Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Txotxongiloa eskolan

Genua, EnkarniErein, 1982 Saiakera

Pasartea

1. Txotxongiloaren xedea eta zergatia

 

  Kris... kras... Gelako atea astiro irekitzen dut. Iskanbila apur bat bada eta haurrak sartu naizenik ere ez dira konturatu... Txoko batean lau mutiko ari dira buru-hauskarri bat osatu nahiz, pittin bat urrutiago bospasei haurrek orri laurdenetan marrazten dihardute; gugandik hurbil, mahai azpian, dozenerdi haur jolasean ari dira non direnik ere ohartu gabe; talde bat andere±oari arte-lanak erakusten ari zaizkio, leiho ondoan hiru mutiko ari dira borrokan, bakoitzak pelota beretzat nahi baitu... Bapatean, aleratzen dut sakeletik nire txotxongiloa, mahai baten atzean jarri eta hizketan hasten naiz, astiro, emeki-emeki...

  Buru bat altxatzen da, bi haur poliki poliki hurbiltzen ari zaizkit, begi asko jarri da neri so, irrifar batzuk ageri dira, eta pare bat minututan haur guztiak zain daude, panpinak zer egingo. Batzuk panpinaren inguruan bildu dira, beste batzuk ez dira ausartzen eta urrutiagotik ari zaizkio begira, badira hizketan hasi zaizkionak ere... Egina dago! Berriro miraria gertatu da, txotxongiloaren miraria, eta gaur honetaz nahi dizuet hitz egin.

  Zer da, bada? Gauza erraza da. Benetan esan, haur gutxi dira, oso gutxi (nik oraindik ez dut aurkitu, baina, izango da noski), txotxongilo bizi baten aurrean begiak erne eta aho zabalik geratzen ez direnak.

  Horregatik txotxongilo bat irakaslearen benetako kolaboratzaile izatera hel daiteke. Txotxongiloak, ikastaroaren bukaerako kolaboratzaile ezezagun bat baino zerbait gehiago izan behar du; eguneroko etengabeko lanaren bidez irakaslearen kolaboratzaile zintzo, «maixuordea» izatera iritsi behar du. Baina, ikus dezagun orain, «irakaslearen laguntzaile» honen lanak zernolakoa izan behar duen.

 

1. Txotxongiloak poza daramakie haurrei

  Ez nuen garbi ikusten atal hau zein lekutan sartu behar nuen, baina, berehala erabaki dut: beste guztiak baino lehen! Zalantzarik gabe eskolara poza eraman behar da. Haurrei kontuak eta ipuinak kontatu eta haiekin mintzatzen den txotxongiloak oso pozik uzten ditu haurrak; ba ote da ezer haurrak pozago uzten dituenik?  Arrazoi sakonagorik gabe, haurrek, ipuinak, kontuak, poza, besterik gabe nahi dute. Txotxongiloak eskola guztietan eginkizun hau beteko balu bere garrantzia ukagaitza litzateke.

 

2. Txotxongiloa gaiak erakusteko

  Gorago esan dugunez, txotxongiloa haurrei gustatzen bazaie eta haurrak aho zabalik uzten baditu, tresna hau lanerako guztiz interesgarria zaigu.

  Lehen esan dugu, ipuina, berez, besterik gabe, garrantzizkoa dela, haurrari poza ematen dio eta. Baina, badira, zerbait irakastea helburutzat duten ipuinak ere, eta hauek ez dira bazterrean utzi behar.

  Ikastaroan zehar zenbait gai aztertuko dugu haurrekin, horretarako teknika desberdinez baliatuko garelarik: talde-lanaz, muralez, abestiez, eta abarrez... gainera txotxongiloaz. Gai berri bati heltzen diogun bakoitzean, sarrera gisa txotxongiloaren laguntzaz antzezturiko ipuin labur bat eskainiko diegu. Ipuina, gaiaren bukaeran ere eman dezakegu laburpen gisa, gaiaren mamia jasotzen dutelarik. Azkenean, exenplutzat, gidoi batzuk eskaintzen dizkizuet, gai zehatz bat esku artean duzuelarik nola lan egin ikus dezazuen.

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera