Albisteak

Donostiapedia XXI. mendeko auzolan digitala

Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuak eta Wikipediaren hamabosgarren urteurrenak bat egiten dutela aitzakia hartuta, Wikipedia-hiri bihurtuko dugu Donostia. Nola? Bada hiriko eragileekin lankidetzan, hiriaren historia eta kulturari buruzko artikuluak argitaratu eta edonorentzako eskuragarri jarriz. Hiriko leku esanguratsuetan kokatutako QR kodeek mundu fisiko eta digitalaren arteko lotura sortuko dute, erabiltzaileari artikuluak bere hizkuntzan erakutsiz.

Wikipediako ezagutza eta hiritar eta bisitarien esperientzia uztartu nahi ditu ekimenak. Donostiari buruzko ezagutza bildu, eta gure hizkuntzetan ez ezik, ahalik eta hizkuntza gehienetara zabaldu. Horrekin batera euskal Wikipedia indartzea eta hiriari buruzko informazioa handitu, zabaldu eta modu errazean eskuragarri jartzea ere lortu nahi du proiektuak.

Arnas luzeko proiektua da dudarik gabe, kultur hiriburutzaren baitan hasera eman eta aurrera begira bere ibilbidea egingo duena. Abiapuntu gisa, ekimen konkretu sorta definitu dugu: Donostiapedia Liburua, Amarapedia auzolandegia, Bake Itunak 40x40 editatoia... Guztietan hiria bera eta hiritarrak izango dira protagonista, Donostiari buruzko ezagutza sortuz eta zabalduz.

 

Jarduera nagusiak

Donostiapedia: auzolanean eraikitako liburua

Norbanako eta elkarteek Wikipedian egindako ekarpenekin liburua argitaratuko dugu 2016 amaieran: arkitektura, historia, literatura, pertsonaia ezagunak... gai-zerrenda orokor batetik abiatuta, aditu-talde baten laguntzaz, hiriari, kulturari, hizkuntzei buruzko artikuluak definituko ditugu horiek landu eta elkarlanean liburua osatzeko.

Egindako ekarpen guztiekin, urte amaieran paperean aterako dugu liburua. Autore gisa, ekarpen guztien egileak agertuko dira. Munduan egile gehien dituen liburua izatea lortu baietz!

Jendearen ekarpenekin osatu nahi dugu liburua.  Liburuaren Egunean zabalduko da eta gaiak proposatzeko edo ekarpenak jasotzeako bi bide daude e-mail bidez  hirikia@dss2016.eu helbidera idaztea da bata; eta paperean idatzita hirian zehar aurkituko dituzun postontzi berezietan uztea, bestea.

Hiriko kultura eta hezkuntza erakundeekin elkarlana

Erakunde hauek mendeetan zehar ezagutza bildu eta hedatzea izan dute helburu; Wikipediak bezalaxe. Ekitaldi eta jarduera jakinez harago, lankidetza hauen lan egiteko modu berri batzuk txertatu nahi ditu erakunde horiek eta wikilarien komunitatearen artean, bien ezagutzen arteko elkartrukea eman dadin.

Erakundeekin batera egin beharreko lana koordinatu eta dinamizatzeko, Wikilari Egoiliarren programa jarri du abian DSS2016k. Hau da, denbora-tarte jakin batean (4-5 hilabete), erakunde eta Wikipediaren arteko loturak sustatuko dituen wikilariaren figura: tailerrak antolatuz, edukiak askatzeko prozedurak martxan jarriz, egindakoa komunitatean azalduz... Ondoko hiru proiektuetan arituko dira Wikilari egoiliarrak:

Bakearen alde Wikitzen

Bake-itunak proiektua oinarri gisa hartuta, historian zehar bakeak izandako errepresentazioei buruzko erakusketa, hitzaldi eta ekoizpenak biltzen dituena, Wikipedian sartzeko ahalegina egingo dugu. Uztailaren 9an, San Telmo aurrean dagoen Zuloaga plazan, nazioarteko edizio maratoia egingo dugu, 40x40 erronka , bakea eta elkarbizitzarekin lotutako elementuak ahalik eta hizkuntza gehienetara itzuliz. Horrez gain, hitzaldiak eta aurkezpenekin osatuko da jardunaldia.

Haur eta gazte literatura wikiproiektua

Donostiako Udal Liburutegiko Haur Liburuaren Dokumentaziogunea, Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskola eta Wikilarien arteko lankidetza proiektu honek, Haur eta Gazte Literatura eta Wikipediaren arteko zubiak sortu nahi ditu, idazle eta ilustratzaileei buruzko artikulu eguneratu eta ondo dokumentatuak sortuz.

Zientzia eta Wikipedia

Udazkenean martxan jarri nahi dugun hirugarren programa honek, Wikipedia eta zientziaren arteko elkarlana sustatu nahi du. Horretarako, UPV/EHU izango du bidelagun.

Wikipedia Loves Libraries

Liburutegiak gizartearentzat ezagutzarako sarbideak dira. Interneten etorrerarekin eta informazio digitalaren hazkundearekin, liburutegiak guneak dira hiritarren parte hartzerako, kultura ondarea zaintzeko, eta informazio askea partekatzeko, beren ohiko eginkizunak eutsiz, hau da, paperean eta digitalean dauden dokumentuen bildumak gorde beraien berrerabilpena ahalbidetuz.

Ezagutzaren inguruan lan egituen duten erakundeak G.L.A.M.akronimoaren azpian biltzen dira, hots, Galeriak, Liburutegiak, Artxiboak eta Museoak.Funtsean, kultur ondarea gordetzen dituzten erakundeak biltzen ditu.

Liburutegiaren eguna dela eta, mundu osoan egiten den Wikipedia Loves Libraries ekimenari batuko gatzaio, eta horretarako, hainbat jarduera antolatuko ditugu Donostiako liburutegi, mediateka, museo eta artxibategiekin batera:

  • Hitzaldiak: eduki askeen inguruan.
  • Take Donostia: argazki rally askea.
  • Musika kontzertu askean liburutegietan.
  • Edizio lantegiakNoiz: urriak 22-24

Goian aipatutako guztiez gain, hilero izango dira ikastaro, erakusketa, bilkura eta bestelako ekimenak Donostia Wikipedia hiri bihurtzeko asmoz.

Itzuli