Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Zorotariko euskal hiztegia

Sagastizabal, JoxeanAlberdania, 1996 Haur eta gazte literatura

Hitzaurrea

Gramatika degeneratiboa

(Literaturaren mendeku txiki-gozoak)

 

 

        Hitz jokoak, berez eta besterik gabe, plazerra eragiten du. Hizkuntzaren tiraniaren mendean bizi izatera kondenaturik gaude, bere oinpean zapaldurik gauzkan tiranoari zor baitiogu geure izatea. Gurasoen kontra amorraturiko haurren gisan, aldian behingo eta behin-behineko tiranizidio sinbolikoetan baizik ez daukagu mendekua hartzerik. Hizkuntzaren tiraniaren kontrako liturgia alferrikako bezain gozo horren osagarri ezinbesteko dira hitz jokoak. Horregatik eragiten digute halako plazer sakona, kanpoan elurra ari duelarik, oheko epelak sortu ohi digunaren antzekoa.

        Oheko epelak bezala, hiztegi honek ere gutxitan sortarazten du barre-algara zaratatsurik. Horretan ez du egilearen aurreko liburuaren antzik. «Kutsidazu»k barrea bezala, «Zorotariko» hiztegi honek irribarrea eragiten du, etengabeko irribarrea. Niri, behintzat, bizpahirutan bakarrik eragin dit barre-algara.

        Aldez edo moldez, hitz jokoak dira hiztegi honen funtsa eta mamia. Batzuetan, gehienetan, hitz jokoak hitz jolas huts dira. Nahi adina adibide eman nitzake, baina hitzaurrearen zeregina ez da liburuaren irakurketa ordezkatzea, liburua irakurtzeko grina areagotzea baizik. Eta diodana aditzeko nahikoa zaigu jakitea «dehun», «ehun aldiz tentatuta ere, bekatuan erortzen ez den santua» dela.

        Hitz joko arrunten jolasetik haratago, zenbaitetan epigrama eta aforismoen barrutiraino heltzen da liburua. Lehen irakurketa batean, irribarrea sortarazten digu, baina berehala datorkigu burura hitz joko horren bestelako interpretazio sakonago bat. Alegoriazkoa, alegia. Dena aitortzen hasita, aitortu beharra daukat sail honetakoak ditudala nik neuk gustukoen, akaso poesiaren (niri gertuko zaidan poesia moeta baten) mugetan daudelako. Adibide bat: «feudal: alkatea eta zinegotziak gaztelu batean bizi direnean, herri xehea esplotatuz». Hori bezala, «automomia, ertxantxa, faxismo, hautanketa, ikurrinka, kalibreta, lauburusoil, noblhesia...» eta beste hainbat. Hitz joko orok duen alderdi jolastiaren azpian, kritikarik zorrotzena ezkuta liteke. Eta edozer izan liteke kritikagai, Joxeanek ez baitu errukirik ezertarako. Ez eta bere buruarekiko ere, «ofikzio» sarreran argi asko erakusten duenez.

        Edukinari dagozkionak bezain aipagarri dira, halere, hiztegi honen alderdi formalak. Lagunarteko hitz jokoetan ez bezala, hemen lan-metodo bat baitago, bere prozedura, teknika eta baliabideekin. Askotan, esanahia baino garrantzitsuagoa da esateko modua. Ez dago hitzaurre honetan prozedura, teknika eta baliabide guztiak aipatzerik, are gutxiago banan-banan aztertzerik. Baina nagusiak iruditu zaizkidanak aipatu gabe ez nuke etsiko. Bi sailetan banatuko ditut: sarrera-hitzari dagozkionak, batetik, eta azalpenari dagozkionak, bestetik.

 

 

1. SARRERARI DAGOZKION BALIABIDEAK.

 

        Orohar, Carlos Bousoñok txistearen (eta poesiaren) lege nagusitzat definitu duena ondo asko betetzen du Joxeanek. Lege horren arabera, txistean (eta poesian), esan beharrekoa zenbat eta modu sintetiko, bakan-beteagoan esan, orduan eta eragin handiagoa lortuko da. Esateko modu sintetiko, bakan-bete hori, hizkuntzaren ohiko jokamolde analitiko-abstraktuaren kontrakoa da, eta hala delako da, hain zuzen, eraginkor. Hizkuntzaren aurkako mendekutxoak, berriro ere.

        Kondentsazio, bakan-betetasun horren adibide izan liteke gorago aipaturiko «dehun» sarrera bera, non «deun, santu» eta «ehun, hamar aldiz hamar» bereizi ezineko eran loturik —ehundurik?— ageri diren. Gogora dezagun, ehun aldiz tentatuta ere, bekaturik egiten ez duen santua dela, «Zorotariko»an, delako «dehun» hori. Zerk sortzen du hor irribarrea? Sarrerak ala azalpenak? Nago sarreran dagoen «txistea»z ohartarazi baizik ez duela azalpenak egiten. Txistea, alabaina, sarreran dago. Gehienetan gertatzen da hori horrela.

        Batzuetan, hitza ezertarako aldatu gabe ematen du Joxeanek, ordu arte erreparatu gabeko irakurketa proposatuz («musa, sefardi, txipiroi...»). Gehienetan, ordea, aldaketaren bat edo beste eginez lortzen du sarrera hitzaren bakan-betetasuna. Aldaketa hori hizkiren bat edo beste ezartzea izan liteke; aurretik («bespageti, tardantza...») nahiz atzetik («mundutxa, oiloba...») edota hitz barnean («noblhesia, oheste...»). Batzuetan zail da erabakitzen hitza atzetik ala aurretik manipulatu duen. Aipaturiko batzuetan gertatzen da hori, eta baita «neskakizun» sarreran, adibidez, non ez dakigun «neska»ri «kizun» atzizkia ezarriz osatu duen, ala «eskakizun»i «n» bat ezarri dion aurretik. Joxean ezagututa, halere, egingo nuke «neska» aurretik jarrita osatu duela.

        Zenbaitetan, aldaketa hain da xumea, azalpena irakurri ondoren berriro irakurri behar izaten baita sarrera-hitza. Niri, behintzat, behin baino gehiagotan gertatu zait. «Famila» hitzarekin, adibidez.

        Joxeanen gustuen berri ematen diguten neurrian, aipagarri dira zinemaren mundutik eratorririkoak («Kilkirk Douglas, Bart Lancaster, Buztin Hoffman...»)

        Arbitraritate hutsezkoa izan liteke zenbaitetan sarrera hitza. Ez dago horrelakorik asko, baina bat nabarmena bai behintzat: «mallua-lua-txuntxurrun berde». Aipagarria da, sarrera horrek ez baitu inolako graziarik hiztegiaren baitan izan ezik. Zergatik hiztegian bai? Hiztegiaren erregistroa guztiz hausten duelako, eta ustekabeko erregistro-aldaketa horrek sortzen du, hain zuzen, eragin komikoa. Baliabide hori zaharra da, eta literatur genero guztietan erabilia, nola idatzizkoetan hala ahozkoetan ere.

 

 

2. AZALPENARI DAGOZKION BALIABIDEAK.

 

        Sarrien, hiztegi ez-zoroetako prozedura imitatzen du, horrek berak sortzen duelarik arestian aipaturiko eragin komiko hori. Zenbat eta definizioa itxura zientifikoagoan eman, orduan eta erregistroen arteko kontrastea bortitzagoa, eta eragin komikoa handiagoa. «Heraldizka»: «noizean behin, harmarriez arduratzen den zientzia». Horrelakoetan biribilenetakoa, halere, nik uste, «pottorro» hitzaren definizioa (edo) da nik uste. Ugariak dira, nola ez, hiztegi berezituetatik hartutako hitzak, hain zuzen ere eragin hori lortzeko propio ekarriak. Fauna eta flora, matematika, medikuntza, kimika... edozein jakintza-alor balia liteke azken helburua lortzeko. Definitu beharreko hitza definizioan ez aipatzeko arauari estu-estu lotzen zaio Joxean. Errepikapen hori saihestu nahiak eramaten du sarritan hiztegi berezituetara sinonimo bila, bide batez, uste eztako erregistro-kontrastea biziki areagotuz. Arauaren derrigorretik edertasuna sortzea izan da beti poesiaren bereizgarri.

        Ez da hori, halere, darabilen prozedura bakarra. Izan ere, eraginkorra izan arren, aspergarri litzateke hiztegi osoa horrela osaturik egon balitz. Komikotasunean, gauza jakina da, ustekabeak garrantzia handia du. Monotoniaren arriskua saihesteko, itzulpena ematen du batzuetan, besterik gabe, gazteleraz eta frantsesez («zeharotz: completamente carpintero, complètement charpentier»). Prozedura ohikoaren hausteak berak laguntzen du komikotasunean. Halere gutxitan darabil halakorik. Pare bat kasutan, ipuin edo pasadizo baten antza eta hedapena hartzen du azalpenak. «Arbitro»rena da horrelakoetan politenetakoa. Besteren batean, elezahar itxura du azalpenak. «Gasteiz» sarrerarenean, adibidez.

        Sarriago darabiltza hiztegigintzarekin zerikusirik ez duten azalpen moduak. Dela adibideak emanez («garrantzitsuak: Kaxiano, Stevie Wonder...»), dela sarrera-hitza testu-inguratuz, nola edo hala ilustratuz («musikai: ixil, ixilik dago, kaia barreniaaan...»). Modu hauek ahalegina eskatzen diote irakurleari, hiztegian espero izatekoa den ikuspuntutik kanpora eginak baitira, eta irakurleak, ezer ulertuko badu, ikuspuntu horretatik begiratu beharra dauka. Zenbaitetan, oso urrutira jotzen du Joxeanek, ilustratzeko asmaturiko egoeraren barru-barruan kokatzen baita. Behin baino gehiagotan, antzerki edo esketx itxura hartzen du horrelakoetan azalpenak («pintxoin: Aizu! Orain dela ordu erdi bat eskatu dut kalamarra!»).

        Horiexek dira nik «Zorotariko» hiztegi honetan azpimarratuko nituzkeenak. Azken batean, sarrera-azalpenek zatiezineko batasuna osatzen dute, hemen azterketarako banatu baditugu ere. Elkar osatzen dute, elkar argitzen eta indartzen. Ez dakit nire irakurketa zuzena ote den. Besteak beste, hiztegi-irakurle gehienek ez bezala irakurri baitut liburua: segidan, aldi bakar batez. Ohiko hiztegiak, jakina, ez dira horrela irakurtzen (euskarazko zenbait salbu). Horrelako irakurketak izan zitzakeen arriskuak (saturazioa, nekea, monotonia) ondo saihestu dituela uste dut Joxeanek, gorago aipaturiko prozedura eta baliabide anitzen bidez. Baina alde onik ere badu irakurketa segidakoak. Besteak beste, halamoduzko hiztegi honetan ia genero guztiak lantzen direla ohartzeko balio du, hiztegien ohiko irakurketaren bidez nekez ikus litekeena. Alde horretatik, aspaldion hainbeste aipatzen den genero-nahasketaren eredu bikaina dugula esango nuke.

        Lotsarik gabe poesiatzat saltzeko moduko puskarik bada hiztegi honetan. Aforismo modukorik ere bai. Komiki tankerakoak ez gutxi. Antzerki-esketxak, ipuin-pasadizoak, elezahar tankerakoak aipatuak ditut gorago. Begibistakoa da, bestalde, atal bakoitzak igarkizun baten tankera hartzen duela. Baina ororen gainetik, irakurketa segidakoak hiztegi hau pertsonaia bakarreko nobela bat ere badela deskubritzen digu. Pertsonaia hori apurka-apurka eraikitzen du Joxeanek, sarrera bakoitzean, azalpen bakoitzean ukitu bat emanez. Azkenerako, irakurleak badaki hiztegiaren zomorropeko narradorearen berri: euskaldun berria da, horregatik ikusten du hitza beti berri balitz bezala. Hortik datorkio harridura, eta harridura hori irakurlearengana pasarazten badaki. Euskara batuaren aurkako diskurtsoa darabil... euskara batuan. Batuaren ordez euskara garbia aldarrikatzen du batzuetan. Beste batzuetan, berriz, euskara zikina du gogoko. Kirolik maiteena sexua du. Sinismen tinko eta zalantzan jarri ezineko dogmarik ez dauka. Narradore horrek badu Joxeanen antzik, baina hori ez da bere (narradorearen? Joxeanen?) errua.

        Kontuak kontu, Joxeanek beste ekarpentxo bat eskaintzen dio euskarazko literaturgintzari, genero guztien gainetik eta handiuste guztien azpitik. Egileak berak behin eta berriz aitortzen duenez, libertitzeko beste asmorik gabe idatziriko liburua duzue hau. Hori bakarrik balitz ere ez litzateke gutxi.

 

 

Joxerra Garzia Garmendia

Pasartea

A

 

 

        abertxalé. Herriaren independentziaren aldekoen etxe dotorea.

        abertxaleko. «Alderdi Eguna»-ra joateko, kaikuarekin eta txapelarekin batera janzten dena.

        abizkide. Lagunarekin batera jaio zen anaia.

        adioskide. Trena hartzen duen momentuan ikusten dugun laguna.

        adivide. 8:2=4

        afariseo. Jesukristoren kontrako elkarte gastronomiko bateko kidea.

        agintararí. Tronpeta-joleen nagusia.

        akatstitate. Sexuari uko egitea, modu baldar, txar eta desegokian.

        alkalte. Udal-buru desastrosoa.

        altxortan. Piratek, lurperatutako ontzurreak aurkitu eta gero, hortantxe jarduten zuten.

        alviiiiiste. Notiziak, berriak, Argentinan.

        Amara-mara. Elurte ikaragarriak sofritzen dituen Donostiako auzoa.

        Angola. Lehengo mendean, bukaera aldera, marinel ondarrutar batzuk iritsi ziren askoz lehenago portugaldarrek kolonizatutako Afrikako eskualde batera. Hondartzara jaitsi orduko marinelek beren irrikari ekin zioten, orduantxe ingelesek asmatutako kirol berri bati, hamaika laguneko bi ekipo eta baloi batekin jokatzen zena. Partidua hasi eta bertako asko inguratu zen, ikuskizunak erakarririk, eta nola marinelak hogeita bost baino gehiago ziren (22 + arbitroa + marrazainak oso okupatuta ari ziren) begira ari zirenek kirol berriaren berezitasunak esplikatzen zizkieten indijenei. Halako batean, Agustin Muguruza Sagastume, «Chiquito de Ondárroa»-k ezker-ostikada beldurgarriz zulatu zuen Inazio Agirregomezkorta Jaka, «Kaxiguapo»-k defenditzen zuen atea. Fernando Beitia Izurtza, «Legatzas»-ek aldamenean zuen indijenari esaldi historikoa esan zion. Han! Gola! Bertako gizonak segituan errepikatu zien aditutakoa lagunei, eta laster bihurtu ziren hitz horiek pixkanaka eratzen ari zen nazio berriaren izen.

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera