Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Sukaldaritzarako hastapenak

Agirre, EdortaElkar, 1983 Saiakera

Hitzaurrea

Aurreproposamena edo

 

  Euskal Sukaldaritza Berriak nahiko fama ona hartu du. Eta sukaldariek ere, noski. Euskaldun sukaldariek, gehienbat.

  Normalizazioa bai, hiztegi espezialduak ez... Eta egunoro egiten dugunari buruz (elikatze edo jateari oso normal deritzot nik hemen, ez honenbeste Hego Ameriketan edo beste nonbait, baina gure lurraldeaz ari gara) eta euskara hutsez agertu diren azkeneko liburu biak ez ziren atzo goizean agertu: Euskaldun Cocinera (1864) eta Cocinan icasteco liburua (1889), nik dakidanik. Harez geroz, jai. Euskarari buruz eta Euskal Sukaldaritzaz, bai, anitzek idatzi du aspaldian eta arestion, baina gehiena erdaraz. Salbuespen gisa, nere ezagupenen barne, Argian kolaboratu duen Karlos Argiñano artegile bikaina salba daitekeen bakarretakoa dugu; J. J. Lapitz-ek ere bost hizkuntzaz egin zuen beste liburu on bat (euskaraz ere), eta kito. Eta euskarari buruz Euskaltzaindiak berak —edo Euskaltzainek, argiroago derradan— lanari gaztelaniaz ekin dioten bezala, Euskal Sukaldaritza Berriari buruz, gauza bertsua: «Sukaldaltzaindiak» —edo «Sukaldaltzainek», zehazkiago derradan— espainolez ari behar. Bistan denez, hemeretzigarren mendeko modak pasa egin dira, iragan, igaro, gainditu, alegia.

  Liburuxka honen eginkizuna oso xehea da; orainarte euskaraz soilik agertu diren dibulgaziozko manual gehientsuena bezalaxekoa:

 

- Euskaraz ulertzea, ulerteraztea. Euskal mundutik ez irtetea sukaldean aritzeko (horretarako, hain zuzen, «Hiztegia» erantsi dugu, hau oso zehatz eta argigarri ez bada ere). Eta hauxe litzateke, ene ustez, EUSKAL sukaldaritza.

- Dirutzarik xahutu gabe, ongi jatea. Plater edo gai garestiak aipatu arren, zuk beste era baten presta ditzakezu atsegin zaizkizun jakiak. Dirutzarik ez gastatzea orri-sail hau erosten, ez eta janaria jasotzen ere. Nola? Tokian tokiko eta garaian garaikoez baliatuz, exotismoak besterentzat utziz.

- Lana erraztatzea: janari arruntak edo «xinpleak» prestatzen; lan handirik egin behar izan gabe, ez jakia paratzerakoan, ez liburua irakurtzerakoan, amaigabeko parrafoak interpretatuz eta deszifratuz. Nik egingo nukeen bezala idatzu dut dena.

- Datozen ikertzaileei (euskararen) ateak zabal(ago)tzea. Euskara bera ez da kantzerigenoa, gaztelania ez da euskara baino digestonikoagorik.

- Eta, batez ere, euskaldun berriok erabil dezazuen, zuengan baitago geroa.

 

    Edorta

 

Pasartea

azalorea labetik

(4 lagunentzat)

 

    Kopuruak: azalore txuri handi bat, 1/2 l. ur gazi, 150 g. gurin, 100 g. irin, 1/2 l. esne, ogi birrindua, 4 gorringo.

    Tresneria: labana, lapiko handia, lapiko txikia, bitsadera, lurrezko kaxuela, labea.

    Denbora: ordubetea.

 

    Lapiko txikian 100 g. gurin urtu eta irinarekin ongi nahasi. Bota esnea, mantso-mantso, eta loditurik dagoenean, 4 gorringoak; gorde bexamel hau.

    Lapiko handian jarri azalorea zuriturik ur gazitan eta egosi poliki. Eginik dagoenean, atera kontu handiz bitsaderaren laguntzaz, oso-osorik.

    Jarri azalorea lurrezko kaxuelan hautsi gabe, eta bexamelaz estali. Bexamelaren gainetik bota gurina eta ogi birrinduz estali (oso gutxi).

    Sartu labean, gainetik biziki piztuz (200° Z.tan, g.g.b.). Maiz begiratu, erre ez dadin.

 

    Oharra

    Labetik igarota, labetik atera: horra nondik bere izena.

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera