Albisteak

Etxealditik Euskaraldira

Azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo den Euskaraldia prestatzeko asmoz, gaurtik, apirilaren 20tik, aurrera Etxealditik Euskaraldira ekimena jarriko da abian. Egitasmo honek bi helburu ditu: batetik, etxekoekin eta etxetik ditugun hizkuntza-ohituren gainean pentsaraztea eta bestetik, euskararen erabilera sustatzea, horretarako bitartekoak eskainiz. Ekimena hiru fasetan banatuko da eta maiatzaren 3an amaituko da.

Ekimenak hiru aldi nagusi izango ditu: aurkezpena, norberak bere eremu hurbilenean dituen hizkuntza-portaera eta ohituren gaineko hausnarketa eta ohiturak aldatu edo finkatzeko gauzagarriak diren ideien proposamena.

Ekimenak irauten duen bitartean, goizero-goizero Euskaraldiko facebook, instagram eta twitter kontuetan, ahobizi zein belarriprest Telegram kanaletan eta Euskaraldiko webgunean bideo labur eta mezu bidez emango dira ‘Etxealditik Euskaraldira’ ekimena gizarteratu eta parte hartzeko jarraibideak. Gainera, herriz-herri hedaturik dauden batzordeetako sare sozialen kontuetatik ere jarraitu ahal izango dira eguneroko argibideak.

 

Egutegia

Gaur, apirilaren 20an, argitaratuko da lehen mezua, “Etxealditik Euskaraldira” ekimena aurkeztu eta argibideak eskaintzeko mezua. Apirilaren 21etik 23ra, berriz, hizkuntza ohituren gaineko hausnarketa egiteko proposamena zabalduko da. “Norekin eta nola hitz egiten dugun eta zer aldatu edo zer mantendu nahi dugun ikusteko ariketa erraz bezain interesgarria proposatuko diegu herritarrei”, gaineratu du Rita Aldabaldetrekuk, Topaguneko teknikariak.

Azkenik, apirilaren 24tik 30era, egunerokotasunean eta ohiko egoeretan oinarritutako zazpi ideia-proposamen kaleratuko dira. “Egunero ideia bat sareratuko dugu, baina herritarren aukera izango da denak egitea edo batzuk aukeratu eta gauzatzea. Bakoitzak bere nahi eta erritmoetara egokitzea da asmoa.

Zazpi ideia horien azalpen-bideo edo proposamenak Euskal Herriko Euskaraldia batzordeetako zenbait ordezkarik eta kultur arloko zenbait lagunek egingo dituzte.

Ekimena maiatzaren 3an gauzatuko den ekitaldi bateratuarekin amaituko da. “Ekitaldi horren inguruko azalpenak apirilaren 30eko proposamenean azalduko ditugu. Baina komunitateari ikusgarritasuna eta batasuna ematea izango du helburu”.

 

Herritarren parte-hartzea

Ekimenak irauten duen bitartean, sare sozialen bidez zein fisikoki parte hartzeko bideak izango dituzte herritarrek. Horretarako, parte hartu nahi duten herritarrak ekimenean zehar sortutako bideoak edo ateratako argazkiak sareratzera animatu nahi ditu antolakuntzak. Guztiok guztion berri izateko, @euskaraldia aipamena eta #EtxealditikEuskaraldira erabiltzea baliogarriak izango dira. Etxeetan ere leiho eta balkoietan koloretako puntu bat jartzea eskatu zaie partaide guztiei, ekimenean parte hartzen ari direla adierazteko bide bezala.

 

Informazio gehiago

Itzuli