Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Peru Leartzako

Alvarez Enparanza, Jose LuisItxaropena, 1960 Nobela

Aurkezpena

        Peru Leartzak bere bizitzaren xehetasunak ematen dizkigu liburu honetan eta asko irakurri baino lehen konturatzen gara asperdura eta larrimina direla Peruren bidaiakide bizitzako bidean. Asperdura eta nazka lantegian, ezina eta larrimina ingurukoekin dituen harremanetan.

        Peru ez da bizitza azaletik urratzearekin ase sentitzen, baditu kezka sakonak, bilatu nahi ditu arrazoi ezkutuak... baina alde berean hutsa sentitzen da, ez dio zentzunik bilatzen bere bizitzari...

        Loterian jasotzen duen sariak bizikera aldatzeko abagunea eskainiko dio. Hala eta guztiz Peruk ez ditu larriminak eta egonezinak alde batera uzterik izango: Hiltzera eta bizitzera kondenatua dagoela sentituz jarraituko du.

Pasartea

IV

 

 

        Olejua-ren istiluak ez ziren bukatzen, jakina. Egun askotan banuen nik neure sesioa berarekin. Lehen adina gorroto ninduen berak, eta nik ere bera geroz eta gehiago.

        Tinbrea jo nuen egun hartan. Igo ni, eta galdera xehe bat berak: «zein egunetan jaso genituen horrelako tamainako barautsak?». Baziren almazen hartan mota guztietako tresnak, eta neurri guztietako barautsak. Nola jakin nezake, denaz gainera, horrelako xehetasun bat?

        —Barka ezazu —esan nion—. Berehalako batetan begiratu, eta esango dizut.

        Alajainkoa! Haren zainak lehertzear jarri ziren, bestetan bezala:

        —Kaiku kirten zozo hori: nik ere bazekiat irakurtzen! Apurtu egingo hinduket!!!

        Ez zegoen erremediorik: muturrak nik hari hauts, ala berriro ere isil. Hau aukeratuko al nuen?

        Ez dakit zer esan nuen. Nazka; nazka, nazka: hauxe zen gainezka bete ninduena. Gaizki eginen nuen hura berriz ere eramanez. Desmasia gehiegi ziren. Barnean sua, galda goria! «Noiz arte iraungo, Peru?». Odol olatuak loetan.

        Olejua-gana igo nintzen lehertu beharrez. Ez nintzen neure buruaren jabe; nazkaren horditzea zen. Ezagutu duenak badaki zer den: sukarra, urduritasuna, eskuinetara edo ezkerretara jo-beharra, ezin iraun bat, eroaldi beldurgarria.

        —Adi zak —nik berari—. Hemendik aurrera egin ezak heure ama ohakide, baina nitaz ez duk barrerik egingo!!!

        Eta, esate berean, sekulako ukaldia eman nion sudurrean, atzeraka lurrera boteaz.

        Heldu egin ninduten. Odoletan zen Olejua. Odola ikusita areago sutu nintzen, eta kolpe batez helduta ninduten bi lagunak jaurtiki nituen atzera, eta aulki bat hartu nuen bi besoez. Jotzera nindoalarik, berriz lotu ninduten lau edo bosten artean. Ezin arnasa har. Indarka egin nuen, baina ezin aska. Behera jaitsi ninduten denen artean. Dendako guztiak eta Etxeberria bera ere, han ziren niri so. Piztia higuingarria bide nintzen ni.

        —Kanpoan zaude oraindik beretik —esan zuen Etxeberriak. Nire lagunek izuturik begiratu ninduten, baina ez zuten txintik atera nire alde. Ni mutu nintzen, noski, eta lerde-jario; eta tutik ateratzeke alde egin nuen handik.

        Ez nintzen gehiagotan itzuli, eta behin ere azalduko naizenik ez dut uste.

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera