Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Zergatik Panpox

Urretabizkaia, ArantxaHordago, 1979 Nobela

Aurkezpena

        Gaur gauean amets arraro bat egin dut. Txemak alde eginez gero, amets asko egiten ditut. Amets erotiko franko. Larrubizi nengoen, aulki batean eserita, nere oheko almohadaren gainean, zaldi baten gainean bezala. Almohada atzetik aurrera jarrita zegoen, luzean, eta hankatartetik aurrerako zatian letra batzuk bordaturik zeuden, letra gorriak puntu urdin txiki batzurekin. Letzen ari nintzen, eta liburua bi eskuekin heltzen nuen. Hankatartean gauza bigun eta busti bat sentitu dut. Begiratu, eta pitilin bat nuela ikusi dut, pitilin haundi bigun, more bat. Bertatik muki gorrimarroi bat zerion, ia solidoa zen muki bat. Blandiblup. Liburua almohadaren gainean utzi dut, kontuz, letren gainean, azalak bistan, eta boltsatik klinex bat, hartu dut, kontuz, almohada honetan jarri beharko dut gauean burua, eta hauez da emakume batentzako kuxidadea.

Pasartea

        Txemak alde eginez gero, aski dut Antxonen begietako kolorea ikustea, neure humorea zein den ulertzeko. Zutik, lurrean kondenatu zaren langile tristea. Antxonek ondo lo egingo badu, zazpi-zortzi-bederatzi, majia-borajia, zoriontsu behar dut izan. Barrutik hutsa eta ustela sentitzen naizenean, edo nerbiosa eta agresiba sentitzen naizenean, erreibindikatzen baina ez bizitzen ikasi duen Txemarik gabeko ama, Antxonentzat trankil, baketsu eta bizirik azaldu behar. Ale-hop, zazpi-zortzi-bederatzi, Antxonek ikuitzen duen guztia bizi bilakatzen da, panpox, ama nekatuta dago gaur, baina ez tristerik. Bainatu behar duzu gaur gauean, sinfalta. Aitatxori erakutsi behar diozu nola ari zaren igeri egiten ikasten. Ama, piszinan bezala eta zipristinak bainuko lurrean, ama, begira aurtengo udararako ikasiko, putzu bat lurrean, zapatilak bustitzen, ama, begira burua ur azpian. Xamurtasuna, ipurdiko azal txuri leuna, uraren poderioz brillante bat baino diztiratsuagoa, oraindik eguzkiaren arrastorik ez duena. Lurreko putzoa alfonbraraino heltzera doa, ez joan, ama, begira nola egiten dudan igeri, ama, aitatxori esan behar diot igen egiten ikasi dudala. Zer egiten da haurren ipurdiarekin, non galtzen dira mutil koskorren ipurdiak, Txemak ba ahal zuen ipurdirik, oroit zaitez bere ipurdiaren epelaz, Antxonek gauean negar egiten zuelako jeikita gero, ohera berriz sartzen zinenean, Txema paretaren kontra, belaunak sabeleraino jasoak bere loa defenditzen, gizonezkoen loa inportantegia baita haur baten negarraz ukitua izateko. Ur beroaren lanbroak bustitzen ditu begiak eta pareteko baldosak, hoberena, ez pentsatu, kontuz, burua gaisorik bazenu bezala, ez pentsatu ez mugitu. Panpoxen ipurdi leuna, ama, muxontzi. Tira, potxolo, lehortu, afaldu eta ohera. Bueno, zuk beste piska batean igeri egiten duzun bitartean, nik afaria egingo dut, sopa-arroza eta arraia prejitua, baina burrukak egingo baditugu, bizkor ibili beharko duzu, ba okerrago lehen ere arraia jan baduzu, ez dago besterik, bueno, bale, arroza eta arrautza. Emakume baten maitasuna adierazteko, egunaren buruan leher egina dagoenean, afaria prestatzen ari denean argazki bat atera, klik, gaueroko amodio errepikatua, tortilak, sopak eta konpotak. Goazen, Antxon, sopa egina dago, atoz, lehortuko nik, zuk ez duzu sekula bukatuko eta, zein da ispiluan azaltzen den panpox kaskazuri hori? Bai, kontatuko ipui bat oherakoan, bai, egingo maite-maite, eta zuk noiz egin behar didazu neri maite-maite, noiz etornko zara neregana gauean deitzen badizut, behintzat panpoxen loa ez da sagaratua izango, behintzat zuk, nere, jakingo duzu besteen loa zaintzen. Sopa jan bitartean, arrautza prejitu. Egun batean, ba zen arrantzale bat Euskal Herriko herri txiki batean, eta arrantzale horrek paneka polit bat harrapatu zuen Antxonentzat, baina Antxonek ez zuen jan nahi izan. Bale, egia da, ipui honek ez du balio, baina hobe zenuen arraia arrautza baino, arrai asko jan behar duzu mutil haundia egingo bazara, bero baldin badago, bota haize piska bat.

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera