Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Udazkenaren balkoitik

Irigoien, Joan MariErein, 1987 Nobela

Aurkezpena

        Juan Mari Irigoien Altzan jaio zen 1948. urtean. Orain arte, besteak beste, poema liburu bat idatzi du («Hutsetik esperantzara», Irun Hiria saria), eta hiru nobela («Oilarraren promesa», Kritika saria; «Poliedroaren hostoak», Resurrección M.ª de Azkue saria eta Kritika saria eta «Udazkenaren balkoitik», Jon Mirande saria). Bere azken nobela honi buruzko prozesuaz eta, hara zer dioen:

        «Gure belaunaldiko jende askok hamaika ekaitz jasan behar izan du bere barnean. Izan ere, umeak ginenean Ollarango giroa estu-estua zen, eskola (=makila), eliza (=moralkeria) eta politika (=Franco), hiru murraila horiek hesitzen bait zuten gure eguneroko arnasa. Haziz joan ginen neurrian, ordea, murrailon bestaldean zeuden beste mundu batzuen berri izan genuen, ustez arnasgarriagoak. Horren ondorioz, batzuek murraila horiek hautsi nahi izan zituzten, beste batzuek pertika hartu eta gainetik salto... gure inguruan, gure gorputz eta arimetan ekaitzak elkarren ondotik sortzen ziren/genituen bitartean. Guk bizitako giro horrek eraginda eta mundu horiek nola edo hala azaldu nahiz, nobela bat egitea bururatu zitzaidan.

        Giro horrekin batera, guasoen garaiko giroa ere isladatu nahi nuen maila batean, zein bestean... batzuen eta besteen arteko kateamendua hobeto ikusteko (amaren sabelean geundeneko garai hori aitzakia ederra izan zitekeen bi mundu horiek lotzeko).

        Era honetan, nobelan zehar doazkizun pertsonaiak eraikiz joan nintzen, eraikiz eta berreraikiz, bi liburutan banatutako zortzi atal osatu arteino —Ollarani zabaldutako zortzi leiho—, zazpi maitasun istorio eta askatasun oihu bat bailiran».

Pasartea

        Pozez gainezka zegoen Begoña, une hartantxe amaitu bait zuen «Bakarneren gaztelua» ipuinaren bertsio definitiboa. Arratsalde hartan, gainera, Xalba Iriberri zetorkion Ollarandik bisita egitera eta horrek ere pozik zuen Begoña, goiz-goizetik.

        Ipuina eskuan hartu eta leiho ondora hurbildu zen. Begoñaren gelako leiho hark Ebro ibaira jotzen zuen. Zegoen lekutik garbi ikus zezakeen ibaia, ertzetan makal ilada bi, ibaiaren bidea zuzentzen ariko bailiran. Begiak itxiz gero, bide hark haurtzarora eramango zuela bururatu eta horixe egin zuen, irudimenean amaren figura zirriborratzen hasten zitzaion bitartean.

        —Ikusten al dun erretratuko hori? Heure aita! Ezagutu izan bahu...! —esan zion Joxepak Begoñari, argazki hark aitaren ausentzia bete zezakeelakoan.

        —Eta orain non dago?

        —Zeruan.

        —Hodei haren ondoan?

        —Bai.

        —Ba nik ez dut ikusten...

        —Nola ikusiko dun hain urruti baldin badago!

        —Eta zergatik ez da jaisten?

        —Han goian hobeki bizi delako.

        —Eta orduan zergatik ez gara gu igotzen? Globo batean, ama...!

        —Hik esaten ditun gauzak... Hara ezin dun inor igo, ezta abioiz ere...

        —Zergatik ez?

        —Zergatik? Hargatik! Heu ere, hura bezala, dena jakin nahian al habil? —senarraren fotografiara bideratzen zuen gezia zen Joxeparen hatz erakuslea—. Ba ez zegon, Begoña, mundu honetan guztia jakiterik!

        Argazki hark txikitandik liluratu zuen Begoña. Karmen Zurutuza, Pilar Arrieta, Rosa eta Kristina Unamuno, Arantxa Ezenarro... guztion aitak zezagutzan: haragi eta hezur, inongo trabarik gabe, garden baino gardenago... noiznahi gorpuzten ziren haren irudimenean. Gauza bera egin nahi aitarekin, baina ezin: etxean zituen argazkietatik hiru dimentsiotakoirudi argi sendo bat finkatu nahi izaten zuen bere baitan, baina irudia bolumena hartzen hasten zen une berean bertan desegiten zen, bolumenarekin batera sortzen zen itzalak forma guztiak irensten bait zituen, hiru dimentsioak gauaren ardatzaren inguruan biraka bailebiltzan, forma bakoitza —aitaren beso hori, keinu hori, zimur hori...— finean, gauaren puska bat bihurtzen zelarik. Orduan, irudiek bete ezin izaten zuten bolumena hitzen bidez betetzen saiatzen zen:

        —Ama, non galdu zuen aitak hanka?

        —Gerra madarikatu hartan.

        —Bai, baino nongo gerran?

        —Nongoa izango zen...? Hemengoan! Zer uste dun ba, aita Australiara joan zela kanguruekin gerra egitera ala...?

        Argudioaren ebidentziarekin hitzik gabe geratu zen Begoña... ez denbora luzerako ordea:

        —Eta hankarik gabe, nola ibiltzen zen? Makila horiekin?

        —Ibili ez, hegan egiten zinan gure aitak beste honekin... —eta eskua burura eraman zuen Joxepak, segidan ia argazkira zuzentzen zelarik: «Ez al da egia, Indalezio?».

        —Eta ama...

        —Baina oraindik ere zeozer al daukan galdetzeko? Hauxe gure neska, beti galde eta galde...

        —Egia al da politikan sartzen zela?

        —Zortzi urte besterik ez eta heuk ere ikasi al dun hitz madarikatu hori? Non entzun dion?

        —Kristinari.

        —Eta ez al dion erantzun: «zeuk zeure lekuan egizu lo, neuk neurean lo egingo dut eta!». Ez? Ba horixe erantzun behar hion!

        —Jjjooo...!

        —Hauxe mundua, Indalezio... —berriro zuzendu zitzaion argazkiari—. Behin esan nian: ziritik zotza, zotzetik ziria...

        —Zer, ama?

        —Ezer ez.

        —Ama... Zer da politika?

        Munduan egin liezaioketen itaunik zailena, huraxe zalantzarik gabe... Estutasun hartatik ateratzeko, Joxeparen adimenak leiho bat zabaldu zion benturari:

        —Berriketa balitz ardatza, etxea bete mataza: horixe dun politika!

        Berriketa, ardatza, etxea, mataza, politika...: erretratuetako irudiek ukatzen zioten bolumena hitzez finkatu nahi, baina hitz bakoitza mila forma desberdinetan itxuralda zitekeen, hainbat eta hainbat formaren artean noragabean galtzen zelarik:

        —...?!

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera