Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Purra! Purra! 6

Etxaide, JonErein, 1989 Elkarrizketa

Pasartea

IPARRAGIRRE (1820-1881)

EUSKO ABERTZALETASUNAREN AITZINDARI

Elkarrizketa irudikorra

 

GALDERA.- Zure gurasoak Urretxuarrak al ziren?

ERANTZUNA.- Bai zera! Aita, Joxe Agustin, Idiazabalgoa nizun eta ama, Manuela Pantxika Balerdi, Gabiriakoa. Biak baserriko seme-alabak. Baina, bizimodua ateratzera Urretxura etorri behar izan zuten. Neure aitak goxotegi bat jarri zuen Kale Nagusian eta horrela ni kaletar jaio nintzen.

 

GALDERA.-Beraz, zure etorkizuna pastelero edo goxogin izatea zen?

ERANTZUNA.- Hala zirudien, baina gauzak alderantziz etorri ziren. Nire gurasoek estu-

dioak eman gura zizkidaten. Bazezaketen hainbeste, diruz ondo baitzebiltzan eta ilusioa zuten beren semea norbait izatea mundu koxkor honetan, gizon ikasia, aberatsa eta ohorez betea... Eta horrela, bost urte nituelarik, nire gurasoek Zerainera eraman ninduten, han osaba bat bainuen eskola-maisu, eta herriko eskolan baino hobeto ikasiko nuela pentsatu baitzuten osabaren babesean. Ni pozik joan nintzen. Han ikasi nuen erdaraz hitz egiten, irakurtzen, eskribitzen eta lau erregelak, kultura orokor pittin batez gainera. Baina han ez zegoen gehiago ikasterik.

 

GALDERA.- Orduan bi irtenbide gelditzen zitzaizkizun: goxogintzan ikasi edo estudiatzen segi beste nonbait.

ERANTZUNA.- Zerorrek diozu. Nik, ordea, ez nizun atsegin pastelgintza. Pentsa!, han zulo ilun batean pasa beharra nire bizitza guztia. Ez, nik txoriak bezala hegan egin gogo nuen, bazterrak ikusi, munduz-mundu ibili... Gazte-gaztetandik libertatea maite nuen eta ezin nintzen ezertara lotu. Estudiatzea ere ez nuen sobera maite, baina, tira, goxogintzari edo konfiterutzari baino hobeto nerizkion, ustez behintzat, eta batez ere etxetik atera eta nire gisa, libertatean bizitzeko aukera ematen zidan. Pastelerutzan berriz, lanean eta etxean, beti gurasoen mende. Utikan horrelakorik!

 

GALDERA.- Eta nora joan zinen estudiatzera?

ERANTZUNA.- Gasteizera, «Campillo» zeritzanean Latin Gramatika ikastera.

 

GALDERA.- Apez egiteko asmotan?

ERANTZUNA.-Ez dakit ene gurasoek zer pentsatuko zuten beren baitan. Baina nik ez nuen horretarako batere joerarik sentitzen. 1832garren urtea zen eta hamabi urte nituen. Neskatilek ere tentatzen ninduten dagoeneko. Latinak, berriz, neure onetik ateratzen ninduen. Hura pastelerutza edo gurasoen mende egon beharra baino txarragoa bihurtu zen. Beraz, urtebete Gasteizen egin eta berriro etxeratu nintzen.

 

GALDERA- Eta etsi al zenuen goxokigintzan?

ERANTZUNA.- Ez, noski. Baina gure familiaren martxak bide berria hartu zuen. Urtebete barru, 13 urte nituelarik, gure aitak Madrilera joan gintezela bizitzera erabaki zuen, han pastelgintzan jardun zedin. Badakizu, gure aita beti gora begira. Han bere langintzan askoz diru gehiago irabaziko baitzuen eta niri edukazio on bat eman ahal izango zidaten. Madrilen, San Isidro el Real-en sartu ninduten estudiatzen, jesuiten gidaritzapean, baina han ere ez nuen denbora luzerik egin.

 

GALDERA.- Beldur naiz zazpiki samarra ez ote zinen, inon ezin etsia. Eta zer egin zenuen orduan?

ERANTZUNA.- Egun batean, amari ikastetxera nihoala esanda, Euskalerrira ihes egin nuen. Madrile ez zen niretzat egina. Hango giroak itotzen ninduen. Nik euskaldun sentitzen nuen neure burua eta Madrildarrak jende arrotzak egiten zitzaizkidan. Nik Zeraingo egonaldia nizun gogoan. Orduantxe izan nintzen zinez zoriontsu eta neuzkan txanpon apurrekin osabaren etxera abiatu nintzen. Goseak ederki estutu ninduen, baina ez nuen etsi. Batzutan oinez eta bestetan zalgurdian, eta janaria Jaungoikoaren izenean eskatuz, Zerainera heldu nintzen.

 

GALDERA.- Eta zer egin zenuen Zerainen? Hango osabak ontzat jo al zuen zure jokabidea?

ERANTZUNA.- Nire jokamoldea ez zuen ontzat hartu; nire ihesa, gurasoak kezkatan utzirik, oso grabea zela esan zidan; baina, bihotza zabalik atotsi (errezibitu) ninduen eta neure aitari eskutitz bat eginen ziola esan zidan, nirekin zer egin jakiteko. Bitartean, lasai.

 

GALDERA.- Izan ere, inoiz estutu al zinen zure bizian?

ERANTZUNA.- Inoiz gutxitan. Ez baitu merezi. Jaungoikoa hor dago gure begira eta ez

da estutu beharrik, ez larritu beharrik, munduak iresten gaituela iruditu arren. Baina, utz ditzagun filosofiak eta goazen harira. Ni Zeraineratu eta laster Fernando VII-garrena, Espainiako erregea hil zen, eta berehala sortu ziren gerla hotsak. Izan ere, batzuek, erlisioaren eta gure Foruen defendatzaile zintzoek, hildakoaren anaia jarri nahi zuten errege, eta besteek, erlisioaren eta Foruen etsaiek, Isabel II-garrena, errege zenaren alaba gura zuten erreginatzat. Hala zioten behintzat, nik deus gutxi bainekien nire hamalau urte eskasekin. Horrela sortu ziren «karlistak» eta «liberalak» edo «zuriak» eta «beltzak». Karlistek Carlos V-garrenari jarraitzen zioten, hots, Fernando VIIgarrenaren anaiari, eta liberalek Cristina erregina alarguntsari eta Isabel beronen alabari. Horretxegatik, «kristinoak» eta «isabelinoak» ere esan ohi zioten liberalei.

 

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera