Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Unearen aldarteak

Mujika, Luis MariHiria, 2006 Poesia

Aurkezpena

  Poemario honetan Luis Mari Mujikaren poema existentzialak eskuratzen ditugu, bere poemagintzaren agerpen jator bezala. 1968-1973 bitartean konposaturiko poema hauek, euskal poesiaren historiak izan duen bilakaeran, aparteko lekuko dira.

Hitzaurrea

Hitzaurrea

 

Luis Haranburu Altuna

 

  «Garai bakoitzak ditu merezi dituen poetak» zioen Paulo Iztuetak, L.M. Mujikaren Urdin eta burni (1965) izeneko poema liburuari egin zion hitzaurrean. Iztuetak baze kien hori esatean, Mujikaren poetika osoro garaikidea zela. Garaikide Europan bizi zen pentsaera nagusiarekin eta garaikide, halaber, Euskal Herriak bizi zuen egoerarekin.

  Existentzialismoaren garaiak ziren haiek eta Euskal Herriak bizi zuen egoera tamalgarriarenak. Luis Mari Mujikak Paris eta Erroman bizitzeko aukera izan zuen urte haietan eta kanpotik egiten duen soak, jantzi berriaz janzten ditu, euskal poesian garai berean begiratzen direnak. Denbora eta tokien urrutiratzeak eskuratzen duten perspektibarekin miatzen ditu Mujikak Euskal Herrian utzitako kezkak eta galderak.

  Bere garaiko poeta dela esatean, ordea, bere garaia tankeratzen duela ere esan nahi dugu. Iztuetak ere zentzu horretan aipatzen zuen Mujikaren garaikidetasuna. Izan ere poetaren bertutea da bere garaia hitzegitea eta hitzen bitartez garaia esatea eta moldatzea. Mujikak argiro daki horren berri poetaren hitzari ahalmen demiurgikoa aitortzen dioenean.

 

Nire begirada kreatzailea da,

Nire begiak sortzaileak dira

...........................................

Izena ematea gauzak sortzea da

 

  Luis Mari Mujikak asko idatzi du, eta areago oraindik «beti» idatzi du. Idazkera biziera bilakatu du eta literaturan egokitu du bere bizigunerik zinezkoena. Beti idatzi duela esatean, Mujikak hain berra duen konpromezu estetiko iraunkorra adierazi nahi nuke. Mujika ez da gaur goizekoa. joan den gizaldiko hirurogeigarren hamarkadan jadanik plazaratua genuen euskal literaturaren mundura. Gaurko idazleen artean gutxi dira Luis Mari Mujikaren ibilaldi aberatsa eta luzea eskaintzen duenik. Ezinbestezko erreferentzia bilakatu da bere obra literarioaren hedaduraz eta kalitateaz. Ondo zioen, beraz, Iztuetak L.M. Mujika bere garaiko poeta zela idazten zuenean, baina ez da egia motzagoa Mujikaren garaiak eta lanak euskal literaturaren azken berrogeitamar urteak hartzen dituela.

  Baina ez hori bakarrik, zeren Mujikaren poesiak ongi jakin du zahartzen, eta horren lekuko ditugu gaurkoan argitara dakarzkigun poema hauek. Gardenak dira. Aktualak. Norbaitek esan berria du 1968.ko maiatza sonatuaren leloak eta gaiak inoiz baino biziago aurkitzen direla XXI. Mendearen hasera honetan. Egia da gaur egun ere noraezean aurkitzen garela eta aro historiko berri baten taupadak sumatzen digula globalizazioaren atari honetan. Gizonaren betiko galderan modan jarri dira ostera eta existentzial kutsuko gogoetak berriro ageri zaizkigu forma berrien baitan bada ere. Gizonaren bakardadea, bizitzaren mindura, instantearen balio estetikoa eta, azken batean, pertsonaren inguruko balorapen eta gogoetak berriro hartu dute plaza gaur egungo idazle ospetsuenen eskutik. Luis M. Mujikaren poesia gaur egungo testuinguruan aisa eta egoki kokatzen da eta bide batez nabarmentzen da bere poetika osoaren balioa.

  Azken orduko kritikoek zaleak dira begien aurrean dutena ez ikusten, bazterreko puntan sortu berria den neofitoa laudatu nahiz. Modak moda eta itsumenak itsumen Luis Mari Mujikaren poetikak argi propioaz argitzen du euskal poesiaren historia eta berenez, halaber, euskal literatura hoberenaren emaitza. Lizartzako poetak Orixe, Mirande, Gandiaga, Aresti, eta Leteren alboan dauka kadira, gerla osteko poeta ospetsuenen artean, alegia. Lizartzako idazleak gainera, gerlak ireki zuen lubakia gailendu zuen zubigile trebe bezala jokatuaz.

  Mujikak poema hauek idatzi zituenean Arestiren Herri eta Herri plazaratu berria zen eta segizio luzea eragin zuen euskal poemagintzan. Arestik izan zituen epigo no ugari baina ez zuen inork hura gailendu. Mujikak ez zuen beldurrik izan bere bidea egiteko —bakardadeao bidea, nonbait— eta ez zuen Arestiren bidetik jo, dagoneko bazuen nortasuna poetiko nahikoa eta bere bakardadean aurkitu zuen poemagintzarik zinezkoena.

  Nola nahi ere, geure literaturak idazle bakarreko literatura dirudi askotan eta ez da gauza erreza idazleen aniztasuna bere aberastasunean preziatzen. L.M. Mujikak bere garaiaren zama eta errebolta paradoxaren bizkortasunaz ere jakin zuen adierazten,

 

Nik zeru izan nabi dut,

zikoinak pasatzen diren

zeru burdintsu goituan.

Izugarria

existentziaren astuna,

egunero sortzen zaidan

askatasuna.

 

  Baina poetak ez du aski bere garaiko semea izatearekin, poetak batez ere bere mundu propioa sortzen jakin behar du eskura dituen baliabideak erabiliaz eta bere ka buz bide berriak asmatuaz. Horretan datza poeta baten jatortasuna neurtzeko eredua. Mujikak ongi ezagutzen ditu bere garaiko poeten lanak eta ez ditu ezkutatzen bere poesiagintzan hartzen dituen abiapunduak. Han eta hemen, poema bakanetan, eskerronez aipatzen dira Machado, Rilke, Unamuno edo eta Aleixandre; beraiek dira Mujikaren abiapuntu estetikoak, beraiek dira Mujikaren edermina tankeratu dutenak, baina Mujikak laister aurkitzen du bere bide propioa, bere bizitza poetiko luzean fidelki landuko duen bide jatorra. Badaki iraganeko denborak ez dutela haurrik egiten eta etorkizunaren aldeko apustua egiten du bai bere bizitzan eta halaber bere aukera estetikoetan:

 

Bizitzeko besteen heriotza

behar da,

hiltzeko geroaren

esperantza

 

  Baina, ez naiz ni hemen luzatuko Mujikaren poetikaren arrasto luzea atzematen eta are gutxiago Maite Zulaikaren lan ederra argitara berri denean, baina aipatu nahi nituzke bere poetika osoan behin eta berriro, hutsik gabe, agertuko diren eta jadanik poemario honetan ageri direnak.

  Hemen argitara dakarzkigun poema hauek 1968-1973 tartean idatziak dira eta gaurdaino argitaragabeak badira, orduko egoera editorial eskasari leporatu behar zaio soilik. Esan dugun bezala, Mujika, atzerritik zebilen orduan eta nekez lor zezaketen bere poemak argiaren estima. Gaurdanik argitara ekartzeak Mujikaren poesiak daukan barne koherentzia eta jatortasuna azpimarratzen du batez ere. Orduko Mujika gazteak dagoneko taxutuak dauzka bere poetika guztiaren urrats berezienak: formaren kezka jasoa eta edukiaren ardura obsesiboa.

  Mujikaren gaztaroko gai sartrianoak existentzial kutsuko poemetan doi-doi ageri zaikigu bere gardentasun bilutsean. Mujikak J.P. Sartreren moldetara isurtzen ditĂș Kant filosofoaren galdera nagusi haiek:

 

Barrengo zelaira

ustu ditudan

galderak hiru dira:

egungotasuna,

existentzia, geroaren zantzua.

 

  Behin eta berriro aurkituko dugu bizitzaren larria eta ;amina Mujikaren poema bizkorrenetan:

 

Existentziaren gauak

ukitzen nau alferrik...

 

  Jainkoaren zentzuak bakarrik emango dio atseden eta bake etengabeko galdeketak burutzen duen draman. Geroko poemagintzan are gordinago kantatuko duen natu raren dizdirak Jainkoaren aurpegia tankeratuko dio Teillard de Chardinen kosmoikusmenaz baliatuz.

 

Materiaren garraisi

eta gorputza

Zugan itsasten da,

Zure azkenmuga

Jainkoa, itsasoa,

begien kosmoa.

 

  Kosmoak haragi hartzen du ederminaren kariaz. Estetikaren eginahala, mundua eta poetaren baita esnaurtzeko bide eta metodo bilakatzen dira. Arrazoiaren mugak begien bistakoak dira «izatearen mailuaz» gogoeta egiteko.

  Nere bertsoa ez dakit nola agoniz ez den hiltzen...ez da nahikoa pentsatzea.

Poesiaren ahalmenaz ez zuen, Mujika gazteak, dudarik. Badaki poetak bere baitan duela jakintza ororen giltzarria:

 

Barnean gorderik

hementxe zeundean,

isilik zeundean

bare gordetzen zintudan.

 

Poesia enea,

Oso nirea

Sumatu zintudan.

 

  Poesiaren ahalmen demiurgikoaz gogoeta egiten du Mujikak, literaturak mundua sortzeko daukan baliabidea aitortuaz,

 

Edertasunik ez da,

ez kolore,

ez zapore,

ez naturarik,

baldin eta munduan

poetarik ez badago.

 

  Ulertzekoa da, bestalde, Euskal Herriak bizitzen zituen urte beltz haietan Mujikaren saminak bere herriari buruzko ikuspegia osoro sumintzea.

 

Ah, herri enea,

zure ur beltzen soinu sakon, gordin, osoa

entzuten dut,

zure zain beltzetako odol gordinen amilketa

sentitzen dut

arrainen tripa zilarrezkoa

kutxiloa bailitzan.

 

  Irudimenaren azkartasuna, sinboloen erabilera zehatza, kromatismo beti berria eta ezin amaitua den sen poetikoa duela berrogei une ere, Luis Mari Mujikaren bereizga riak ziren. Akaso, poema hauetan gauzak gordinago ageri lira, baina, beharbaba, bere biluztasunean poetarik freskoena ere atzeman genezake.

 

Donostian, 2006ko martxoa

Pasartea

Nire esperantza

 

Abenida magikoetako

diska biziak,

zeru metalezkoen

musika nagiak.

 

Zugatik joanen naiz

ilusioen

hondartza betikora,

zugatik joanen naiz

itsaso beltzera.

 

Itsaso larrugorriak

bilduko nau

olatu leunean,

esperantza biribilak

inguratuko

bere soinean.

Argi eta ilusioen

uhinak iraunkor ote?

Nire begi,

haragi,

arimak

bilduko ditu gauzak

besarkada estuan.

 

Esperantza hau

ez bedi izan iheskorra,

nik beti eguzkia

ukan dezadala

nire jauregian!

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera