Albisteak

270 gaztek euskarari buruz hausnartuko dute Tabakaleran Ekolingua jokoa erabilita

Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, 270 gazte Tabakaleran elkartuko dira euskarari buruz hitz egin eta gogoeta egiteko. Gaurtik hasi eta azaroaren 30era bitartean, Donostiako zazpi ikastetxetako 16 eta 20 urte bitarteko gazteak bilduko ditu Udaleko Euskara Zerbitzuak. Ekolingua solas jokoaren bidez, gazteek hizkuntzen gaineko arrazoibide eta kontzeptuak mahai gainean jartzen dituzte eta horrek gogoeta egiteko tartea zabaltzen du.

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak antolatu ditu saio hauek Elhuyar enpresako teknikarien laguntzaz. Gaurko saioan, hiru ikastetxetako 75 gazte etorri dira; bihar beste 3 ikastetxetako 76 lagun ariko dira eta asteazkenean 5 ikastetxetako 112 gazte.

EkoLingua jokoaren ezaugarriak

Gazteak sei edo zazpinaka esertzen dira mahai baten inguruan eta mahai bakoitzean dinamizatzaile bat izaten da. Behin taldea osatua, EkoLingua karta jokoan hasten dira. Bertan informazio kartak, eztabaida kartak eta erronka kartak daude eta horietan oinarrituta bideratzen da solasaldia eta hausnarketa.

EkoLingua solas jokoa oso lagungarria da hizkuntza guztien iraunkortasuna oinarri hartuta, hizkuntza gutxituen aldeko jarrerak sustatu eta komunitatea ahalmentzen laguntzeko. Pertsona guztiek dute, hiztun moduan, biografia linguistiko bat. Biografia hori etengabe aldatzen ari da, hizkuntza horrekiko bizitako zirrarak, jaso edo eraikitako ikuspegiek, aurreiritziek eta abarrek eraginda. Hori guztia mahai gainean jartzen laguntzen du jokoak, eta horrez gain, egoera linguistikoei aurre egiteko argudioak sendotzen lagundu nahi du.

Europako Batzordearen babesarekin sortutako metodologia

Europako Batzordearen babesarekin sortutako Play&Decide metodologia erabili zen karta-jokoa sortzeko, eta, metodologia horrek proposatzen duen moduan, jokorako beharrezko materiala nahiz gida metodologikoa sarean daude eskuragarri: www.soziolinguistika.eus/ekolingua. Karta-joko hau sortzen hainbat erakundek parte hartu dute, besteak beste, Soziolingustika klusterra eta Elhuyar Aholkularitza Enpresa

Bestalde, Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Euskal Herriko Unibertsitateak sinatu duten hitzarmenari esker, hiru egun hauetan gazteek ateratzen dituzten ondorioak oinarri hartuta, azterketa bat aurrera eramango dute Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko graduko ikasleek.

Esperientzia oso emankorra

EkoLingua jokoan oinarrituriko dinamika modu pilotuan jarri zen martxan Donostian 2016ko azaroan. 110 gazte elkartu ziren iaz eta esperientzia oso positiboa izan zen: talde guztietan elkarrizketa eta eztabaida biziak piztu ziren eta benetako parte hartzea izan zen. Hori dela eta, aurten berriro martxan jartzea erabaki da. Miren Azkarate 2016 Hiriburutzako, Kulturako, Euskarako eta Hezkuntzako zinegotziaren esanetan “EkoLingua balio handiko ekinbidea da 16 urtetik 20 urte bitarteko gazteak hizkuntzen inguruan aritzeko, hausnartzeko eta iritziak trukatzeko aukera ematen baitu.

Informazio gehiago

Itzuli