Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Putzu

Alvarez Enparanza, Jose LuisElkarlanean, 1999 Nobela

Aurkezpena

        Donostia, 1873.

        Urtebete bada Bigarren Karlistada hasi zela eta J Joxemari Arrubarrena «Putzu», 22 urteko gaztea ez da lasai bizi armada liberal arrotzak menperaturiko hirian. Pena du bere betiko Putzu kalea utzi beharra baina, bere barruko ezinegona eraman ezinda, armak eskuetan hartuta lagundu nahiko du foruen defentsan, karlistekin bat eginda. Boluntario alde eginez geroztik, Euskal Herri osoan barrena ibiliko da Putzu: Tolosan, Zugarramurdin, Lizarra aldean, Gernikan Oñatin, Donostiaren setioan berriz ere, baita Ipar Euskal Herrian ere, Lapurditik Zuberoaraino. «El Cuartel Real» aldizkariko erredaktore gisa, armada karlistaren atze-aurre guztiak ezagutuko ditu, bai ofizial eta diplomatikoekin ibili beharra, bai mutilekin tiroka eta borrokan, eta gerraren gorabebera guztiak ere bai, hala garaipen loriazkoak nola porrotik mingotsenak edo hala zauriak...

        Eleberri historiko batekin itzuli da Txillardegi euskal literaturaren plazara: nobela mardula, antzia, zehaztasun historiko eta geografikoz ongi hornitua eta dokumentatua. Xehetaun horien gainetik, ordea, Txillardegiren betidaniko kezka eta ezaugarriak aurkituko ditugu bertan: pertsonaia gatazkatsu baten barne-mundu urduria, galduz doazen denbora eta lekuen oroimin malenkoniatsua, eta Euskal Herriaren askatasunarekiko konpromiso eta amodioa. Hori guztia, estilo bizi eta arin batean idatzia. Hitz batean, gure klasiko baten lan handia.

Pasartea

        Honetakoan ez zen nire itxaron-beharra luzatu. Biharamun goizean goizik, hauxe esan baitzidan Oskotz komandanteak:

        —Tolosatik goaz Nafarroa aldera.

        —Beharrik!

        —Muga aldera goaz —erantsi zuen, erdaraz beti ari—. Hots, muga hori, badakikezunez, oraintsu arte beltzen eskuetan egon da osotara. Zuhur ibili beharra, hortaz, azpimarratu beharrik ez daukat. Gutxiago jakin, eta hobe. Ez dakiena ez da mintzo. Dakiena, berriz, eskuburdinaren oinazearen arabera bakarrik isilik.

        —Nora goazen ere ez dugu jakingo?

        Zalantza unetxo bat izan ondoren, nigana hurbildu da oso serio:

        —Zure osabaren ezpalekoa zaren esperantzan, zerbaitxo esango dizut. Baina aurretik gauza bat agindu behar didazu hertsi-hertsiki: zer gerta ere, ez duzula ezer esango.

        —Zin egiten dut, ene komandantea!

        —Ederki... Ba, gauzak horretara... Zugarramurdira goaz —argitu dit Oskotz komandanteak—. Frantziako muga aldera. Gertakari historiko baten lekuko izateko zoria dugu. Iganderako egon behar dugu han, «para el domingo sin falta».

        —Gaur osteguna —nik neure artean—. Hortaz... hiru egun barru.

        Eta nik ziplo galdetu:

        —Errege dator?

        —Gaur-gaurkoz ez dizut ezer zehaztuko. Baina ukatuko ere ez. Hau agindu digute guri: hango mendietan egoteko 13 iganderako. Ordurako, hantxe. Handik hara segidan, gero, bolondres-oste handi baten barruan, Lizarraraino! Haraz gero, nor bere sailera; eta zu zeu, beraz, «El Cuartel Real»en moldiztegira. Hori dakit.

        —Lizarrara bertara?

        —Lizarrako moldiztegiarena ez dago oraindik prest. Beharbada egun batzuk eman beharko dituzu Aitxurin zain, Peña Platako kasernan. Zugarramurdin. Ez da leku txarra.

        —Dena prest, beraz, «El Cura» madarikatua uxatuz geroztik? —galdetu dut gaixtoki. Eta berehalaxe neure ausarkeriaz damutu naizelarik.

        —Den-dena ez, zerorrek ikus dezakezunez. Egun hauetantxe erre du Beasaingo estazioa, esate baterako!

        —Gauza asko, bai, halere, polliki-polliki. Telegrafoa ere bai, bidenabar... Eta gainerakoak ere, konponbidean.

        —Igandea baino lehenago, bihar agian, edo etzi beranduenik, «legitimista» frantses batzuk iritsiko omen dira gurera. Zugarramurdira alegia. Eta, Lizarrara gabe ere, itzultzaile lanik ez bide zaizu faltako!

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera