Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Zotal egunak

Garzia, JoxerraKutxa, 1991 Poesia

Aurkezpena

        «Poetak, filosofoak ez bezala, ez osotasunik nahi, errezeloa bait du, osotasun horretan gauzak —gauza oro eta gauza bakoitza bere xehetasunetan— ez ote dituen galduko».

        Maria Zambranoren eritzi horrekin guztiz bat natorrenez gero, ezinezkoa zait poema bilduma honen nondik norakoak argitu eta azaltzea. Ikuspegi aniztasuna bere-berea du poesiak, eta ikuspegi horietako bakoitza absolutua da, ez du gainerakoekiko batazbestekotzerik ametitzen.

Pasartea

Irla han da

 

 

Belauntzi arina da maitasuna

zatoz nerekin

itsasoan barrena

urrutira

joan behar dugu

urrutira

beste olatu batzuk

beste arroka batzu

kolpatzen dituzten ertzera.

 

Arantzarik gabeko larrosen gainean

eginen dugu lo

baldin bazatoz

urrutira

haizeen sorleku

urrutira

inoiz inongo penak

maitaleon bihotzik

tristatzen ez duen tokira.

 

Irla han da

urrutian

amets guztiak egia diren

inon-ezko parajean.

 

Maitale zapuztuen arima erratuak dira

itsaso honetako olatuak

ez datoz inongo

urrutitik

ez doaz inongo

urrutira

naufrago triste hauek

hilobi bila doaz

ertzik ez duen irlara.

 

Irla han da

urrutian

amets guztiak egia diren

ametsezko utopian.

 

Lo kantu liluragarriak kantatuko dituzte

lamiek guretzat

kresala zipristnduaz

urrutian

hain une dukegun

urrutian

irla galdu bat baizik

ez duzu zoriona

belauntzi hautsien itsasoan.

 

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera