Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Aurkezpena

  Bakanak dira euskal literaturan NIaren narratibak. Ahalke edo lotsa izan ohi du euskal idazleak bere biografia eta barrunbeaz jarduteko. Liburu honetan norberari buruzko narratibarekin aurkitzen gara. Bejondeiola autoreari, fikzioaren maskara alde batera utzirik bere idazkera soilaz jantzirik plazaratzen zaigunez.

  SEME, autoreak bere semearekin ezartzen duen hitz jarioaren emaitza da; garbiro mintzatzen zaio aita politikaz, sexuaz, etikaz eta bere biografiaren pasarte hautatuez. Erraz irakurtzen den hizketa honetan gaurko idazle baten ortze intimoa ageri zaigu: biluts eta apal, baina egiaz eta benetan.

  Uda bateko kontakizunaren aurrean aurkitzen gara, 1999ko udan suertatzen diren gertakizun banalak.

Pasartea

  Atzo Ondarretatik pasatzean neska eder bat ikusi nuen. Dena zuen polita baina bere aurpegiarekin gelditu nintzen batipat. Hemezortzi urtee inguru zituen eta beltzarana zen. Ile adats motzak markatzen zion aurpegi perfektoa. Matrailezurrak altuak zituen eta sudurra ñimiñoa; ezpain puztuxeek irri baten hastapena zuten eta begiak ziren aurpegian gehien nabarmentzen zitzaizkionak, urrearen kolorea zuten eta arratsaren argia. Gorputzaz ez zen handia, baina bere soina giharra zen eta betea. Jeans batzuk zituen soinean kamiseta zuri bat zilborraren gainetik. Zilborrak masailean irriarekin sortzen den zulotxo bat zirudien.

  Neska ederra zen benetan eta urrutitik erreparatu nuen berarengan. Ni Antiguo aldera nindoan eta bera tenis aldera zetorren. Kontuz eta zuhur begiratzen nion nik eta berarengana hurbildu nintzenean pozaren antzeko sentimenduak barreiatu zuen nire baita. Elkarrekin gurutzatzera gindoazen eta nik bere aurpegian nituen begiak jarririk. Bere bisaia nahi nuen nire buruan zizelatu, eta elkarren parera heldu ginenean neska ederrak ez zuen nigan erreparatu ere egin. Ez ninduen ikusi. Berarentzat ni ez nengoen han eta ez inon. Ez nuen esistitzen.

  Badakizu seme, berrogeita hamar une eginak ditudala eta agian lotsagarri irudiko zaizu kontu hauetaz ni jardutea, baina ez dut ezkutuko grinarik ez eta desira konfesagaitzik ere. Neska hura ez nuen haragizko gutiziaz begiratu ez nuen ez eta ere amets baldarrik egin. Miretsi egin nuen bere edertasuna eta maitatu egin nuen bere gaztetasuna. Bere bistak egin zidan zirarra beste arlo batekoa da, zentzuen arlotik haratago datza.

  Norbaitek esana da neska xarmant baten parean iragatean, neskak ez badu zuregan erreparatzen akabo egin duela zureak. Ez dut nik sasoi honetan inongo neskatori lilura egiteko ametsik baina neska zoragarriaren begietan izaerarik ere ez edukitzeak nire nortasuna eta gorpuzduraren muga latza jarri zidan begien aurrean.  Aldapa gora egin zitzaidan nire ezereza onartzea.

  Guzti hau kontatzen badizut nirekiko izan dezakezun begirunean mermarik ez izateko asmoarekin esaten dizut. Gizonok harroak eta arinak gara eta uste dugu instant oro munduaren eta geure ingurunearen zilborra eta erdigune garela. Gezurra da, ordea, norberaren baitatik jalkiaz gero, besteentzako ezer garrantzizkorik garenik. Neskaren ez ikusteak gizakion inkomunikazio erabatekoa jarri zidan begien bistan. Gure begiak gurutzatu izan baziren agian nik ez nion bistarik mantenduko baina behar bada nire begietan ikusi ahal izango zuen miresmen ezkutua eta poza. Beraren poza. Berak nire baitan eragin zuen biziarekiko miresmena. Hitz batean esateko, bizirik sentituko nintzen.

  Zu ni baino handiagoa izateaz aparte, gaztea zara eta badakit munduko zeharbideetan oharkabean ez zarela pasatzen. Bizirik zaude eta bizitzen dituzu zure ingurokoak. Agian ez duzu ulertuko nire samina, zeren badakit kontu hauek nahiko arrotz egingo zaizkizula; hala ere adierazi nahi dizut bizitzan aurrera eginaz gero edertasuna eta poza gero eta laburragoak eta eskasagoak direla. Biziki aintzinatu eta ahalegindu behar zara poz berriak eta edertasunak aurkitzeko. Zahartzean ezkutatu egiten gara, besteentzat ezkutatu eta orduan geure baitara igorri besterik ez dugu egiten gauzen eta pertsonen alde berriak aurkitzeko eta gauza guztiei beren alde ona bilatzeko.

  Badakit ez dudala sekula berrikusiko Ondarretako neska eta pentsatzen hasia naiz gainera mirari bat ez ote den izan, baina nire buruhezurrean gordeko dut betikoz argi izpiaren antzera nire ilunabarra argitu zuen mirakulua.

 

1999ko ekainak 17

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera