Albisteak

101 L proiektuaren webgunea prest!

Euskal Herrian hitz egiten diren hizkuntzak jasotzea da 101 L (101 ele) proiektuaren helburua. Hemengo aniztasuna jaso eta ezagutaraztea. Donostian hitz egiten diren hizkuntzak jasotzen hasi ziren, 2015eko maiatzean. Orduz geroztik 160 elkarrizketa baino gehiago egin dituzte, han eta hemen, mundu osoko jendearen lekukotasuna jasoz.

Orain arte 97 hizkuntza jaso dituzte, 5 kontinenteetakoak, aimararekin hasi eta xhoserarekin bukatuz. Euskal Herriko aniztasun linguistikoa handia delako. Orain arte jasotakoaren ale bat, dagoeneko ikusgai duzue 101L.ahotsak.eus webgunean.

Galdera batekin eta hitz-joko batekin hasi zen dena: Zenbat hizkuntza egiten dira Euskal Herrian? 101L? Eta galdera horri erantzun nahian, gure lurralde txiki honetan mintzo diren 101 ele jasotzen hasi ziren. Azken batean, Euskal Herrian hitz egiten diren hizkuntzak ezagutaraztea da proiektu honen helburua. Hemengo aniztasuna jaso eta erakustea. Aniztasun hori ezkutuan dagoelako; elkarren ezagutza txikia delako.

101 L proiektua Donostialdean abiatu zuten OlatuTalkaren barruan  eta pixkanaka beste herri batzuetara zabaltzen doa. Jatorri askotako pertsonak ari dira elkarrizketatzen eta, hizkuntzekin batera, haien esperientziak eta iritziak jasotzen dituzte, batez ere 2 gairen inguruan: emigrazioa eta integrazioa.

101 L proiektua Badihardugu euskara elkarteak sortua da. www.ahotsak.eus da Badihardugu elkartearen proiektu nagusia, ahozko ondarea jaso eta zabaltzeko egitasmoa. Esperientzia hori baliatuta, beste urrats bat eman eta Euskal Herriko hizkuntza aniztasuna ezagutzea eta ezagutaraztea erabaki dute:

 

"Egindako elkarrizketa horiekin ahozko artxibo bat ari gara sortzen, erabilera librekoa, interesa duen orok aberastasun hori ezagutzeko aukera izan dezan. Egindako grabazioetako asko landu ditugu: minutuz minutu entzun, pasarte onak identifikatu, laburtu eta gaika sailkatu, gero erraz bilatu eta erabili ahal izateko. Gure webgunean ikus eta entzun ditzakezue: 101l.ahotsak.eus. Gaur webgunea aurkeztu dugu. Laster, berriz, dokumental labur bat izango dugu prest, Donostialdean jasotako testigantzak oinarri dituena. 

Elkarrizketetako batzuk kalean egin ditugu, horretarako jarritako karpan zein autokarabanan. Bideoz grabatzen ditugu elkarrizketak, eta hiztunei galdetzen diegu ea: nondik datozen, zer hizkuntza hitz egiten dituzten, nola bizi duten eleaniztasuna, zein den euren harremana euskararekin, integrazioari buruz duten iritzia… Eta era berean, oinarrizko hitz batzuk ere jasotzen ditugu. Elkarrizketatuek euskaraz edo gaztelaniaz erantzuten diete galderei, eta segidan beraien jatorrizko hizkuntzan ere bai."

Itzuli