Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Txan fantasma

Landa, MariasunElkar, 1992 Haur eta gazte literatura

Pasartea

        Ni Txan fantasma naiz. Farol honen gainean ikusten banauzue ez zaitezte harritu, ez zaitezte beldurtu! Fantasma bakarti eta triste bat bihurtu naiz, badakit, baina nire istorioa entzuten baduzue, agian ulertuko duzue nire egoera tamalgarri hau... Badakit, baita ere, egunak iragaten direla eta ez naizela etxe handi, ilun honen ondoko faroletik mugitzen. Baina ez da kasketosoa naizelako, ezta haserre edo zigortua nagoelako ere. Ez! Karmentxuren zain nago. Ea etxe horretatik inoiz irteten uzten dioten zain nago. Horren esperantzan nago farola honen gainean, untzi batetako zelatari bat bezala, dena ondo begiztatzeko, ondo ikusteko... Baina inork ez dit kasorik egiten, inor ez da nitaz jabetzen, inork ez nau ikusten Karmentxu etxe horretan sartu zutenez geroztik.

        Karmentxuk bai ikusi ninduela bere gelan bizitzen hasi nintzenean! Hark bai. Baina, Karmentxu neskatila berezia zen, aparta, liluragarria. ARRAROEN ETXEA izeneko leku zatar, handi horretan sartu zuten aspalditik eta geroztik ez dut inorekin jolastu ahal izan. Jolastu, bai! Zeren niri haurrekin jolastea gustatzen zitzaidan. Horregatik utzi nuen fantasma talde hura, haiei ez bait zitzaien jendea izutu, ikaratu eta beldurtzea besterik gustatzen.

        Nire lagun fantasma haiekin nazkatu nintzenean, haurren baten etxean bizitzea erabaki nuen. Gainera, beste fantasma petral haiek isekaka aritzen zitzaizkidan txikia eta potoloa nintzelako. Zer demontre! Jendea ikaratzea aspergarria egin zitzaidan. Gainera ez nuen horretarako balio. Jendeak ikusten ninduenean, beldurra beharrean, barrezka hasten ziren eta... Horregatik, jostatzea gustatzen zitzaidalako, nire fantasma talde utzi eta, bakar-bakarrik, airez abiatu nintzen, haurren baten bila.

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera