Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Poeta baten narrazio nagiak

Mujika, Luis MariKutxa, 1987 Saiakera

Aurkezpena

        Irakurle, eskuan duzun liburu hau narrazio liburua duzu, bainan poesia gozo, oparo, uhintsu batez umotutako narrazio berezia. Autoreak, poeta izaki, narraziogintza poesia sentsual, eta jori baten andanan girotu nahi izan du. Bidaietako liburua den obra honetan Luis Maria Mujika-ren mundu poetiko sinbolista da nabari, paisajea eta dialogoa, instantearen alde bisemikoa, jarrera estetikoa eta filosofikoa nagusi direlarik. Bertan poetak barne-giroak Nafarroako-ko existentzia bihurri eta garratzean murgiltzen ditu, paisajearen mistika, deseuskalduntzearen tragedia, ihes existentzialaren samindura ia lerro bakoitzean isuriz. Garbi dago orri hauen autorea estetikazalea dela, eta poesia neurri ertsien ildotik eta hesitik ere atera nahi izan duela. Euskarak narrazio poetiko honetan — dialogo oso sugerigarrien ondoan— ibilbide ederra egin du Mujika-ren lumatik.

Pasartea

        Nabaskotze utzita, bidaria Saraitzu-ko ibarrean sartzen da mehargune estuen zehar. Nire helburua Saraitzu-n euskara hiltzorian azken aztarnak hegoeneko herrixketan ibiltzea da. Herri hori zein izanen da? Agian, Galloze, Gortza (Guesa), Igari? Gorago joan behar ote naiz? Ausaz, Sartze-ra (Sarriés), Ubeltzieta edo Ibiltzietara? Ez, ez, zoritxarrez Saraitzu-n ez daiteke euskaldunik eroso aurki; hizkuntza errauts hutsa da (ah, nola kendu pesimismoa ene hezurretatik?)

        Nafarroaren drama nazionala zifra hauetan mamitzen da. Esanak esan, euskara azken ehun urteotan ezkutatu da, gehienik, euskal gune historikoetatik. Tragedia honetaz gure politakari hipokritek ez dute berririk jakin nahi. Isildu ala zokoratu egin nahi dute «lingua navarrorum» delakoaren auzia, azken garaiko politika itsu-abertzale baten eremutara baztertuz. Ez, ez, Nafarro osoak galtzen du nortasuna euskararen zifra lotsagarriak baieztatzean. Nafarroa, ehun urte buruan, hizkuntzaz, kulturaz, herri-kontzientziaz eta paisajeaz aldatu da.

        Gogarpen ilun hauek hausnartzen ari naizelarik ene ondotik bi bele pasatzen dira. Beleek algara gaiztoa egin didate paretik igarotzean. Amorrazioz hartu dut harri-kozkor bat eta airera bota diet.

        Saraitzu-ko herrixkak Uskartze, Galloze, Iziz, Gortza, Itzali (Izal), Igari, Sartze (Sarriés), Ibiltzeta, Espartza, Orontze, Eskarotze, Ehaurrieta, Otsagi eta Izaltzu dira. Herrixka hauetan paisajea erromanikoa et barrokoarekin nahasten da elizetan. Uskartze-n eliza erromaniko beranta da, aldareburu edo abside erdibiribila, eta arkuen sostengarri kiribilo bitxiak dituzten txapitelak. Atariak arkibolta (arkubira) sotillak. Igari-n monastegi zahar baten aztarnak, IX mendea baino aurregokoa. Gerora hormak eta sabaia jaso zitzaizkion. Espartza-n eliza eite errektangularrez. Arkuen giltzarrietan eskultura bereziak. Atari gotikoa bost arkubiraz. Erretaula ederra. Orontz-en, Ehaurrieta-n eta Otsagi-n ere beste azalpen arkitektoniko estimagarriak. Edonon paisajea erromanikoaren lagunkidetasunean.

        Ene gaurko asmoa, ordea, ez da arkitektura Saraitzu-n mirestea, esan dudanez, bertako euskararen hondarrak biltzea baino. Saraitzu-ko dialekto bereziaren testigutza zuzen bat hartu nahi dut. Horretarako magnetofoi batez horniturik etorri naiz.

        Dagoeneko, Espartza-n nago. Autobidean agure bat dakust pasean. Berengana noa zuzen-zuzen. Arratsaldea bertako orografia euskaldunean etzaten da: Gurutzea, Beotegia, Gordoia, Illarregia, Betotaeña. Abodi basoetan, Irati ibaiaren sorreran, «Urtxuria» eta «Urbeltza» errekak. Hauek, noski, Saraitzu baino ezkerrerago.

        Agurea, dagoeneko, parean dut. Nik apalki agurra ematen diot.

        —Hola, buenas tardes.

        —Buenas...

        Aski lehor erantzun dit, betaurreko zikinetatik aire arrotzez begiratuz.

        —Mire..., me han dicho que en este pueblo algunas personas aún hablan vascuence, quisiera hablar con alguna de ellas.

        Berak orduan zihurtasun harroaz:

        —Aquí me tiene usted: Euskalduna niz, eta xaz (ihaz) ere xin tzen bertze bat kau bera erraten.

        Ene poza azalezinezkoa da «uskalduna niz» delako entzuterakoan. Solaskide honen izena Jaxinto Ramirez Berberena da, eta Maisterra etxekoa. Saraitzu-ko euskarak, jakina denez, bere nortasuna dauka euskara guztien artean, eta berezitasun horiek fenomeno fonetikoetan gauzatzen dira, batez ere.

        —Xin tzen etxetra (etxetara) tiplak (tipulak) artruik (harturik).

        —Batre xakin gabe xardokitzen (hizketatzen) zen gure ama erdaaz...

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera