Albisteak

1.200 ikasle bertsotan Antzoki Zaharrean

Donostiako 26 ikastetxetako 1.200 bat ikasle bertsotan ari dira egun hauetan Antzoki Zaharrean Gu ere bertsotan” egitasmoa dela eta. Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak diruz laguntzen duen proiektua 9 urtetik 12 urte bitarteko haurrei (Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. Maila) zuzenduta dago eta egitasmoaren azken helburua ikasleak jendaurrean bertsotan aritzeko gai izatea da.

2015-2016 ikasturtean 26 ikastetxetan landu dute egitasmoa eta 1.200 bat haurrek parte hartu dute. Ikasturtea bukatzeko eta egindako lanaren emaitza gisa, ikasleek Antzoki Zaharrean kantatu behar dute. Ikastetxe bakoitzeko ikasle talde bakoitzak bost minutu inguruko emanaldia prestatzen du Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko adituaren eta ikastetxe bakoitzeko irakasleen laguntzarekin.

 

Maiatzaren 24ra arte, 10 jaialdi Antzoki Zaharrean

 

Hamar jaialdi horiek ikasleen lanaren uztarekin antolatzen dira, hau da, emanaldiko ideiak zein bertsoak neska mutilek landu eta sortu dituzte, eta eurak dira protagonista bakarrak.

 

Gipuzkoako Bertsozale Elkartearen eskutik burutzen den programa honetan emaitza ikusgarriak lortzen dira. Parte hartzen duten ikasleek ahozkotasunean eta sormenaren alorrean aurrerapen nabarmenak lortzen dituzte: jendaurrean egoteko eta hitz egiteko oztopoak gainditzen doaz eta ideiak ordenatzen ikasten dute. Horrez gain, egitasmoa bertsozaletasuna sustatzeko baliagarria da oso.

 

 

 

Itzuli