Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Pasartea

Behin batean...

 

  Herri berezi bat zen hura. Oso txikia izan arren, bakar bakarrik irauten zuen oihan trinko baten erdian, ozeano berde eta arriskugarri batez inguraturiko irla baten antzera. Eta han, besteengandik aparte bizi ziren bizilagun haien artean inoiz ezagutu ez den fenomeno berezi bat gertatu zen: EZ hitza erabat desagertu zen jendearen aho eta bihotzetatik... Ez zuten EZ bezalako hitzik ezagutzen, ezta horren beharrik sentitu ere.

  Izan ere, herri hartako AGINTEAREN JAUREGIRA jo behar zen halako bitxikeria argitu ahal izateko, hango liburu zaharkitu eta marduletan azaltzen baitzen EZ hitzaren desagerketak suposatu zuen borroka latza, menderik mende EZ hitza baztertzeak ekarri zituen hilketa eta gatazkak. Hautsez beteriko liburu zahar haietan azaltzen zen nola, garai batean ezetzaren aurkakoek lortu zuten herri hura guztiz menderatzea, nola denek baitar bihurtu behar izan zuten eta nola EZ hitz madarikatua paper, liburu, eta batez ere, jendearen aho eta buruetatik errotik ezabatzea lortu zen.

  Baina, gure istorioa hasten den garaian, herri hartako inori ez zitzaion burutik pasatzen atzera begiratzea, AGINTEAREN JAUREGIRA hurbiltzea, are gutxiago bere Historia ezagutzea... Batetik, hori egitea ez zela komeni bazekitelako eta bestetik, zoriontsu bizi zirelako modu hartan, ezertxori ezetz esan gabe, EZ hitza egon zitekeenik susmatu gabe...

  —Aurten, herriko gastuak hazi direnez gero, zergak handituko dira. Ados al zaudete? —galdetzen zieten noiz-behinka agintariek herritarrei.

  —Bai! —erantzuten zuten herritarrek aho batez.

  —Gaur, etxeko lan gehiago emango dizuet —esaten zien maisuak ikasleei—. Ondo iruditzen al zaizue?

  —Bai! Bai! —erantzuten zuten haurrek.

  —Baloia utziko al didazu jolasteko? —galdetzen zion arrebak nebari...

  —Bai! Bai! —erantzuten zion nebak.

  —Maite al nauzu? —galdetzen zion mutil batek bere gustoko neskari...

  —Bai! Maite zaitut, bai! —erantzuten zion neskak.

  Beraz, ez zegoen herriska hartan ia inongo arazorik. Urteak joan, urteak etorri, mundu zaratatsutik kanpo bizi ziren herri hartako biztanleak.

  Agintariek harro-harro ziotenez, paradisua zirudien herri hark.

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera