Albisteak

Amarapedia: QR kodeak jartzeko jarduerak

Uda honetan jarriko dira Amarapedian sartutako hainbat artikuluen lehen QR kodeak, eta horretarako Amarako jai ezberdinek aukera bikaina eskaintzen dute auzotarren aurrean egitasmoa aukezteko. Gainera, lehen QR hauen jartzea jarduera ezberdinekin lagunduko da, auzoko jai ezberdinen programa aberastuz eta unearen izakera parte-hartzailea azpimarratuz.

Amarapedia Amara auzoa eta Wikipedia uztartzen dituen egitasmoa da, auzoari buruzko ezagutza bildu eta bultzatu nahi duena. 2015ean abiatu zen, Olatu Talka jaialdian, Donostia Kultura, DSS2016, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzua eta wikilari ezberdinen eskutik, Ernest Lluch Kultur Etxeak koordinatuta.

Berez, Amarapedia Ernest Lluch Kultur Etxeak, eta bereziki bere liburutegiak, indarrean duen Amarauna proiektuaren lan-ildoetako bat da. Proiektu honek Amarako iragana eta orainaren ezagutza indartzea, auzoarekin zerikusia duten gaien inguruko eztabaida bultzatzea eta eragile ezberdinen arteko harremanak sendotzea du helburu.

Amarapedia arnas luzeagoko Donostiapedia egitasmoaren abiapuntu ere izan da. 2016 urtean Europako Kultur Hiriburuak eta Wikipediaren hamabosgarren urteurrenak bat egiten dutela aitzakia hartuta, Wikipedia-hiri bihurtuko baita Donostia, Amaran auzo gisa landutakoa hiri osora zabalduz.

Amarapediaren helburu nagusia Wikipedian Amarari buruzko artikuluak sortzea da, ahalik eta hizkuntza gehienetan, baina bereziki euskaraz, Amarapediak euskal Wikipedia indartu nahi baitu ere. Artikuluak wikilari ezberdinek eta kultur etxeko liburutegiak sortuko dituzte.

Gaur egun Amarapedia 113 artikuluk osatzen dute (hauetako 80 2015eko Olatu Talka jaialdian sortu ziren). Euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez eta baita katalanez, txekieraz, norbegieraz edota polonieraz aurkitu daitezke artikuluak sorta honetan. Hizkuntza gehien dituen artikulua Urumea ibaiarena da: 12.

Amarapediak QR kodeak erabiliko ditu ere, kaleko gune ezberdinetan kokatuko direnak. Horri esker, telefono adimentsuek hainbat hizkuntzatan izango dute sarbidea Amarari buruzko Wikipediako artikuluetara (eraikinak, pertsonaiak, kaleak, eskulturak, ekipamenduak, zubiak, elizak, plazak, kirola, liburuak...). Modu honetan, auzoa “wikitzen” joateaz gain, amaratarren artean egitasmoa ikusgarri egin nahi da, haien partaidetza proiektuaren ardatz nagusietako bat baita.

Hauek dira kalean QR kodea izango duten lehen lau artikuluak:

Aita Donostia

QR kode hau Ikasbide Kultur Elkarteak San Juan egunaren inguruan antolatzen dituen jaiekin batera kokatuko da, Aita Donostia Plazan, ekainaren 18an, 20:etan.

Caracasko Gipuzkoar Errege Konpainia

QR kode hau Amara-Osinagako Bizilagun Elkarteak antolatzen dituen Karmengo jaietan kokatuko da, Caracasko Gipuzkoar Errege Konpainia kalean, uztailaren 16an.

Osasun iturria

QR kode hau Easo Plazan ospatzen diren Amara Zaharreko jaietan jarriko da, plaza horretan bertan dagoen iturriaren alboan, uztailaren 29an.

Iesu Eliza

QR kode hau Loiolako Erriberetako Bizilagunen Elkarteak irailan antolatzen dituen jaietan jarriko da, irailaren 17an hain zuzen ere.

Itzuli