Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Purra! Purra! 5

Etxaide, JonErein, 1989 Ipuina

Pasartea

«ZUREAK EGIN DU, JAUNA»

 

Laurenti jauna inguru guztietatik diruz jositako gizona zen. Bazituen nonahitik fabrikak eta granjak, etxeak, era guztietako negozioak, akzioak hemendik eta handik, bankotan nahi besteko eta gehiagoko dirutza, bai eta ere dirua barra-barra darioten «entxufeak» nonahitik. Alabaina, esan ohi da zorion osorik ez dela inoiz osatzen eta Laurenti jaunari burukomin, hotzikarak eta egundainoko egineko minak bizitza samintzen zioten. Joan zen halako batez hozkinarengana eta honek hortz-aginak erabat aterata, berriak —artifizialak alegia— jarri behar zituela jakinarazi zion, jatorrizkoak gaitzak jota zeudelako. Haren esanez, aginetako minak ez eze, burukomin eta hotzikarak ere hortz-aginetatik zetozkion eta ahoa berrituz gero, min guztiak joango omen zitzaizkion. Hozkina onenik onenetakoa zen eta haren hitzetan fidatu behar.

Beraz, penagarri baldin bazitzaion ere itxuraz sano zituén hortzak galdu beharra, kentzea erabaki zuen, hainbeste ezbehar eta oinazeekin amaitzeko. Ez zen beste erremediorik.

Kendu zizkioten hortz-aginak, egi-irudikoak jarri ere bai, baina jaun Laurenti gizajoari, ozta-ozta agineko minak aldendu zitzaizkion. Burukomin eta hotzikarak berehartan zirauten.

Etsi-etsi eginda, munduko medikurik onenetako batengana jo zuen. Honek, «X» izpiz eta zenbait radiografia bidez barrenak ondo aztertu ondoren, esan zion:

—Barka, jaun horrek, baina latzak esan beharrean natzaizu.

—Gauza txarrik ote daukat? —galdegin zion jaun Laurenti gizajoak beldur-ikaretan.

—Irteerik ez daukazu. Gutxi gorabehera hiru hilabete barru zureak egin du.

—Baina, sendabiderik ez ote dut? —ekin zion berriro Laurenti jaunak, larrikarak ahotsa itotzen ziolarik.

—Gizonaren eskuak ezin dezakete ezertxo ere egin. Minbizia daukazu urdailean eta dagoeneko oso aurrertua. Operatzen hasiz gero, berriz, bertan hilko zinateke edo ebakuntza ondorenez.

—Beraz...

—Bi jokabide dituzu. Baldin sinestuna bazara. Loiolara hurbildu gogo-jardunak egitera ongi hiltzeko, eta sineskabea bazara, berriz, emakume eta oturuntzetan zure diruak eralgil, munduko azkeneko egunak ongi pasatuz. Laurenti jauna, diru gehiegi duten gehienen gisa, sinestun zen izenez, baina sineskabea izatez; alegia, erlisioaren egiak onartuarren —hala konbeni baitzitzaion bere aberats izateari—, bekatuzko bideak atsegin zitzaizkiona. Halaxe, bada, Laurenti jaunak, sendagileak aipatutako bi bideei jarraitzea erabaki zuen. Aurrena bekatuzko bizimodua egin eta gero Loiolan zerurako pasaportea atera. Izan ere, zertarako hiru hilabete luzetan bizimodu latz hori egin? Horra, bada, bi hilabete jolaserako eta hirugarren Jaun Done Petriren begitarte iluna leguntzeko.

Halaxe, bada, jaun Laurentik ekin zion bere bizimodu alaiari dirua harrika botaz. Oturuntz ikaragarriak eratzen zituen, bere lagun, adiskide eta izainl irudiko sasilagun guztiak beregain hartuz. Bizimodu onaren zale egin zen eta bi hilabeteren buruan, hirugarrenari hamabostalditxo bat murrizteak kalterik ez zekarkiola-eta (astebete ere aski baitzuen gogo-jardunakz egin eta bizimodua zuzentzeko), infernuko bide zabalari lehenago baino gogorrago ekin zion. Alabaina, hamabost eguneko epea besterik ez zuela mundu honetan ikusi zuenean, larritu zen benetan eta bere ondasun guztiak, langileen eta behartsuen artean zabaldu ondoren, Loiolara biltzeko asmoa hartu zuen.

Laurenti jauna, ordea, gizon dotorea zen eta Loiolara joan aurretik alkandora eta soineko berriak egitea erabaki zuen. Donostiako joskin3 onenarengana —edo bederen garestienarengana— joan zen eta alkandoraren neurriak —arropa guztia neurrira egiten baitzuen Laurenti jaun dotoreak— hartzen hasi zitzaizkioten. Lepóko ingurua hartzean, joskinak esan zion zenbakiak egiten zituén mutiko laguntzaileari:

—Lepoa, hogei (zentimetro).

—Oker ari zara —erantzun zion Laurenti jaunak jakite haizez, bere lepoko zabaleraren berri ongi baitzekien—. Nire lepo zabalera hamazortzi da.

—Barkatu, jauna, baina gure neurrirk —oraingo modaren arabera— hogei ematen ditu.

—Barka, joskin horrek, baina nire bizi guztian hamazortziko lepokoak erabili izan ditut alkandoretan. Zu zara lehendabiziko joskina nire lepoarentzat hogei zentimetro hartu dituzuna.

—Jauna, hemezortziko lepokoa jartzea nahi baduzu, jarriko dizut, baina jakinaren gainean jarri nahi nizuke alkandora-lepo estuegiak buruko minak, agineko minak eta hotzikarak ekartzen dituela sarri.

Hau entzutean, jaun Laurenti gizajoa luze-luze erori zen joskinaren oinetan, mintxuriak jota. Izan ere, zeru-munduak, bi-biak, nahi zituena, ez bat eta ez beste gelditu zen. Horratx, azkenerako, Laurenti delako jaun trebearen kalkuloak zertan gelditu ziren. Alabaina, minbizia zinez edukitzea ez ote zen okerrago izango? Horrekin kontsolatu omen zen Laurenti gurea, zeren pobretu zenez gero inork ez omen zion deitu gehiago «jaun» izenez.

 

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera