasun mugimenduan, Gipuzkoako izkelgi osotua dugu aukeraturik elburu goitar au ardietsi edo lortutzeko. Bi arrazoi auekatik aukeratu dugu gipuzkera ipui auen jantzigarri. Alabaiña, sekula etzait ahaztuko, liburutxo au eskeiñita dijoakion nire adiskide miñak kontaturik magnetofonoan entzun nitunean (Eibarko euskeran) emen agertzen diran ipui batzuk, zelako atsegiñez egon nintzan aditzen ezin aspertu. Ura zen ura, Eibartarraren abotiko euskerak zerion gatza ta piperra ipui kontaketan! Tamala, kontalari trebe onek ez mamitua ipui oetxek. Berak diñonez ordea, izketa egitea bat omen eta idaztea beste eta lan ontan trebeago naizelakoan, leporatu dit neri idazlana. Gaiñerakoan, ipui guziok berak jasorikoak dituzute eta idazletxo onek zertxobait apainduak.

        Badut, ordea, guztiau baiño beste zerbait nagusiago esanbearra irakurlearen jakingarri. Liburulxo au elitzake sekula argitaratuko Plazentziako euskaltzale talde batek argitaltze ardura beregain arto ezpalu. Eskerrik beroenak, beraz, Plazentziako euskaltzale gartsu oieri euskeraren alde eta bere erriaren alde egin doten lan txalogarri onegatik.

        Eskerrak, bidenabar, Plazentziako erri osoari, Euskalerriko uri langille eta alai onek egunez egun darion arnasa baita eskuartean daukazun liburutxo au.

        Besterik ez... Pozkarri dakizutela baizik Euskalerriko «Andaluzi» ontan erne eta azi diran ipuitxo txanbeliñok.

 

Donostin, Agorrak 24, 1956

Tajutzalleak

 

 

 

1. Biltzailea, Juanito San Martin izan zen. Horregatik esaten dio «Tajutzailea» Etxaidek bere buruari.

Pasartea

PERNANDO LARRI TA PARRAGARRI

 

        Gazteak ezkontzea zor dute eta gure Pernandori ere etorri zitzaion zerako zera zertzeko garaia. Plaentxiatarrentzat Plaentxia beste mundurik ez omen dago. Ez da noski aundia, baiñan bai iori ta aberatsa eta zerbaiten bearrean gertatzen diranean plaentxiatarrak ez dute auzora jo bearrik billa. Neskatil bat begiz jotzeko garaian ere Plaentxiatarra izan dedilla. Alango neskatillak errian euki ta kanpora begira asi? Et, et, et ! Gure Pernandok beñepein ala pentsatu zun bere garaian eta Anttoni zeritzan plaentxiar gazte lirañari agertu zion bere biotzeko kiskalmena.

        Eztei egunari zorionez eman zioten asiera bi ezkonberriak baiñan etzuten ain zorionean amaitu. Ikusi dezagun bada zerk samindu zien biziko egunik zoriontsuena Pernando ta Anttoniri.

        Orra ba! Delako ezti-txangoa edo egin bear eta eztei ondoko lenengo trena artzera estaziñora jo omen zuten. Eldu zen trena orru ta marru eta egun aundi arri zegokionez «primera»ko kotxea artu zuten. Makinak txistua jo zun eta Plaentxiako eztarri-zuloa atzean utzi zuten amabostaldi batean geiago ez ikusteko pozetan.

        Estraperloa ala-kinkirrinera zebillen garaiak ziran Pernando ta Anttonik beren «ez egitekoa» egin zutenean, eta lan beltz ortan aritzen ziran gizonak (emakumeak ere bai zenbaitetan) izurritea lez zabaldu ziran.

        Gure maiteminduak sartu ziran kotxeko gelan ala-olako gizontxo bi bazetozen. Ezkonberriak ordea etzioten igarri. Izan ere, naiko lan bazuten goxo-goxo txutxu-putxuka ziardutela auzokoari begira egon gabe. Pernandok naiko kontu bazitun bere andrearekin, estraperlistak ere kontu egiten zioten alkipetan zeramaten kontrabandoari. Mundu ontan bakoitzak bere maiteñoari kontu!

        Eibarrera urreratu orduko, estraperlistak bildu dituzte maukak ukalondoraño eta asi dira alkipetik irin zakuak atereaz. Lan onetan ziardutela, Pernando gizajoari prakak iriñez blai jarri zizkioten. Berotualdi bat izan zun estraperlistakin, baiñan aiek, (pekatariak nekez maite baitu zaratarik) otxan-otxan barkatzeko esanda aienatu zitzaizkion. Estraperlistak aldendu ziran, baiñan aien oroitzapena Pernando'ren galtzetan itsasita gelditu !

        —Oietxek bai gizon zabar eta ajolakabeak, Pernando! —Ekin zion penatuta Anttonik—, Itxura politan utzi ditek soñekorik ederrena!

        —Bai, Anttoni, «Barkatu» esan da, kaixo motel! Zer egin bear diñagu orain ? Ezin ibilliko naun orrela Bilboko kaletan.

        —Ua komunera, bai, —diñotsa andre burutsuak—, kendu itzak prakak eta leiotik behera astin-astin egin iriña ondo aienatu arte.

        —Arrazoi dun, ene Anttoni. Buru argia aiz iñun buru argirik bada. Ago trankil, nire egitekoa belaxe egingo diñat-eta.

        —Bai, ibilli axkar-axkar, eu gabe arnasa ere estutu egiten baizaidak.

        Pernando joan zen komunera, baiñan bere andretxoari agindutako berealako etorria etzan iñundik ere ain... berealakoa. Denbora benetan luze jotzen asi zen eta Pernandok bizi zenaren siñalerik ere ematen ez. Zer gerta ere, Anttoni urbildu zen larrixamartua komuneko ate ondoraño eta biotz taupaka atean kox-kox jo ondoren, onela oju egin zion

        —Ene Pernando, bizi al aiz?

        —Oindiño bai, Anttoni, baiñan eztakin ondotxo nire estuasuna!

        —Zer duk ba, Pernando?

        —Beltza gertatu zaidan! Ik esan bezala galtzak leiotik behera astindu dizkiñat eta iriña ez ezik galtzak ere joan ditun leiotik behera.

        —Ene! —Ekin zion Anttonik mintxuriak jo bearrez—, lenago itxusi baengon Bilboko kaletan ibiltzeko, oraintxen egongo aiz dotore !

 

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera