Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Taxi bat Hamletentzat

Gorrotxategi, AritzHiria, 2002 Poesia

Hitzaurrea

Nora eginen dugu ihes Neva izozten denean?

 

        Duela urte dezente ezagutzen dut Aritz eta taxiak ez ezik, autobus eta tren bat baino gehiago konpartitu izan ditugunez, badakit Monastir herriko gaztelu zaharrean katxinba erretzen ari ziren agureak benetakoak zirela. Poema hauek benetakoak direla usaintzeko ez dago bera ezagutu beharrik. «Emakume bat igaro zen harresian azpitik/ baina agureak ez ziren bere lekutik mugitu/ bizitza handik harrapa zitekeela baitzekiten aspalditik» aipatzen du bere poemetako batean. Gonbidapen bat baino ez da, harresiak zeharkatu gabe harresiak zeharkatzeko: katxinbaren keak inguratuta liburu batean murgildu eta lerroak aldamio estatikoak (edo estetikoak) baino zerbait gehiago direla ziurtatzeko gonbidapen bat.

        Ekialdeko kutsua dute poemetako askok. Sherezaderen ahotik entzungo genituzkeen ipuinak dira. Ekialdeko istorio gehiegi entzundakoak gara egundo, eta idorregi suertatzeko arriskua izaten dute gaur egun idazten ditugun era horretako narrazio berriek. Ez da ordea bere kasua: poemak irakurri ahala, halako haize epel batek laztandutako errezelen mugimendua sumatzen baitugu poemetako lerroen artean. Poemek arnas hartzen dute.

        Isiltasuna eta itsutasuna. Askotan errepikatzen dira poemario honetan barna bi kontzeptuak. Pentsamenduaren mundutik ekarritako idazlearen deskribapen bereziak adierazteko, kea, begiradak eta ezpain okertzeak nahikoa izatea nahi luke poetak: hori ez lortzeak obsesionatzen du. Honenbestez, idatzi egin behar, noizbait isiltasun horren baitan desagertzeko; liburuen aurrean itsu eta bizitzaren aurrean ikusle eta gozatzaile izatea irrikatuz»Nahiago dut emakume eder baten besoetan hiltzea/ kobazulo ziztrin batean baino». Liburuak kobazuloak dira. Kobazuloetako jendea itsu da liburu eta kobazuloetatik kanpo. Baina agian, ez du begien premiarik ere.

        Isiltasunak beldurra ere ematen du ordea. Beldurra eman zion Max Brodi Kafkaren izkribu guztiak erretzeak sor zezakeen isiltasunak. Agian isiltasun hori jasanezina izango zen, bonbaketa baten ondorengo isiltasunaren antzeko zerbait. Kinka larria, idazlearena. Eta larriagoa, bere burua pergamuen piromano izatera kondenatuta ikusten duenarena...

        Nora eginen dute ihes gizaki etsiek Neva izozten denean?, galdetzen du poetak. Neva ibaiaren inguruan segi beste erremediorik ez zaie geratzen, jakina. Alferrik bilatuko ditugu beste Neva batzuk, ez daude: iba¡ guztiak dira norbere kondenaren eta norbere neguaren zain dauden Neva ibaiak. Ibaia izozten denean, jelazko geruzak zerratu eta zuloak egin beharko dira, atexkak eta leihoak ireki ibaiari, arnas hartzen jarra¡ dezan. Horixe baita poema hauetako bakoitza: arnaszulo bat. Atexkak eta leihoak behar ditugu gure baitango ibaiak arnas hartzen jarra¡ dezan, errezelek mugitzen jarra¡ dezaten Monastirreko agure pipatzaileen atzealdean dagoen merkatuko atean. Neva ertzean alferrik eskatuko dugu taxi bat handik ihes egiteko.

        Basamortuetan has¡ eta iba¡ izoztuetaraino etzaten da poema bilduma hau. Bidaia transiberianoa eskaintzen digu, baina baita transaharianoa ere, lirikak era guztietako trenak onartzen baititu bere baitan. Baita gillotina itxurako trenak ere. Gillotinak ere heldu egiten baitira, trenak bezala, zain gauden estazloetara: «bihar gillotina heltzen denean/ guk ez diogu gillotina deituko/ elurraren azken musua baizik».

        Neva izozten denean liburu hau ere desakt¡batu eta desmuntatu egin beharko dugu agian, iglu bat egin eta bere barruan bizitzeko. Bitartean, berau irakurriz ere bizi gaitezke bere barruan. Itsuturik eta isilik, irakurle onek bakarrik dakiten bezala.

 

Harkaitz Cano

(Donostian, 2001eko urrian)

Pasartea

Eta nora eginen dute ihes gizaki etsiek

Neva izozterakoan?

Negu parteko maluta zorroztuetan

Ez dago geltoki gehiago

Eta lur azpian dagoen zurezko kutxa hotz baten barruan

Jolasten dira kartetan

Geltokian trenaren zain dauden bidaiariak

Gezur baten zain daudela jakin zutenean

Keaz maitemindu baitziren betirako

Eta hor¡ da eurek arrastaka daramaten harria

Sisiforen harria da isp¡luaren aurrean

Gizaki etsiek ikusten dutena

Galilearren merkatuan salga¡ dagoen haraindia

Ez baita berea

Ez inorena

—Amapolen erbatzetan lo dagoen kresal-izaki erren bat

Baita haraindia

Eta bakarrik dagoen gizakia egunero iratzartzen da

Eta arrastaka darama bere burua gauaren bila

 

Bitartean beste gizakien musuak kolpeak agurrak

irainak laztanak

Hitzak gorrotoak ametsak etsipenak...

Bihotzean gordetzen ditu

Isiltasunean kontsumitzen diren ezpata txinpartak bailiran

Lore ¡har bat poema zaharren artean

Ardo gozoaren zaporea gordetzen dituzten arratsaldeak

Gabonetako oparien zerrenda ezinezkoak...

Oroitzapenak oro

Eta Nevak ilargi betea islatzen duenean

Su ematen die...

Bizitzari darion kea behin eta berriro arakatu asmoz

Galdera bat formulatzen duelarik

Betierekoan

«Baina gure bihotzetik ateratzen den ke hori...

Nork erretzen ditu gure arimak?»

 

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera