Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Zortziko hautsiak

Mujika, Luis MariKriselu, 1975 Poesia

Hitzaurrea

Sarrera gisa

 

 

        Poeta batentzat bigarren liburua egitea lehen liburua egitea baino zailago omen, eta hirugarrena bigarrena baino zailago. Liburutik liburura zailtasunak areagotzen doaz nonbait.

        Luis Mari Mujikak laugarrena du orain aurkeztera goazen hau. Bere lehen liburua «Bide-giroak» izan zen, Bilbo, 1963; bigarrena, berriz, «Urdin eta burni», Donostia, 1965. laz «Hitzak ebakitzean» argitara eman zuen, Donostian (1976-ko kritika saria). Eta oraingo hau laugarrena, «Zortziko hautsiak» izenburuarekin.

        Meritu hau bihotzez aitortzen diogularik ere, Luis Mariren azkenaldiko poesigintzak badu beste xehetasun bat gogoan hartu nahi nukeena. Eta zera da: krisis pean zortzi urte ia ezer idatzi gabe igaro ondoren, berriro ere poemagintzan jarraitzen duela, sekulan baino sutsuago.

        Laugarren liburua idatzi izana, ata, urtetako, isilaldiaren ondoren, bere norabidearen hari muturra aurkitu izana —ez bait da beti erraza galdutako poesi bidea aurkitzen—, neretzat arrazoibide nahiko sakonak dira Mujikaren poesigintza astiro eta luzaz aipa ditzagun.

 

 

1.-ZAILTASUN GARAIA

 

        Liburu honi zuzenean ekin baino lehen, gure arteko poesigintzan eragina izan duen berri giroa kontutan har dezagun. Honekin hobeto uler ditzakegu egilearen beraren bilakabidea poemagintzan; eta, baita, liburu honek mamitu nahi lukeen euskal gizarte egoera ere.

        Euskal Herrian, batez ere 1968.urtean hasiz, jarrera berri bat nabarmendu zen gazterian; poesigintzan ukaezineko eragina izango duen jarrera. Gogortu egin zen euskaldunen jokabidea politik eta sozial gauzetan. Eta gogorragoko ekintza honek —orduko legeen aginduz—, gogorragoko errepresioa ekarri zuen agintarien aldetik, eta —bidezkoa den bezala—, eskakizun haundiagoa herriaren aldetik sozio-kultur mailako jokabideetan.

        Bi zentsurekin topo egin zuen poetak: administralgoak ezarriarekin eta herriak bere eskakizunez jarritakoarekin. Batek uneari zegokion oihu egiatia isilerazten zuen; eta besteak, berriz, konprometitu gabeko mintzo ahula arbuiatzen. Zaila gertatu zen zuzeneko poemagintza egin ahal izan.

        Orduko da, izan ere, Leteren «Eta poeta, eta poeta» dioen kantu ezagun eta adierazpidez betetako hura. Gero Xabierrek berak behin baino gehiagotan aditzera eman digu etsipenezko eritzia dagoela poetak herrigintzan, une hauetan behintzat, eskaini dezakeenari buruz.

        Gogorbidearen koordenadetan ginjoazelarik, eta beste alde batetik begiratuta, badu zerikusirik dioegunarekin, Patxi Zabaletaren surrealismo giroko poema bat irakurri ondoren, Mikel Lasari entzun genionak: «Gaur ez daiteke poesiarik egin surrealismo bidetik ez bada». Eta, nik uste, ez zegoela errealitatearekin egokitasun bat gordetzerik, isilpeko poesia sugerente eta indartsuz ez izanik.

        Beraz, ez da harritzeko zenbait poeta isildu izana; eta beste zenbait, berriz, poema-bide berrietatik saiatu izana, orain ikusiko dugunez, ezkutuagoko hizkuntza kurubil eta landuagoetan.

 

 

2.-HIZKUNTZA POETIKOA LANTZEN

 

        Esan nahi eta ezin esan horren aurrean, eta une garratzak sorrerazten zuen lotsakizunaren aurrean, poetek ere duintasunezko eta egokitasunezko espresakerak lantzen saiatu ziren.

        Azken urteotako problematika nahiko konplexoa izanik, eta, gainera, Joxe Azurmendik, J. Zulaikaren poemari erantsitako epilogoan, gai horri buruz saiolan interesgarri bat egina duenez gero, hemen, nere aldetik —eta Luis Mariren poemagintzari hobeto datorkionez—, tematikaz baino gehiago teknik joerez egingo dut aipamen.

        Euskal Herriaren larria berezkoan ematea debekaturik zegoelako; edo eta —sozial poesiaren muga berriak aurkitu nahiz—, gizabanakoaren dimentsio elementalak eta ororenak (onak eta txarrak berezi gabe) poetak abestu nahi zituelako, eta beste milla arrazoirengatik, zenbait poetek sinbolismorako joera hartu zuten. Han bertan, eta adibide bezala, bi exenplu nabarmen aipatuko ditut. Bat, B. Gandliagaren «Txakolinaren ospakuntza 1 eta 2» poemak; eta bestea, Joseba Zulaikaren «Adanen poema amaigabea» deritzana. Bitturianok Euskal Herriaren arazoa forma berrietan ematen digu, Pasturalen teknika eta dramagintza erabiliz. Eta itziartarrak, berriz, «gizon primitiboa sinplea» kantatzen digu. Eta Adanen mito zaharran mundu elemental bat eransten dio, gizonaren funtsezko alderdiak usmaraziz: eguzkia, mendia, ura, sugea, dantza.

        Bigarren joera bat, surrealismo joera aipatuko nuke: sorkuntzaren bidez, errealitatearen gain dagoen zerbait mamitu nahi lukete, horretarako subkontzientearen indarrak erabiliz —eta zenbaitetan oniriko mundua ere bai—, guk hala —behar— duela uste duguna eta inguru giroko errealitate makurra alderatuz, honekin beren poemagintza lehenkorra sortzen dutela. Hemen ere, egiaztapen bezala, X. Leteren eta Gorka Trintxerperen azkeneko poema liburuak aipatu nahi nituzke. Hizkuntza landuz emanik dute neokapitalismoanen zepoan bizi garanon aska-nahia.

        Eta joeren izendatze hontan, azkenik, J. A. Artzeren aipamena utziezinezkoa dugu, azken urteotako euskal poesi hizkuntzaz ari bagara. Beroni dugu experimental poesia eta espazial izenekoa inork ez bezala landu eta erabili dituena. «Isturitzetik Tolosan barru», eta berdin «Laino guzien azpitik... eta sasi guztien gainetik», liburuak gauza aparteko bat dira, bere osoan, gure urteotako poesigintzan.

        Beraz, gure herriak igaro duen zailtasun garaia, eta poetek honi hizkuntza egokiz erantzuteko egin duten ahalegina, koordenada interesgarriak izan daitezke Luis Mari Mujikaren oraingo liburu hau non koka erabaki dezagun: zatirik indartsuena, ene gustorako, herriaren tragedia dramatizatzeko egina du, erotismoa eta teluria aipatzen badizkigu ere mintzo apalago batetan. Eta horretarako sinbolismoa, surrealismoaren bitartez, kerantza berritan mamitzen digu.

 

 

3.-EGILEAREN BIZITZAKO ETAPAK

 

        Haserako garai haietan, formazio urtetan, influentzia moderistak hartzen ditu gustokoen, batez ere Juan Ramon Jimenez-en eragin pean. Aldi hontan erdal bibliografia asko irakurtzen du. Eta urtealdi hau, gehienik, Italiako bizi-giroan igarotzen digu. Ez da haundia euskal poetenganako duen joera eta tirria.

        Bere estudioen beharretan, ikerkuntza lanetan zebilelarik, aipatu influentzia modernista honi, expresionista bihurtzen zaio, Machado-ren eta Azorin-en eragin pean. Oraindik euskal literatura gutxi irakurtzen du, lilurarik ez duelako Luis Marirentzat gure literaturgintzak. Aldi hontan Lizardi bat, adibidez, ez zaio batere gustoko.

        «Bide-Giroak» eta «Urdin eta burni» estetika aldetik garai hontakoak ditu. Liburu hauetan, oraingoan bezalatsu, espresio-teknikak lantzen ditu, batez ere; baina giartasunik gabe zenbait alditan.

        Gero, krisi garai bat igaro beharra etortzen zaio, beste askori bezala. Krisi aldi hontan oso literatura gutxi egiten du, gure herriak eta euskarak esperantza gutxi ematen ziotelako. Existentzial arazoak duten kezka eta estura, eta herriak bizi zuen lamidura haundia gauza minberak dira egilearen urteotako bizitzan.

        Denboran joanean, batez ere 1973tik aurrera, esperantza sendoagoa nabari du, bai bere baitan, bai bere herriaren etorkizunean. Eta, bapatean, Garcia Lorca-rekin eta Nerudarekin topakuntza poetikoa egiten du. Euskal Herriaren lamidura nahi zuen mamitu, bere indarrean azaldu. Eta poeta haundi hauek bide ematen diote hizkuntza berr batez kanta dezan gure tragedia.

        Azken etapa hontan, estetika teknikak aztertzen ditu. Aztergaitzat hartzen ditu gure literatura klasikoa, Lizardi eta bertsolari batzuen moldakuntza erritmikoa: neurriak, puntuak, etenak eta abar.

        Bestalde, sozial poesiaz gainera, euskal poesigintzari bide unibertsalagoak eskaini nahiz, poesia sentsual bat ere erabiltzen du, gure artean gutxi erabiliak diren expresakeretan.

        Azken etapari buruz dioegun guzia, nahiko garbi ikus daiteke orain agertuko dugun poema bakoitzaren analisi laburrean.

Pasartea

Barrengo ibarrean

 

 

Hilargi ihar-karetsuan

lizarrek dolore,

pagadi nagi-horiak

samin, atsekabe,

hiru idi baldar soroan

noraezaz (ene!)

arrasti zahar-irauliak

pena du gaur triste

(pena mingotsa hain luzea,

aih, ez balitzake!),

idi nagi-nekatuok

zatozte, zatozte!,

zuen begitan bilduta

arrats bat fingabe,

soroen luzamendua

beti ohi da luze,

nire asperdura gaitzak

gaur ez ertz, ez epe

(lehengo sufre ta kristal latzak,

zer? lotan al daude...?),

non dira hatsak, non ekaitzak,

non grinen artalde,

non espermen erauntsia,

non ikatz hainbeste,

lehen «izaten», «etsitzen» ez

nekien. «Bizitzen»,

«ekiten», «zartatzen», «hausten»

ikasia nintzen,

orain zezenak t'ezkaitzak

isil, makur daude,

orain grinaren piloak

ez du indar-ekite,

orain atzaparrek ez oihu

(aih, ez-eta adore!),

barrengo bolkan zahar hura

gaur zaida ibar ume,

ibar hau zapaltzen dabiltz

mila harri ta basurde,

desadore eta izutik

gehiegirik hemen,

hilargi ihar-karetsuan

lizarrek dolore...

 

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera