Albisteak

Donostiako Poltsiko Antzerkiaren 26. jaialdia otsailaren 2tik 19ra

Donostia Kulturak, Kultur Ekintza Sailaren bitartez, Poltsiko Antzerkiaren Jaialdiaren beste edizio bat aurkezten du. Hogeita seigarrena dugu oraingoan, eta otsailaren 2tik 19ra bitartean izango da. Aurtengo jaialdian, aipatzekoa da otsailaren 18an egingo den amaierako festa. Formatu txiki eta ertaineko antzerki ikuskizunen askotariko proposamenak osatzen du programa. Helburua da hiriaren antzerki programazioa herritarrei (batez ere publiko gazteenari) hurbiltzea.

Jaialdi honen xede nagusia da barietate antzerkia helaraztea bai bere ohiko jarraitzaileei, baita tradiziozko espazio eszenikoetara joaten  ohituta ez dagoen publikoari ere. Horregatik, jaialdi honek bereizgarri du antzezpenetarako oso ohikoak ez diren agertokietan saioak programatzea. Alabaina, agertoki horiek publikoarengandik hurbil dauden espazioak eta lekuak dira (adibidez, tabernak), eta, gainera, oso obra mota berezia ahalbidetzen dute: antzerkia, clown, umorea eta musika izango dira jaialdi honen osagai nagusiak, eta gaurkotasuna eszenaratuko da kritikarekin eta urratzearekin nahasita, bizi dugun munduari buruzko ikuspegi desberdina eskaintzeko.

Programazioak, bai garatzen deneko espazioengatik, bai jaialdian bildutako proposamenengatik, bidea ematen du formatu txiki eta ertaineko obrak antzezteko eta proposamen eta ideia berriekin esperimentatzeko. Ildo horretatik, kultur etxeen eguneroko lanaren adibide argia da, ikuspegi desberdina ekartzen baitiete hiriko programazio kulturalei, herritarrengandik hurbil dauden ekipamenduetan.

Bestalde, edizio honetan parte hartuko dute euskarazko antzerkigintza proiektuen 7. deialdian irabazle eta finalista suertatu ziren taldeek. Proiektu horiek Donostia Kulturak antolatzen ditu, Poltsiko Antzerkiaren esparruan, Euskara Zerbitzuarekin eta Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearekin lankidetzan.

Zehazki, obra hauek dira: Anodino Teatroa taldearen Erbeste (edizio honetako irabazlea) eta Joseba Usabiagaren Ni ala zu (finalista). Ekimenaren arrazoia da poltsiko antzerkiaren eta, oro har, formatu txikikoaren esparruan euskaraz dagoen eskaintza urria bultzatzea. Hortaz, formatu txikiaren barruan euskarazko sorkuntza sustatzea du helburu nagusia. Proiektu irabazleak 4.000 euroko laguntza jasoko du, eta finalistak 3.200 eurokoa, antzezlana garatu eta ekoizteko.

Hona hemen Poltsiko Antzerkiaren 26. Jaialdian egongo diren euskarazko emanaldiak:

Saio guztiak doan izango dira.

 

UMOREA. Jose Kruz Gurrutxaga

Altza. Bizargorri taberna. 20:00 (otsailaren 2a)

Bakarrizketalariak hitz jokoetan oinarritutako ikuskizuna eskainiko du, umorea eta ikuskizuna berme hartuta.

 

BARRETAN BLAI. Ion Martínez (Txiki)

Egia. La Taberna. 21:00 (otsailaren 3a)

Umorezko bakarrizketa, euskararen eta euskaldunen presentzia duena.

 

ERBESTE. Anodino Teatroa

Loiola. Ardube. 20:00 (otsailaren 3a)

Egia. Taba. 20:00 (otsailaren 5a)

Herrera. El Nido taberna. 20:00 (otsailaren 17a)

Bidebieta. Kontadores. 20:00 (otsailaren 18a)

“Antzerki Sorkuntza” lehiaketaren 7. edizioko komedia irabazlea 2017an.Antzezlan honetan gogoeta egiten da familia desegituratu baten joan-etorrien eta gori-gorian den matxismoaren gaitzaren inguruan.Horretarako, Adam eta Evaren bizitzari buruzko pasarte biblikoak erabiliko dituzte.

 

NI ALA ZU. Joseba Usabiaga

Intxaurrondo. Aitonen Etxea. 19:00 (otsailaren 9a)

Martutene. Etxarriene. 20:00 (otsailaren 10a)

Amara. Apitxin. 19:00 (otsailaren 12a)

Añorga. Jolas Etxea. 20:00 (otsailaren 17a)

“Antzerki Sorkuntza” lehiaketaren 7. edizioko finalista.Honako hauek agertzen dira: psikiatriko bateko musika gela, musikari bat eta “musikarekin erotuta” dagoen pertsona bat, bere arazoa gainditzeko terapia behar duena.

 

ESPUELA NAHI  (Lanku)

Gros. Ni Neu. 20:30 (otsailaren 9a)

Ikuskizun honek bertsolaritza, antzerkia eta musika batzen ditu.

 

SKIZOPOZIKS. Markos Gimeno

Igeldo. Kultur Etxea. 19:00 (otsailaren 19a)

Eskizoberbak dira SkizopozikS errezitalaren ardatza.Eskizoberbak berba jokoak dira, euskararekin eta gaztelaniarekin jolasten duten “poemak”, betiere modu homofoniko, eskizoide eta dibertigarrian.

Amaierako FESTA Egiako EL ANDÉN tabernan egingo da otsailaren 18an, 21:00etan. Beste batzuen artean iazko euskarazko sorkuntzako irabazlea izan zen Nomofobika taldeak, Txikik, Yogurina Borovak eta Fabiolok eskainiko dituzte bere ikuskizunak.

Itzuli