Albisteak

Donostiako Audiogiden aurkezpena, otsailaren 12an

Otsailaren 12an, igandean, 11:30ean Tabakalerako sarrera nagusitik “Donostiako Audiogidak”  aurkezteko ibilbide gidatua antolatu du Bagera Elkarteak.

Hizkuntzen inguruko sentsibilizazioa eta hausnarketa eragiteko asmoz, 2016an zehar Bagera Elkartea 2016 fundazioarekin elkarlanean, Euskarriak proiektuan murgilduta egon da. Hainbat euskarri diseinatu genituen parte hartze prozesu baten bidez, horien artean “Donostiako Audiogidak” proiektua.

Hizkuntzen inguruko sentsibilizazioa eta hausnarketa eragiteko asmoz, 2016an zehar Bagera Elkartea 2016 fundazioarekin elkarlanean, Euskarriak proiektuan murgilduta egon da. Hainbat euskarri diseinatu genituen parte hartze prozesu baten bidez, horien artean “Donostiako Audiogidak” proiektua.

Mapa batean 4 ibilbide kokatu dira euskararekin, memoriarekin, hizkuntza-aniztasunarekin edo kulturarekin lotutakoak, eta ibilbide horietan zehar hainbat puntutan audio azalpenak entzuteko aukera dago. Hauek dira sortutako lau ibilbideak:

1. Amara, Donostiako banbalina ezezagunak

Hiri baten hazkuntza, XX. Mendearen bigarren zatian (1950-2016). Nekazal mundutik mundu urbanora.

Egilea: Ernest Lluch liburutegia

2. Donostiako euskal idazleen urratsen atzetik

Donostiako mapan kokatutako hainbat euskal idazleren arrastoa jarraituz haiek idatzitako literaturaren pasarte batzuk entzuteko aukera dugu, hiriaren txoko ezagun eta ez hain ezagunak ezagutu bitartean.

Fito Rodriguezen laguntzari esker.

3. Donostiako hizkuntzak historian zehar

Mikel Zalbideren azalpenetan oinarritua.

Euskaraz ala erdaraz egin izan da Donostian, joan den mendeetan? Erdaraz egin denean, zer erdaraz? Noiz egin izan da euskaraz, eta noiz erdaraz? Hitzez ala idatziz egin izan da euskaraz / erdaraz? Zer lekutan, eta zer gairi buruz, egin izan da batean edo bestean? Nork-Norekin egin izan du horrela?

Galdera askotxo dira horiek. Eskain ditzakegun erantzunak, aldiz, ahulak dira, xumeak. Duda-mudazkoak ere bai, hainbat kasutan.

Erantzun osorik ez, baina hainbat azalpen bildu ditugu hemen, Mikel Zalbideren ahaleginari esker.

Oharra: nolabaiteko gizarte-dimentsioa izan duen mintza-jarduna hartu da kontuan lan honetan, gertakari bakan eta isolatuak alde batera utzirik. Unean uneko gertakari horiek alde batera uzten baditugu, badirudi sei bat hizkuntzak bere arrastoa utzi duela Donostiako perspektiba sozio historikoan: esan dezagun, laburbilduz, latinak, gaskoi-erdarak, euskarak, gaztelaniak, frantsesak eta, antza, esterlin-hansatarren behe-alemanak berariazko leku(txo)a izanik dutela Donostiako historian. Leku zabal, iraunkor eta ondorio sakonekoa izan dute batzuek, edota aski axalekoa (eta ez hain iraupen luzekoa) besteek.

4. Euskararen Donostia

Hizkuntza baten berreskurapenerako gakoak

Hizkuntza baten berreskuratze bidean garrantzi handikoa da hizkuntza horren erabilera garatzea hainbat esparrutan: irakaskuntzan, hedabideetan, corpusean, lan munduan, kulturan eta administrazio publikoan. Euskararen berreskurapenerako aurrera eraman diren ekimen guztiak martxan jartzerakoan funtsezkoak izan dira mugimendu sozialak, herri mailakoak naiz nazio mailakoak. Ibilbide honetan Donostian euskararen berreskurapenean klabeak izan diren hainbat momentu historiko, ekimen, erabaki, pertsonaia, toki, etab. bisitatuko ditugu.

Euskararen Historia txikia Donostian, Koldo Izagirreren liburuan oinarritua

Audioak hainbat hizkuntzatan entzungai daude (euskaraz, gazteleraz, katalanez, galegoz, frantsesez eta ingelesez).

Proiektu honen aurkezpena egin asmoz, otsailaren 12an, goizeko 11:30ean, bi orduko ibilbide gidatua antolatu dugu Tabakaleratik hasita “Donostiako idazleen urratsen atzetik ibilbidea” erakusteko.

Ez dugu egingo mapa interaktiboan dagoen ibilbide zehatza, ibilbide hori nahiko luzea delako, baina aproposa iruditu zaigu bertan azaltzen den edukia bestelako geldialdi batzuk eginez azaltzea. Audiogidak erabili ordez, ibilbide hori edukiz jantzi duen Fito Rodriguezek emango dizkigu azalpenak beste lagun batzuen laguntzarekin batera.

Itzuli