Albisteak

Donostiako egoera soziolinguistikoa testuinguru historiko batean kokatuta

Euskaltzaindiak eta Donostia 2016k antolatuta, hiria eta Europako hizkuntzen perspektiba sozio-historikoa aztertuko dute, abenduaren 20an, 9:30-14:00 ordutegian. Hizlarietako bat izango da Lionel Joly ikertzailea.
Donostiako egoera soziolinguistikoa testuinguru historiko batean kokatzeko beharra ikusten zuen Euskaltzaindiak. «Hiria Europako beste hizkuntzez inguratuta dago, eta nolabaiteko nazioarteko izaera du. Pentsatu genuen interesgarria izan zitekeela eta bat zetorrela Donostia 2016 Kultur Hiriburutzaren helburuekin; horregatik, elkarlanean aritzeko proposamena luzatu genien», azaldu du Euskaltzaindiko Euskararen Historia Soziala egitasmoko ikertzaileak.

Proiektua onartu eta lanean jarri ziren buru-belarri. Iaz, hizkuntzen, eta, bereziki, euskararen historia sozialaren eredu metodologikoa prestatu zuten, eta liburu batean argitaratu zuten egindako lana. Orain, teoria hori guztia praktikan jarriko dute, Donostia eta Europako hizkuntzen perspektiba sozio-historikoa jardunaldien bitartez. Asteartean izango dira –hilak 20–, 9:30etik aurrera, Luis Villasante Euskararen ikerguneko Tolare baserrian (Almortza bidea, 6). Parte hartu nahi duenak izena eman dezake info@euskaltzaindia.eus posta elektronikora idatzita edo 94 415 81 55 telefono zenbakira deituta.

Itzuli