Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Udarbe eta Urtuella lekuko

Mujika, Luis MariR&B Ediciones, 1995 Nobela

Aurkezpena

        Udarbe eta Urtuella lekuko eleberriak Euskal Herri erruralak bere baitan XIX mende amaieran sentituriko aldaketa gaitza isladatzen digu, trazo zihurren bitartez emana. Garaiko giro gatazkatsu baten zertzeladak eskaintzen dizkigu sentimendu kontradiktorioak, jarrera sozial bortitzak, planu dibergenteak, etorkinek sorturiko cultura arazoak, abertzaletasun intransigente aeta haserako sozialismo arrotzaren auziak, kazikismoaren eztenak, euskal eta erdal kulturaren hikamikak, eta abar, dena errealismo, poesia sugerente eta akzio handizko idazkeran mamitua.

Pasartea

UDARBE BAT

 

    Haritz, pago, lizar eta ipuruz beteriko ibar ilunean zaldigurdi beltza arin eta zalu zetorren; harlauzazko bidean sartzean zaldien ferra-hotsa erritmiko eta gordinagoa egin zen. Ilunabarra sartzen ari zen, eta, ilargiaren errainutara, zaldien zilueta eta bidaiarien betartea sugerikor eta amestiagoa zen.

    Kotxeroak uhalei eragin zien aldapagunea hastean, madarikazio batzuk botaz.

    -Sandios! Rekoño! Mugi zaitezte, zaldiok, azken bidegunea duk eta!

    Zaldigurdiaren kotxeroak kaskoan txistera beltza, soinean longaina distiratsua eta besaldean esklabina zeramatzan, eta almidoizko lepoko zuria nabarmenagoa zen longainapean.

    Laskurain jauregia geroz eta hurbilago ikusten zen bere leiho handi, harresi, hormabular, galeria eta horma garaiekin. Jauregia ez zen, noski, Euskal Herrian XIV. mende aldera almena-zerraz, kantoi-dorre, matakan, aspilera, barbakana eta beste elementuz horniturik ikus zitekeena. Orduan gazteluak —oñaztarren edo ganboarren garaian— bonbarda-harri, gezi eta beste arma jaurtikorren erasoetatik defenditzeko ziren; Laskurain jauregia, geroztiko eraikuntza gisa, Udarbeko etxerik erraldoi, lerden eta handiena zen; bertan bizi zen udarbetar askoren ugazaba.

    Kolpean, zaldiak irrintzika hasi ziren, bide erdian behi baten bultoa oztopo egiteko arriskuan susmatu baitzuten. Ezekiel kotxeroak ez zekien abereen irrintzien zergatia, eta zaldigurdia seko geratu zuen. Ezekielek painelua atera zuen, uste-ezaren izuz sorturiko izerdi hotza lehortu nahian:

    -Mekauenla! Hau behar genian! —oihu egin zuen; frenatzean berealdiko zarata entzun zen kabina barnean zerbait erori bailitzen; eta ondoren aiene eta garrasiak.

    Kotxeroak gibeleko kabinako ateska irekiz:

    —Barkatu jaun-andereok, behi bat atera zait bidera eta, zaldigurdiak aberearekin istripua izan du. Barkatu.

    Barruan zegoen Zelestino Lasaga jaunak, jauregiko On Ernestoren anaiak, oinetan eginiko zauria eskuaz estaltzen zuen; bere emaztea Urtsula ere kexu zen, ezpainetatik odol-hari bat baitzerion masailarekin leihatila ondoko marko-muturra jo baitzuen.

    —Sentitzen dut, jaun-andereok, sentitzen dut —errepikatu zuen kotxeroak gizabidez eta hunkituta—. Bide zabar hauek arriskutsuak dira, behin ilunduta; behia ezustean atera zait bidera, eta horra, hor gelditu da hilda seko.

    On Ernestok, hain zuzen, zaldigurdia Bilbotik Udarberako bidea erosoago egin zezaten utzi zien; Madriletik Bilbora, berriz, trenez egin zuten bidaia luzca.

    Ezpara baten ziztadaz ezkerreko zaldia zaldigurditik tiraka hasi zen.

    —Isooo! —oihu egin zuen kotxeroak—. Behia atzeko gurpiletan trabatuta gelditu da, eta itxaron egin beharko duzue harik eta aberea atera arte.

    Ilargi hieratikoaren errainuetara lerdenagoa zen Urtsula Bedarona anderearen edertasuna. Andereak zauria zuen eskuineko besoan ere, eta odol orbaina soinekoaren zeta azpian biltzen zitzaion.

    On Zelestinok kapelu beltz-altua zeraman; betartean halako zimur-keinua zuen, kolpearen oinazeaz sakondua. Kapeluaren ertzetatik ile urdindu batzuk ikusten zitzaizkion kalpartsu. Kopetatik zerorkion tximajeak adineko gizon baten itxura zemaion; kapelua kentzean zaharkituagoa zirudien euskaldun planta nabariagoa eginez, masailezur luze eta kokots puntadunak baitzituen. Jaun hark goren mailako jas aristokratikoa zeukan, Madrilgo airetan areagotua; aldi berean euskaldun zaldun baten naturaltasuna eta aire basati disimulatua zuen. Zelestino jaunak kabinako lurrera eroritako betaurrekoak jaso zituen, odol-orbain bat zegoen toki ilunetik.

    —Ezekiel, zenbat falta da Laskurain jauregira iristeko?

    —Huskeria bat, fauna. Kilometro bat eskas; berehala egongo gara bertan.

    Ezekielek behi hila zaldigurdiaren gurpiletatik atera zuen, bide bazterrean utziz. Ongi fijatu zen On Zelestinoren janzkian. Galtza estu-luzeak zituen, soinari ongi taiutuak; besagainean lebita dotorea, ilegurizko solapaz; alkandoraren ertzetan txorrera biribil-kiribiltsuak.

    Urtsula andereak kexu jarraitzen zuen, ezpainetako odola musuzapiaz eusten zuela. Andere arraiak horail koloreko ile-motots altu dotorea zeraman, bi mailako tauka bailuen; halako jas gazte, sentsual, erakarkorra zeukan; hiriko aireek leundu bazioten ere, jas airosoaren azpian euskaltasun baten zantzuak nabari zitzaizkion, senarraren kasuan bezala. Bularretan zeraman jipoiak lerdentasunaren kerak nabarmenagotzen zizkion, aski estutua baitzeraman. Gona luze-buelodunak gorputzari berezkoa ez zuen luzadura ezarri bide zion; besagainetatik behera uhinetan zetorkion txal urdin-beltzak, zilueta oraindik airosoagoa eginez, dotorezia aparta zuen. Ezkerreko besoan poltsatxo urdinska zuen zintzilik, bertan hautsak, txarteldegia, gatz-flaskoa, perfumeak, txanpon-zakutoa eta gisakoak gordez. Anderearen begiak urdin arre, handi ziren; ezpain biak lodi eta haragitsu, inoiz itzaltzen ez zitzaien irribarre eme eta erdi-hieratikoz hornituak.

    —Abia gaitezke —esan zuen Ezekielek zaldi bati kopeta-litsak atontzen zizkiola; ondoren kabina-ateska itxi zuen, eta gero: —Ez arduratu. Hiru bat minututan Laskurainen egongo gara. Andere, zure zauria hantxe sendatuko dugu.

    Zaldiak uhal astinduen mugimendura arineketan hasi ziren. Bi urte ziren, gutienez, On Zelestinok eta Urtsula andereak Laskurain jauregia ez zutela ikusten; oraingoan arrotz eta ebokagarriagoa eginen zitzaien.

    On Zelestinok On Ernesto anaiari Madrilen burtsan sarturiko akzioen berri emango zion. Baita bitarte hartan Perun gertaturiko lehengusuaren heriotze-albistea ere. Indianoa halako ustekabean desagertzea, eta haren semeari Kuban jazotako ezbeharrak komentatuko zizkion. Urtsula andereak, berriz, Udarben txikitan igarotako urteak birgogoratuko zituen; azken alditan, ordea, ez zen etortzen ilusio handiz Laskuraina, On Ernesto hain faltsu eta zital, hain doilor eta zabar portatzen baitzen Sofiarekin. Gizonak emazte gajoa zeharo abandonatua zeukan. On Ernestok, gainera, harro, gonazale, emakoi, alprojaren sona zuen Udarben.

    —Beha hor Atxarte, Ubillos, Solabarren eta Urkizu baserriak. Denak toki berean daude, txukun eta zuri —esan zion Urtsulak senarrari—. Ortzean izarrak geroz eta oparoago ageri ziren... Bi, lau, zazpi, hamar, hamaika izar. Altzueta errekan ziurragoa zen ilargiaren distira gaitza, izuz betea. Zakur bat ari zen ilargiari zaunkaka. Zuhaitz narrats, biluts batzuk antzematen ziren bidearen ertz gainean.

    Laskurain gazteluaren zilueta, bat-batean, gertuagoa eta handiagoa egin zen. Eraikuntzaren hormak ederrak, galantak, erraldoiak ziren.

    —Iso, iso! —entzun zen zaldigurdiaren aitzinean, eta kotxea kolpean gelditu zen.

    Ezekielek, zaldigurditik jaitsita, kabinako ateskan jo zuen makilaz, jauregira iritsi zirela adieraziz, eta ondoren ireki.

    Ordurako, jauregi ondoko etxeordean bizi ziren Madalena eta Martxial jauregi-zainak aterata zeuden bidera harrera emateko. Ezekielek Urtsula andereari jaisten lagundu zion; bestainbeste On Zelestinori.

    —Guk uste genuen baino berantago ailegatu zarete —Madalenak Ezekieli.

    —Bai, halaxe da; izan ere, istripu bat eduki dugu hemendik kilometro batera. Andereak zauria du ezpainetan, eta jaunak kolpe bat hankan.

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera