Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Triangulo hautsia

Garcia-Viana, TxemaAlberdania, 1998 Nobela

Pasartea

        Maiquetia-ko porturainoko nire bidaiaz ez naiz gehiegi luzatuko. Gutxitan antzeman ohi dira askatasuna eta tristura, herrimina eta esperantza horrelako bidaia batean bezala. Barandan buru makur zegoen agure galiziar harena datorkit orain gogora; gaua zen figura ttiki hura ilargiaren oihal larupean somatu nuenean. Eskuan pattar botila zeukan, itsasontziaren balantza areagotzaile; zertan ari zen galdetu nion, itsasoari begiratzearen poderioz urdin eta kresalez tindatutako begiez honako hau erantzun zidan: «askatasun zipriztinez itotzekotan, txikito», eta malkoak, inoiz baino gaziagoak, itsasora jaulkitzen ziren berriz.

        Caracasen egun batzuk pasatu nituen hausnarrean, gaueko ibiltari herratu eta argiaren muzin. Portuko sare konpontzaileak Parkak begitantzen zitzaizkidan, hots, patuaren jainkosak gizakion hariak behin eta ostera katramilatzen esku artegaz beren patu ezari itzuri ezinez. Handik laster, agure galiziar hari bezala, niri ere begiak kresaltzen hasi zitzaizkidan; bere jitoan inora ez doan ontzi zulatuari nola, hala sartzen zitzaidan neure baitan itsasoa: emeki baina gupidagaitz, noiz hondoratuko zain.

        Biharamunean, poltsikoko helbide zimurtuari heldu nion. Puerto Ayacucho aldera abiatu nintzen.

        Zalgurdiko gidaria jator eta atsegin zitekeen, etengabeko purrustadak, korrokadak eta hainbat motako putzengatik izan ez balitz. Ezin esan dezaket bidaia zoriontsua izan zenik, buruko aztoramenduari bide eskasa eransten baitzitzaion. Hauts zirimolak zalgurdiko zirrikitu ttikienetik sartzen zen, niri eztul eginaraziz, eztula ia itotzeraino ere. Nola edo hala zeharkatu genituen hainbat herri: Valentzia, San Juan de los Morros, eta azkenik, San Fernando de Apure. San Fernandok, mugak oro berdintzen zituen lurralde basati hartan, muga egiten zuen: zingiren muga, oihanaren atari.

        Puerto Ayacucho oihanari ebatsitako zabalgune batean kokatua zegoen. Ez ziren berreunetik pasatuko bertako biztanleak, haatik, aurrerakuntza kutsu bat zerion behinola urre-bilatzaileen herrixka izandako hari. Txukundade harrigarri bat sumatzen zen bazterretan, eta zerbitzu antolamendu hasi berriak lan gogor eginaren emaitzak erakusten zituen. Azken hiru eguneko bidaia zaldiz egin ondoren, itxura negargarria neukan, eta hain zen handia nekarren nekea, non nire pauso bakoitzak bertakoengan eragiten zuen marmarra eta jakinmina ez baitzen aski nire begitarteei zirkin txikiena ere eragiteko.

        Ostatura iritsi nintzen.

        Ezaxolati zeharkatu nuen ostatua. Jendearen marmarra nire botek eragindako zoruko karraskaden konpasean areagotu egiten zela iruditu zitzaidan, eta tinkoago zanpatzen saiatu nintzen, marmar-karraskadak denak isilerazteko asmoz. Pozik nengoen.

        —Jaime Mistelen bila nabil —paper tximurtua luzatu nion ostatuko nagusiari, hitzok nahikoa ez balira ere; nagusia, berriz, lur eta zur zegoela zirudien.

        —Bidaia ondo alferrik egin ote duzun susmoa dut, jauna. Don Jaime atzo bertan lurperatu baikenuen.

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera