Albisteak

Beste Hitzak: Eslovenian egonaldia egiteko euskal idazleentzako deialdia

Abian da Euskal Idazlearen aukeraketa prozedua. Oraingo hau 3. edizioa izango da, eta 2017ko udan, Eslovenian zortzi asteko sorkuntza-egonaldia burutzea du xede.

Deialdira proiektu proposamenak helarazteko epea apirilaren 30ean amaituko da. Egonaldia 2017ko ekainaren 5a eta uztailaren 24a bitartean egingo da.

Zer da Beste hitzak–Other Words deialdia

Europako zenbait hizkuntza komunitate txiki edo/eta gutxituen arteko literatur trukerako sarea da Other Words. Urtean komunitate bakoitzeko bazkide banak bi idazle hautatzen ditu Europako beste bi lurraldetan egonaldiak burutzeko; eta beste lurraldeetatik datozen bi idazleri harrera egiten die. Egonaldi horietan sortzen diren lanak komunitate parte hartzaileen hizkuntzetara eta ingelesera itzultzen dira, eta webgunean zein paperean zabaltzen.

Irlanda, Mazedonia, Eslovenia, Frisia eta Euskal Herria dira parte hartzen duten lurralde zein herrialdeak. Proiektuaren Euskal Herriko ordezkari ofiziala, eta bazkide liderra, Donostia Kultura da; halaber, DSS2016EU Fundazioa, Euskal Idazleen Elkartea eta beste zenbait eragile bidelagun ditu programa aurrera eramateko.

Proiektuaren HELBURU NAGUSIAK

  • Hizkuntza gutxitu eta txikietan idatzitako literatura ohiko mugez gaindi ezagutarazten laguntzea.
  • Hizkuntza aniztasunaren balioa azpimarratzea, arreta berezia jarriz hizkuntza gutxitu eta txikietan eta itzulpenaren zereginean.
  • Literatur sistemaren prozesu osoa ikusaraztea, eta bertako eragileen (idazle, itzultzaile, antolatzaile…) lana publiko zabalari ezagutaraztea.

PROZEDUA

Hautagaiek deialdiaren argitalpenetik apirilaren 30a arteko epea izango dute proposamenak aurkezteko. Proiektu bat proposatzeko bi bide daude:

  • Posta elektronikoa: beharrezko agiriak donostiakultura@donostia.eus helbidera bidaltzea ohiko formatu informatiko batean (.pdf, .odt, .doc).
  • Posta arrunta: beharrezko agiriak, gutun ziurtatu bidez, hona bidaltzea: BESTE HITZAK-OTHER WORDS proiektua. Donostia Kultura. Erregina Erregeordearen kalea, 8. 20003 Donostia.

Balorazio Batzordearen hautaketaren berri emango da www.bestehitzak.eus, www.otherwordsliterature.eu eta www.donostiakultura.eus webguneetan, prentsa-ohar bidez eta onuradunei, eman duten helbidera zuzenduz.

AURREKO EDIZIOETAKO IDAZLEAK

Euskal Idazleen lehen egonaldia Ekaitz Goienetxeak egin zuen, Eslovenian, 2016ko martxoa eta maiatza bitartean; bigarrena, Yoseba Peñak, Irlandan, 2016ko udazkenean; oraingoa, beraz, euskal idazleak aukeratzeko hirugarren deialdia izango da.

EPEAK

Deialdira proiektu proposamenak helarazteko epea apirilaren 30ean amaituko da.

Egonaldia 2017ko ekainaren 5a eta uztailaren 24a bitartean egingo da.

Informazio gehiago: www.bestehitzak.eus

 

Itzuli