Albisteak

Donostiapedia liburua abenduaren 15ean aurkeztuko da DSS2016EUren egoitzan

Urte osoko lanaren ondoren Donostiapedia liburua aurkeztuko da abenduaren 15ean Donostia 2016ren egoitzan 18:00etan. Parte hartu duten herritar guztiei euren lana eskertzeko antolatutako ekitaldia izango da.

Donostia 2016k sustatutako proiektua da, beste hainbat eragilerekin elkarlanean, Wikipediako ezagutza eta herritar eta bisitarien esperientzia uztartzeko.

Donostiapedia liburuak, Donostiari buruzko ezagutza bildu, Euskal Wikipedia indartu eta hiriari buruzko informazioa handitu, zabaldu eta modu errazean eskuragarri jartzea lortu du. Horretarako, urtarrilean abiatutako egitasmoak urte osoan zehar lantegiak eta doako ikastaroak antolatu ditu eta 35 bat lagunek hartu dute parte. Egitasmoa Donostia 2016, Europako Kultur Hiriburuak, Donostia Kulturak, Donostiako Udaleko Berdintasun atalak eta Euskara Zerbitzuak bultzatu dute.

Auzolanean eraikitako liburua da, idazleen artean herritar anonimoak baitaude euren ezagutza eta jakinmina partekatzeko nahiak bultzatuta. Proiektu honen helburuetako bat gai konbentzionalak ez diren horiek jorratzea izan da, beti diskurtso handien bazterrean geratzen den informazioa balioan jartzeko, hain zuzen ere txikia delako edo albiste ez delako. Horrela, edukiei dagokienez, 115 artikulu jorratu dira, horien artean aipatzekoak dira, besteak beste, Donostiako Udalaren Hiriko Telefono Sarea, 1908 eta 1970 bitartean udalak izandako zerbitzu propioa, edota Larratxoko gizarte-mugimendua, 1970 eta 1990 hamarkaden bitarteko gizarte-historia jasotzen duen artikulua.

Donostiapedia liburua lau ataletan antolatuta dago: hiriaren ezaugarriak; historia; gizartea eta kultura. Horietako bakoitzak, ilustratzaile donostiar baten margolana darama azalean, liburuari balio erantsia emanez. Horrela, Mikel Casalek, Aitziber Alonsok, Iñaki Martiarenak-Mattinek- eta Maite Caballerok euren rotuladoreen bitartez ukitu berezia eman diote.

Donostiapedia liburua inongo konpentsaziorik gabe, ezagutza partekatzeko plazer hutsagatik egindako ekarpena da. Nahiz eta paperera ekarri, liburuak ez du amaierarik eta bizirik dago Wikipedian, aldaketa etengabean. Eduki guztiak eskura geratzen dira orain Wikipedian, osatzeko, zabaltzeko eta hobetzen jarraitzeko.Liburua abenduaren 15eko ekitaldian banatuko da, eta abenduaren 19tik aurrera, eskuratzerik izango da Donostiako liburutegietan, Emakumeen Etxean eta Euskara Zerbitzuaren bulegoetan.

Itzuli