Albisteak

Etxealdia, hizkuntza ohiturak aldatzeko bidea

 

 

 

Koronabirusak eragindako konfinamenduak behartuta, etxekoen arteko harremanak biderkatu egin zaizkigu egun hauetan ezinbestean, bai aurrez aurre, bai telefonoz; eta, zalantzarik gabe, egoera bitxi eta berri honen aurrean, aukera berriak zabaldu zaizkigu. Guk horietako bat proposatu nahi dizuegu.



Hizkuntza ohiturak aldatzeko urte amaierarako antolatu den Euskaraldirako motorrak berotzen has gaitezke. Eta horretarako, abagune ezin egokiagoa daukagu... Zergatik ez egin Etxealdia? Animatu! Hona hemen ariketa ahalik eta hobekien egiteko zenbait aholku:

 


1.  Hitz egin gaiari buruz. Orain astia dugu gauzak beste patxada batez hartzeko. Atera gaia eta zuen ohiturez gogoeta egin: zein da zuen oraingo hizkuntza ohitura? zer nahiko zenukete?
2. Adosteko unea heldu da. Zer aldatuko dugu? Nola? Ahalegindu errealista izaten, posiblea dena adosten. Ez jo oso goitik, baina ezta behetik ere. Neurritsu jokatu.

3.  Goazen praktikara! Lasai, seguruenik gorabeherak izango dituzue, baina erabakia hartuta dago, esperimentatzen ari zarete. Dirudienez, egoerarik kritikoena 5-6. egunean etor daiteke. Adi! Adostu neurriak elkar zaintzeko.
4.   Eutsi, eutsi eta eutsi. Gure ohiturak eta errutinak aldatzea ez da erraza. Egia da egoera berria dela denontzako, baina ... errotutakoa aldatzea ez da samurra izaten. Sinistu emaitzetan, askok egin dugu bide hori eta. Irribarreak laguntzen du, baita umore onak ere!
5.  Hitz egin, solastu gaiaz egunero. Komentatu zuen artean lorpenak, oztopoak...  Eta, ospatu aurrerapausoak Etxealdian!
6.   Etxealdia amaitzean, ez erlaxatu, jarraitu eusten ohitura berriei, ez zarete damutuko.
7.  Etxealdian ikasitakoa/lortutakoa zabaldu etxetik kanpora, eta antzeko bidea proposatu inguruko lagun, ezagun eta lankideei.
Esperientzia hau bizita, askoz errazagoa izango da Euskaraldian lankideen arteko harremanei heltzea. Guk prestaketa lanekin jarraituko dugu, etxetik bada ere, udazkeneko ariketan elkarrekin parte hartzeko bideak zehazten, zuei ahalik eta errazen gerta dakizuen!


****************


Gaiari buruz gehiago jakin nahi?

Ezagutu gaiaren inguruan han eta hemen argitaratu dena. Ariketaren eraginkortasunaz hausnartzea ona da:

- Irten hizkuntzaren armairutik
- Goza daiteke gehiago
- Aldahitz, Eusle
- Soziolinguistika domestikoa


Zalantzaren bat baduzue, jar zaitezte gurekin harremanetan: udala_euskara@donostia.eus

Itzuli